Bidaiari

SanfermIN Espazioa, Sanferminei buruzko esperientziagunea, berriz zabalik Iruñean

Iruñeko SanfermIN Espazioa berriz zabaldu da, urtarrilaren 5etik itxita egon ondoren, klimatizazio-instalazioen mantentze-lanengatik. Esperientziaguneak aukera ematen die bisitariei ingurune irisgarri eta kokapen pribilegiatu batean festa zer den ikusi eta sentitzeko.

SanfermIN Espazioa.
SanfermIN Espazioa. (Iruñeko Udala.)

SanfermIN Espazioa San Domingo aldapan dago, entzierroaren ibilbidearen hasieran. Sanferminei buruzko esperientziagunea da: murgiltzeko espazio bat, non irudiekin, soinuekin eta beste baliabide batzuekin jolasten baita, festan erabat murgiltzeko esperientzia sortze aldera.

Sanferminak erreferente dira mundu osoan, eta Iruñea hiri-ekitaldi eta -ospakizun handien nazioarteko mapan kokatu dute, hirira bisitari ugari erakarriz.

SanFermIN! Espazioa esperientziaguneak bisitariei aukera ematen die, ingurune irisgarri eta kokapen pribilegiatu batean, festa zer den ikusi eta sentitzeko.

Ez da museo bat, ezta interpretazio-zentro bat ere; aitzitik, murgiltze-esperientzia bat eskaintzen du sanferminik gabeko urteko ‘356 egunetan’, eta sanferminak errepikaezin egiten dituzten alderdi nagusien berri ematen du: festa herrikoiak, historikoak, kulturalak, irekiak, alaiak, internazionalak eta adin orotarakoak.

Funtzio hori betetzeaz gain, turismo-informazioko gunea ere bada eta bisitariei Iruñean dauden baliabideei, azpiegiturei eta turismo-aukerei buruzko informazioa eskaintzen die.

Gunearen banaketa eta edukiak

Esperientziaguneak hainbat espazio ditu 90 metro koadrotan, non soinu, kokapen eta irudiekin jolasten den Sanferminetan erabat murgiltzeko.

Zentroa bi eremutan banatuta dago: harrera egiteko gunea eta esperientzia-eremua, erakargarri nagusia. Bi eremuek diseinu minimalista dute; gorria, zuria eta beltza erabili dira, festen oinarrizko koloreak alegia.

Lehen eremua bisitarien harrera- eta arreta-gunea da. Bertan harreragunea dago, Sanferminei buruzko aipamenekin pantaila, kartel eta eduki estatikoetan. Gainera, zentroko langileek Sanferminei buruzko informazio espezifikoa eta Iruñeko turismo-eskaintzari buruzko informazio orokorra ematen dute bertan.

Ispiluen labirintoa

Bigarren eremua, berriz, Esperientziagunea da. Errezel gorri handi baten atzean dago; behin hura igarota, bisitariak ibilbide batean sartuko dira, ispilu-labirinto batean. Ispiluok festan murgilduko dituzte bisitariak.
 
SanFermIN! Espazioak ez du ordena jakin bat: pertsona bakoitzak nahi bezala egin ahal du ibilbidea, bide propioa eratu, interes gehien pizten dioten puntuetan geldialdiak eginez.

Zentroa irisgarria da mugikortasun urriko pertsonentzako eta ikusmen-desgaitasuna dutenentzako; gehienez ere 30 lagunentzako lekua dauka eta prestatuta dago banakako eta talde txikientzako bisitak egiteko. Talde handitan sartu nahi izanez gero, gomendatzen da zentroko arduradunekin harremanetan jartzea bisita aldez aurretik planifikatzeko.

San FermIN! Espazioko informazioa lau hizkuntzatan dago eskuragarri: gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa.