Wine Shapers, ibilbideen bidez euskal gastronomia esperientzia nazioartean zabalduz
Martxoaren 5etik 7ra Wine Shapers ospatuko da, «Euskadin eta Europan ardoaren profesionalen belaunaldi berria ikusarazi, konektatu eta indartzera» bideratutako ‘International Young Talents Summit’ bilkuraren lehen edizioa. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, EDA Drinks & Wine Campus zentroak, Arabako Foru Aldundiak eta sektoreko beste eragile batzuek antolatutako ekitaldia da.

Wine Shapers ekitaldiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru egunez, Bordele, Piemonte, Napa Valley, Txile, Australia eta beste hainbat ardo eskualdetatik heldutako 40 urtetik beherako 200 ekoizle gazte baino gehiago elkartuko dira jasangarritasunari, merkatuari eta komunikazioari buruzko ikuspegi berritzaileak partekatzeko, eta «Euskadi etorkizuneko mahastizaintzaren erreferentziazko lurralde gisa sendotzeko».
Beste jarduera batzuren artean, martxoaren 6an bost ibilbide egingo dira aldi berean Getarian, Bastidan, Ziekon, Samaniego-Villabuenan eta Guardian, eta hogei upategik baino gehiagok ateak irekiko dizkiete sektoreko profesional gazteei. Ibilbideak ez dira bisita turistiko edo instituzional hutsak izango, ardoaren oraina eta etorkizuna gidatzen ari diren pertsonen arteko topaketak baizik.
«Italiatik, Frantziatik edo Hego Amerikatik etorritako ekoizle gazte bat Euskadiko upategi batean sartzen denean, ez du ardo bat soilik ezagutzen; gure eredua ezagutzen du: kalitatean, bereizgarritasunean eta lurraldearekiko errotzean oinarritua», nabarmendu dute.
Geldialdi bakoitzean, mahastiaren jasangarritasuna, belaunaldi erreleboa, marka identitatea eta ardoaren eta paisaiaren arteko lotura sakona nola lantzen diren erakutsiko da, landa garapen eta gastronomiaren euskal estrategiaren oinarri nagusiak baitira.
Gastronomia esperientzia
Orobat, martxoaren 7an, gastronomia esperientzien blokea egingo da Arabak0 kolektiboarekin elkarlanean, eta tokiko eta nazioarteko sukaldariek bertako produktua eta ardoarekiko elkarrizketa balioan jarriko dituzten menu uztartuak prestatuko dituzte.
«Ibilbideek eta gastronomia esperientziek erakusten dute gastronomia eta ardoa ez direla mundu isolatuak, baizik eta Euskadirentzat balio erantsi beraren bi adierazpen osagarri. Biek laguntzen dute jarduera ekonomikoa, enplegua eta landa eremuan biztanleria finkatzea sustatzen; hori lehentasun instituzionala da, eta sailak programen, laguntzen eta upategiei zein proiektu berriei emandako laguntzaren bidez lantzen du», azaldu dute sustatzaileek.
Wine Shapers bilkurak, beraz, eginkizun bikoitza beteko du: «Euskadiko ardo eta gastronomia ereduak nazioartean proiektatzea eta ardoaren rola landa eta kultura-garapenaren elementu estrategiko gisa indartzea».
Eusko Jaurlaritzak ekitaldi honen bidez berretsi nahi du upategiak jasangarritasunerantz, berrikuntzaranz eta merkatu berrietara irekitzearen bidean laguntzeko konpromisoa, lurraldea, paisaia eta ezagutza partekatua uztartzen dituen ikuspegiarekin.