Guggenheim museoak 24.400 bisitari jaso ditu Aste Santuko bost egunetan
Aste Santuan Bilbo bisitatzen dutenek ia beti dute Guggenheim oporretako agendan. Aurten ere horrelaxe izan da, museoak 24.400 bisitari izan baititu bost egunetan, ostegunetik astelehenera bitarte.

Guggenheim Bilbao Museoak 24.400 bisitari izan ditu aurtengo Aste Santuan, ostegunetik astelehenera bitarte. Egunik jendetsuena ostirala izan da, 6.731 bisitariekin, museoko iturriek jakinarazi dutenez.
Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, %60 Espainiako Estatutik kanpokoak izan dira, bereziki nabarmenduz Frantziatik (%9,3), Alemaniatik (%8,3), Erresuma Batutik (%7,4), Italiatik (%5,2) eta Portugaletik (%3,3) iritsitako bisitari kopurua.
Bisitariek aukera izan dute programa artistiko erakargarri batez gozatzeko, tartean aldi baterako hainbat erakusketaz, hala nola ‘Ruth Asawa: Atzerabegirakoa’.
‘Ruth Asawa: Atzerabegirakoa’
Sei hamarkadako ibilbidea jasotzen duten hamar ataletan barrena, erakusketa honek artista ikoniko baten praktika berritzailearen izaera zabal eta sakona azaltzen du.
Ruth Aiko Asawak (Norwalk, Kalifornia, AEB, 1926-San Frantzisko, Kalifornia, AEB, 2013) sormen-lana bere bizitzaren arlo guztiekin bateratzen jakin zuen artista, hezitzaile eta artearen aldezle gisa.
Museoan erakusgai dauden lanak osatzeko haiekin batera aurkezten diren argazki eta dokumentuek argi uzten dute arlo desberdinen arteko lotura hori; izan ere, askotariko artelanak aurkitu dituzte bisitariek aretootan: artistaren alanbre kiribilduzko eskultura eseki ezagunenetatik, naturan oinarritutako alanbre lotuzko piezetaraino; baita igeltsuzko eta brontzezko moldeak, paper-tolesak, margolanak, marrazkiak, zirriborro-koadernoak eta estanpazioak ere.
Asawaren lanak zalantzan jartzen ditu abstrakzioaren eta figurazioaren, irudiaren eta hondoaren, eta espazio negatibo eta positiboaren arteko bereizketak, eta agerian uzten du nola, inguruarekin hartu-emana sortzen duten konposizioen baitan, elementu erabat heterogeneoek eragina duten elkarrengan.