Amazonia, Aranzadi zientzia elkartearen Arkeologia Jardunaldietako ardatz
Aranzadi zientzia elkarteak XXIV. Arkeologia Jardunaldiak egingo ditu Donostian otsailaren 10etik 13ra, azken ikerketa arkeologikoei buruzko hitzaldiekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin eta Donostiako San Telmo Museoarekin batera antolatutako ekimenaren aztergai nagusia Amazoniako arkeologia izango da aurten.

Aranzadi zientzia elkarteak antolatutako XXIV. Arkeologia Jardunaldien helburua da euskal lurraldean egiten diren ikerketa arkeologikoak argitara ematea gai oso desberdinei buruzko hitzaldien bidez, eta, horrez gain, arkeologia bezalako diziplina zientifikoari balioa ematea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin eta Donostiako San Telmo Museoarekin batera antolatutako ekimenaren aztergai nagusia Amazoniako arkeologia izango da aurten eta azken ikerketa arkeologikoei buruzko hitzaldiekin osatu dute egitaraua.
Hitzaldi guztiak otsailaren 10etik 13ra bitartean izango dira, San Telmo Museoan, 19:00etan hasita. Eduardo Neves (Indianiako Unibertsitatea, AEB), Iñigo Olalde (EHU), Zohartze Galan (Arkeolan) eta Marian Medina (Kordobako Unibertsitatea, Espainia) dira hizlariak. Honako hitzaldi hauek eskainiko dituzte, hurrenez hurren: ‘Jatorrizko herriek nola sortu duten Amazonia’, ‘Arkeogenetikaren iraultza: historiaurreko gizarte antolamendua ikertzeko tresna berria’, ‘Gipuzkoako aztarnategi arkeologikoetako Erdi Aroko larrua eta oinetakoak’ eta ‘Altxerriko arte paleolitikoa duen haitzuloari buruzko diziplinarteko datu berriak’.
‘Amazoniak. Antzinako etorkizuna’ erakusketa
Gainera, Eduardo Nevesen mintzaldia ‘Amazoniak. Antzinako etorkizuna’ erakusketarekin lotuta dago, apirilaren 12ra arte San Telmo Museoan ikusgai dagoena, bertan parte hartu baitu Nevesek berak. Museoak berak antolatua eta Bartzelonako CCCBk ekoitzia, erakusketak Amazoniako kulturari begirada korala eskaintzen dio, bertako ahotsak aldarrikatuz, artea, pentsamendua, edota zientzia oinarri hartuta, naturarekin bizitzeko eta erlazionatzeko beste modu batzuk planteatzen dituztenak.
Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira San Telmo Museoan eta streaming bidez ere ikusi ahal izango dira museoaren Youtube kanalean. Hitzaldietarako sarrera librea eta doakoa da lekua bete arte.