Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasa turistikoa 0,75 eta 5 euro artekoa izango da gaueko
0,75 eta 5 euro arteko tasa turistikoa ezarri dute gau bakoitzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Ostalaritza establezimendu motaren arabera erabakiko dira zergak eta udalek hobariak edo errekarguak aplikatu ahal izango dituzte ostatuko plazen arabera: 750 ostatu plaza gainditzen dituenean, 7,5 euro gehienez.

Tasa turistikoaren inguruko arauaren aurreproiektua publikoaren esku jarri dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Gobernuek onartu ondoren, proiektuak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko dira, eta uda baino lehen oniritzia eman diezaiekete, nahiz eta indarrean jartzeak ez duen bermatzen berehala aplikatzea, udalek dutelako azken hitza. Sei hilabete izango dituzte ordenantza fiskalak arau berrira garatzeko edo egokitzeko.
Herrialde bakoitzeko aurreproiektuak ia berdinak dira; ostatu turistiko guztietan zerga ordaindu beharko da gau bakoitzeko. Horiek arduratuko dira bezeroari zerga eskazteaz eta gertatzen diren egonaldiei buruzko informazio zehatza dagokion udalaren esku jartzeaz.
Zerrendan daude hotelak, pentsioak, apartamentu turistikoak, kanpinak eta kanpatzeko beste modalitate batzuk, nekazaritza turismoak, landa etxeak, aterpetxeak, erabilera turistikoko logelak eta itsas bidaiako ontziak Horietako bakoitzak tasa batzuk ditu finkatuta, gutxieneko eta gehieneko tarteetan mugitzen direnak.
Hobariak eta errekarguak
Udalek zerga kuotaren gaineko %100erainoko hobaria ezarri ahal izango dute udalerrian ostatu hartzeko plazen kopurua 25ekoa edo txikiagoa denean. Aldiz, %50erainoko errekargua ezarri ahal izango dute 750 plaza iristen direnean edo gainditzen dituztenean.
Errekargu horiek gabe, zerga handiena 5 izarreko hotelek eta itsas bidaiako ontziek jasoko lukete –2,5 eta 5 euro artean–, eta izar bateko hotelek, aterpetxeek, pentsioek, nekazaritza turismoek eta kanpinek, berriz, 0,75 eta 1,50 euro artean.
Aurreproiektuak salbuespenak planteatzen ditu administrazio publikoek helburu turistikoekin antolatutako programa sozialek diruz lagundutako egonaldien kasuetan; adingabeak eta %65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonak edo II. edo III. graduko mendekotasuna dutenak.