Bidaiari

Ciudades que Caminan Sarearen 13. biltzarra Gasteizen egingo da urrian

Ciudades que Caminan Sareak Gasteizen egingo du 13. biltzarra 2026ko urriaren bigarren hamabostaldian. Izendapenak «Arabako hiriburuaren lidergoa aitortzen du oinezkoen mugikortasunarekin, hiri jasangarritasunarekin eta espazio publikoa berreskuratzearekin lotuta», Gasteizko Udalaren esanetan.

Gasteizko harrresia.
Gasteizko harrresia. (Getty Images)

Gasteiz aukeratzearen erabakia Ciudades que Caminan sarearen 12. biltzarrean hartu da, La Línea de la Concepción udalerrian.

«Harro egoteko modukoa da Ciudades que Caminan Sareak hurrengo biltzarra hartzeko Gasteizen konfiantza jarri izana. Aintzatespen horrek hiri atseginagoa, seguruagoa eta pertsona guztientzako irisgarriagoa eraikitzeko egiten ari garen lana bermatzen du». Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziaren hitzak dira.

Nabarmendu du biltzarra aukera ona izango dela Gasteizko esperientzia beste hiri batzuekin partekatzeko. «Gasteiz, gaur egun, erreferentzia da mugikortasun jasangarriari dagokionez, eta topaketa hori ikasten jarraitzeko eta espazio publikoa bizikidetzarako, osasunerako eta ongizaterako leku gisa eraldatzeko baliagarria izatea nahi dugu», adierazi du.

Aspaldiko apustua

Zinegotziak gogorarazi du Gasteizek espazio publikoa pertsonei itzultzearen alde egindako apustua aspaldikoa dela. Bere hitzetan, «70eko hamarkadaz geroztik, gure hiriak ideia argi batekin egin du lan: kaleak bizitzeko lekua izan behar du. 1976an, Dato kalea oinezkoentzako kale bihurtu zen; 1983an, Erdi Aroko Hirigunean gauza bera egin genuen; eta hamar urte geroago, oinezkoentzako hogei kale genituen, 40.000 metro karraturekin».

Gasteiz Ciudades que Caminan Sareko kide da 2013tik, eta bi aldiz saritu dute oinezkoentzako politikengatik, azkena 2024an, hiriaren erdigunean espazio publikoaren 23.000 metro koadro baino gehiago berreskuratzeagatik.

13. topaketak hiri mugikortasunaren, irisgarritasunaren eta osasun publikoaren arloko udaletako arduradunak, adituak eta erakundeak bilduko ditu. Beraz, hitzordu garrantzitsua izango da pertsonentzat pentsatutako eta jasangarritasunarekin konprometitutako hiri ikuspegia bultzatzen jarraitzeko.