Bidaiari

Bilboko Zazpikaleak, Ipar Euskal Herriari so Lautan Hiru jaialdian: ‘Iparra galdu dugu’

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren zortzigarren edizioa egingo da Bilboko Zazpikaleetan. ‘Iparra galdu dugu’ lemapean, guztira, zortzi ikuskizun eskainiko ditu (otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an), begirada Ipar Euskal Herrian jarrita. Gainera, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle Klubari ere eutsiko zaio.

Jaialdiaren aurtengo kartela.
Jaialdiaren aurtengo kartela. (Euskaltzaindia.)

Bilboko Udalak babestutako Lautan Hiru antzerki jaialdiaren egitaraua, ohi legez, Euskaltzaindiak osatu du elkarlanean honako talde eta elkarteekin: Tartean antzerki konpainia, BIRA Kulturgunea eta 7Katu. Eszenatokiei dagokienez, bost lekutan eskainiko dira lanak: Kalderapekon, BIRAn, Cafe Bar Bilbaon, 7Katu gaztetxean eta Euskaltzaindiaren egoitzan.

Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerpenean, izan ziren, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia.

Urrutiak hasieratik proiektuari emandako babesa eskertu zion Bilboko Udalari, eta Zazpikaleetako eragileekin eginiko aliantza sendoa ere nabarmendu zuen: «Egitasmo arrakastatsua da Lautan Hiru, aurreko zazpi edizioek horrela erakutsi digute, eta esango nuke dagoeneko ezinbesteko bihurtu dela Bilboko kultur programazioan. Pozgarria da, baita bere, euskarazko antzerkiari zuzenean laguntzea, eta horrela egiten du Lautan Hiruk, modu xumean bada ere. Iaz lau estreinaldi egin ziren jaialdiaren eskutik, eta aurten beste horrenbeste izango dira».

Ondorengo urteetan ere horrela jokatu nahi dutela gaineratu zuern euskaltzainburuak, hau da, «gizartearekin eta erakundeekin elkarlanean, euskararen eta euskal kulturaren mesedetan».

Era berean, Lautan Hiru bezalako jaialdi batek edizio berriak egitearen garrantzia azpimarratu zuen Inunciagak. «Horrek esan nahi du bere publikoa eta espazioak dituela, bere familia. Dena euskararen, Alde Zaharraren, kulturaren, antzerkiaren eta ikasketaren inguruan gauzatua. Gero eta euskaldunagoa den Bilboren beste adibide garbi bat da Lautan Hiru», adierazi zuen.

‘Iparra galdu dugu’ leloa

Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, ‘Iparra galdu dugu’ lelo «zirikatzailea» baliatuz. Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerki profesionalak bizi duen egoera kaskarra salatu nahi da, eta, bide batez, bertan egiten diren lanak ezagutzera eman, «modu xumean bada» ere.

Aurtengo leloak antzerkia bera egiteko beharrezkoa den «zoro puntuari» ere egiten dio keinu, «euskaraz sortzearen ausardia ia suizidari, eta, nola ez, eszenatokira igo eta askotariko pertsonaien larruan sartzeko behar den erotze puntu horri egiten zaio gorazarre».

Hortaz, bi ikuskizun berezi emango dira Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren ‘Hautagaia’ eta Itzuli konpainiaren ‘Adriene Bergson-Johnson’ bakarrizketa. Halaber, eta iazko esperientziari eutsiz, apirilaren 17an antzerki-gaualdia izango da Baionako Biltxoko espazioan (19:00etan).

Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin antolatu du gaualdia, eta Bilbon emandako bi ikuskizun ikusteko aukera izango dute antzerkizaleek, hain zuzen, Hirigarairen ‘Hautagaia’ eta Gehibat antzerki konpainiaren ‘Zaku berekoak’.

Laguntza

Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an, Bilboko Udalaren babesarekin. Lehena Artekartu konpainiak eskuratu zuen, ‘Hauts artean’ lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, ‘Udaberria heldu da’ lanagatik.

2022koa eman barik gelditu zen. 2023koa Iruñeko La Piel konpainiak jaso zuen, ‘Beren izenez’ lanagatik, eta 2024koa Gilkitxaro konpainiak eskuratu zuen, ‘Alferrak, tunanteak, maleanteak’ piezarekin.

2025eko laguntza, berriz, Gehibat konpainiak eskuratu du, ‘Zaku berekoak’ antzezlanagatik, eta, ohi den legez, jaialdian estreinatuko da, hain zuzen, otsailaren 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Horrezaz gainera, beste hiru lan estreinatuko dira jaialdiaren eskutik: XXIII. Cafe Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin (Xabi Payaren ‘Ganbarako lana’) eginiko irakurketa dramatizatua, 7Katu gaztetxearekin batera ekoiztutako ‘Goiuri... grabatzen!’ pieza, eta Pantzo Hirigarairen ‘Hautagaia’.

Ikuse kluba

Orobat, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle Kluba antolatu zen estreinakoz, eta aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera emanez.

Bi ikuskizun hautatu dira horretarako, hain zuzen, otsailaren 12an BIRAn emango den ‘Igogailu batean amaitu zen mundua’ (amaHiru konpainiarena), eta otsailaren 26an 7Katu gaztetxean emango den ‘Adriene-Bergson-Johnson’ bakarrizketa (Itzuli konpainiarena). Ikuskizunak amaitu ostean, antzezleekin edo zuzendariekin berba egiteko aukera izango dute zaleek, EHAZEko kideek gidatutako solasaldian.

Iazko sistemari jarraituz, sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira (emanaldi bakoitza lau euro): ikuskizuna ematen den espazioan zabalduko dira leihatilak, ordubete aurretik (honela, ikuskizuna 19:00etan bada, 18:00etatik aurrera sarrerak erosteko aukera izango da). Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, bertaratutako publikoaren artean, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.