Eli Txapartegi

Florentzia, aire zabaleko museoa

Florentzia arteak gainezka egiten duen hiria da. Arteak eta edertasunak. Baita historiak ere. Toscanako hiri honetan hirurak eskutik helduta baitoaz. Jauregiak, elizak, katedralak, dorreak, freskoak eta pinturak, eskulturak, plazak, lorategiak, kupulak... Gu bertako altxorrik baliotsuenen artean pasieran ibili gara.

Florentziako Santa Maria del Fiore, Giotto-ren Kanpandorrea eta Bataiotegiaren ikuspegi zabala. (Getty Images)
Florentziako Santa Maria del Fiore, Giotto-ren Kanpandorrea eta Bataiotegiaren ikuspegi zabala. (Getty Images)

Aire zabaleko museoa, Italiaren bihotzean. Florentzia munduko hiririk ederrenen artean kokatzen dutenek sarritan erabili ohi duten esaldi esanguratsua da. Badira, gainera, ohartarazten dutenak Errenazimentuko hiriaren arazorik handiena, hain zuzen ere, bere edertasuna dela. Horietako bat Stendhal izan zen, ordutik egile frantsesaren izena daraman sindrome bitxia sentitu zuena. Dirudienez, Giottoren freskoen azpian, hainbesteko edertasunaren aurrean, konortea galdu zuen zorabioak, bertigoak, takikardiak eta izerdiak jota.

Hori bai, Florentzia ederra da. Eta horregatik utzi behar dira aske zentzumenak, urrats bakoitzean harritu daitezen eta ustekabean eztanda egin dezaten, dela kalez kale helmuga eta ibilbide zehatzik gabe, dela katalogatutako altxorrak bisitatuz.

Asko dira, gehiegi, lerro gutxitan biltzeko; horregatik, Toscanako hiriko edozein ibilbidetan «ezinbesteko» diren batzuk aukeratu ditugu. Emaitza artea, sentsualitatea eta historia uztartzen dituen ibilaldia da.

Katedralaren Plazako (Piazza del Duomo) eraikin nagusiak gertutik ikusita. (Erlantz Perez | Getty Images)
PIAZZA DEL DUOMO

Piazza del Duomo abiapuntu egokia da hiria lehen aldiz bisitatzen duenarentzat, Italiako Errenazimentuko multzo arkitektonikorik ikusgarriena biltzen baitu. Bertan daude Santa Maria del Fiore katedrala (1466), Kanpandorrea -Giottok 1334an hasi eta Talanik 1359an amaitua- eta Bataiotegia. Plazatik bertatik Brunelleschiren kupula ikusgarria (1420-1436) patxadaz behatzea eta mirestea merezi du. Inoiz eraiki den kupularik handiena da eta gaur egun hiriaren anbizioen sinbolo. 1436an amaitua, miresmen eta ikusmin handia eragin zuen tamainagatik –ehun metroko altuera, 42 metroko diametroa eta 463 eskailera-maila linternaraino igotzeko– baina, bereziki, eraikuntza-ingeniaritzagatik. Gainera, plaza kafetegi atseginez josita dago, ibilaldiaren ostean atseden hartzeko.

Bataiotegiren barrualdea. (Getty Images)
BATAIOTEGIA

IV. mendean eraikia, Piazza del Duomoko tenplurik zaharrena da Bataiategia. Katedralaren eta kanpandorrearen gainean argitasun berezia eragiten du, ia magikoa, prisma geometrikoa eta urre koloreko mosaikoak eta polikromoak dituelako.

Santa Maria Novella basilika. (Ermess | Getty Images)
SANTA MARIA NOVELLA BASILIKA

Giotto eta Brunelleschiren gurutzeak eta Tornabuoni kaperako freskoak dira Santa Maria Novella basilikak hartzen dituen altxorrik handienak. Domingotarrek eraiki zuten XV. mendean, eta gaur egun hiriko maisulanik handienetako bat da. Historia eta artearen ikasgai bikaina bihurtzen omen da bertan antolatzen diren ibilbide gidatuetan.

Piazza della Signoria. (Givaga | Getty Images)
PIAZZA DELLA SIGNORIA

Erdi Aroan Florentziako bihotz politikoa izandako Piazza della Signoriak ere bisita luzea merezi du; izan ere, hainbat altxor florentziar daude bertan; besteak beste, Vecchio jauregia, Neptunoren iturria eta Uffizi Galeria.

PALAZZO VECCHIO

XIII. mendearen amaieran eraikia, Vecchio jauregia –gaur egun udaletxea– Medici familiaren bizileku izan zen eta Florentziako Gobernuaren egoitza zazpi mendez. Bere gelak Errenazimentuko artistarik garrantzitsuenen margolanez, freskoz eta eskulturaz beteta daude, baina harribitxia Bostehunen Aretoan sumatzen den sentsibilitate artistikoa da. Alboetako bi pareta handiak apaintzeko, Florentziako Gobernuak Michelangelo eta Leonardo da Vinci kontratatu zituen, baina artistek ezin izan zituzten freskoak bukatu, eta Giorgio Vasari arduratu zen, azkenean, areto ikaragarria apaintzeaz.

Bai, ikaragarria da, baita tamainaz ere: 54 metro luze eta 23 metro zabal da eta sabaiak 18 metroko altuera du. Izan ere, Italiako eraikin ez-erlijioso bateko aretorik handiena da.

Uffizi galeria. (Laura Lezza | Getty Images)
UFFIZI GALERIA

Florentziako tenplu artistikorik handiena da Uffizi galeria eta kokapen estrategikoa du: mutur batetik Piazza della Signoriara iris daiteke eta bestetik, berriz, ibaira. Gainera, horma bat Vecchio jauregiari atxikita du. 1560. eta 1580. urte artean eraiki zen eta, eraikina bitxia bada ere –«U» formako bi-lau solairu–, bere edukia da, zalantzarik gabe, erakargarriena: XII. eta XVIII. mendeen artean artista ospetsuenek sortutako 3.800 artelan biltzen ditu. Edo beste era batera esanda: Errenazimentuko obrarik baliotsuenak biltzen ditu. Galeria «artelan asko biltzen dituen artelana» dela diote batzuek. Eta, benetan, aretoz areto egindako ibilaldia kulturaren eta artearen historian zehar egindako bidaia da.

Santa Croce basilika. (Dmitry Naumov | Getty Images)
SANTA CROCE TENPLUA

XIV. mende hasieran izen bereko plazan eraikia, Santa Croce tenplu gotikoak, Danteren estatuaren begiradapean, florentziar ospetsuen hilobiak gordetzen ditu; besteak beste, Galileo, Makiavelo eta Michelangelorenak. Horregatik sarri definitu izan da ‘Italiar Lorien Panteoi’ izenez. Gainera, Giotto artistak bi kaperatan egindako freskoak kontserbatzen ditu: bata, Bardi kapera, Frantzisko Asiskoaren bizitzako istorioekin; eta, bestea, Peruzzi kapera, San Joan Ebanjelariaren eta San Joan Bataiatzailearen bizitzako eszenekin osatutakoa. Hain zuzen ere, basilika ezaguna da Stendhalek bertan sentitu zituelako bere izena daraman sindromearen sintomak 1817an.

Ponte Vecchio (Zubi Zaharra). (Medvedkov | Getty Images)
PONTE VECCHIO

Arno zeharkatzen zuen zubi bakarra izateari utzi zionetik «zaharra» deitzen diote. Hiriko txokorik bisitatuenetakoa hartzen du, Vasariano Korridorea (1564), ibaia zeharkatuz Vecchio eta Pitti jauregiak lotzen dituen pasabide goratua. Medicitarrek erabiltzen zuten bi egoitzen artean lasai mugitzeko, ez zutelako herriarekin nahastu nahi. Egun, uffizitarren museoko artelanak daude ikusgai.

Lehen solairuan, berriz, garai batean arrain-saltzaileen, harakinen eta larru-artisauen postuak zeuden korridorean orain urregintza eta opari-denda ospetsuak dira nagusi.

1345ean eraiki zen zubia eta Bigarren Mundu Gerran alemanen bonbardaketetatik bizirik atera zen. Gaur herritarren zein kanpotarren topaleku berezia da; batez ere, ilunabarrean, eguneko azken orduetan hiria argiztatuta islatzen baita Arnon.

Pitti jauregia. (Emanuele Cremaschi | Getty Images)
PITTI JAUREGIA

Pittiko jauregi-multzoa, garai batean Florentziako hiru familia boteretsuren eskuetan zegoena –Medici, Lorena eta Savoia– zortzi museoren egoitza da gaur egun. Horietako bat Palatina galeria da. Batez ere, medicitarren arte bilduma pribatuaren zati handi bat erakusten duelako da ezaguna. Dena dela, jauregian bisita osatu gabe geratuko litzateke Boboli lorategietatik paseatu gabe.

Boboli lorategiak. (Lars Johansson | Getty Images)
BOBOLI LORATEGIAK

Hiriari agur esateko aukera paregabea da Boboli lorategietan barneratzea eta harrizko jainkoen, iturri ikusgarrien, benetan existitzen ez diren kobazuloen eta urmael artifizialen artean nahita galtzea. Erlaxatzeko aukera izateaz gain, hiriaren eta Toscanako muinoen ikuspegi bikainez gozatzeko aukera izango du bisitariak, baldin eta XVI. mendeko Forte di Belvedere gotorlekuan bukatzen badu Florentziako bisita.