Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Josep Solano
Macao, kasinoetan gordetako harribitxia
Asiako ‘Las Vegas’-tzat hartzen den arren, Macao, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako gune historikoa duena, Txinaren eta Mendebaldearen arteko lehen topaguneetako bat eta iraunkorrenetako bat da. Kulturen nahasketa berdingabea da, eta Portugalen 500 urteko eraginak europarrak zein asiarrak liluratzen ditu.
Macaoko skyline-aren ikuspegia, Nam Van lakutik. (Josep SOLANO)
Rua da Barratik aurrera jarraituz, A-Ma tenplua agertzen da, non portugaldarrak lehen aldiz XVI. mendearen erdialdean lehorreratu ziren
Bidaiariek Macaon pentsatzen dutenean, burura etortzen zaien lehenengo gauza kasino liluragarriak dira, zerumugan nagusi diren luxuzko turismoguneak, luxua nagusi den boutiqueak eta Michelin izarrekin saritutako sukaldariek (tele)gidatutako jatetxeak. Baina Asiako penintsula ñimiño honek, lilura eta gehiegikeriarekin hain lotzen denak, europar askorentzat guztiz ezezaguna den sekretua gordetzen du bere kale eta plazetan. Bere entretenimendu-zentroen oparotasunaz eta erritmo frenetikoaz harago, Macaok kultura-ondare berezi eta paregabea du, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko bost mendeko topaketaren emaitza.
Macaon, Txinako tradizioak Portugalgo ondarearekin uztartzen dira antzinako hiriko txoko guztietan, modu berezi eta bakanean. Fatxada barrokoz eta azuleju urdin-zuriz apaindutako ehun urtetik gorako elizak tenplu budistekin batera bizi dira, non intsentsuaren usainak airea lurrintzen duen eta pagodak baretasun dotorean altxatzen diren. Galtzada-harrizko kaleak, denboraren lekuko, kolore biziko eraikin kolonialen eta azoka tradizionalen artean sigi-saga dabiltza; bertan badirudi zalaparta eta eguneroko bizitza ez direla aldatu hamarkadetan.
Parisko Eiffel dorrearen erreprodukzioaren lehen planoa. (Josep SOLANO)
Portugalgo estiloko horma pinturak, azulejuekin, Santo Domingo kalean, Macao katedralaren ondoan, hiriaren erdigune historikoan. (Josep SOLANO)
LISBOAN BEZALA
Largo do Senado (Senatu plaza) Macao herriaren bihotza da, penintsulako portugaldar presentziaren eraikin nabarmenenak hartzen dituena, mosaikozko zoru harriztatu portugaldar tradizionala daukana, Lisboan bageunde bezala. Antzinako Leal Senado da plazako buru, 1583an sortutako udal ganbera, eta duela 25 urte desagertu zena, lurraldea Txinari itzuli eta gero. Horren parean, iturria, Erruki Etxe Santua eta, ondoan, CTT eraikin zaharra (Correios, Telefones e Telégrafos, lehengo posta konpainia) eta, metro gutxira, katedrala.
Beste muturrean, Santo Domigo eliza ikonikoa dago, XVI. mendekoa, portugaldar barroko estilokoa, alboetan merkatua duena, XIX. mendean eraikia eta elizaren izen bera duena. Azoka hau, merkatu nagusia ere esaten diotena, hiriko gune nostalgikoetako bat zen, eta benetako tokiko janariaz gozatzeko leku onenetako bat: etxeko plater xume ugari daude, eta 50 pataka baino gutxiagoren truke jan daiteke. Azokak, gainera, hiriaren erdialdearen 360 graduko ikuspegi panoramiko zabala eskaintzen du.
Gizon bat, Parisko Eiffel dorrearen erreprodukzioari argazkiak ateratzen, Parisian Hotelaren parean. (Josep SOLANO)
San Paulo elizaren fatxada. (Josep SOLANO)
Bertako gastronomian sumatzen da gehien kultura nahasketa. Macao zaporeen arragoa da, eta kantondar eta portugaldar eraginek bat egiten dute. Osagai freskoak eta Txinako sukaldaritzaren teknika eta tradizioa uztartzen dituen chau chau arroza bezalako plater enblematikoekin batera, tokiko gustuetara egokitutako errezeta portugaldar klasikoa den bacalao à brás aurki daiteke. Eta ezin ahaztu, postre nagusia: esne-gainezko pastelak, beren testura krematsuarekin eta oinarri kurruskari delikatuarekin, bertakoen zein bisitarien gozagarri. Sukaldaritza-aniztasun horrek, Macaoren mestizaje kulturala islatzeaz gain, helmuga gastronomiko paregabea bihurtzen du, non mokadu bakoitzak mugak gainditzen dituen istorio bat kontatzen duen.
Lilaun paseatzea Macao pausatu eta malenkoniatsu batean sartzea da, non denbora gelditu egin dela dirudien. Galtzada-harrizko kaleek eta bizilagunen arteko elkarrizketen zurrumurruak kontraste handia egiten dute kasinoen eta turismo-guneen erritmo azkarrarekin
Rua de São Paulotik iparralderanzko ibilbideari jarraituz, aurrean Macaoko ikurrik ezagunena dugu: San Pauloren Aurriak. Jatorrian, misiolari jesuitek XVII. mendean eraikitako eliza izan zen, eta Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko elkargunea sinbolizatzen du. Granitoz maisutasunez zizelkatutako fatxada ikaragarria baino ez da zutik geratzen, 1835ean eraikinaren gainerakoa suntsitu zuen sute baten ondoren. Erliebezko apainketa landuak, motibo erlijioso kristauak eta Asiako apaingarriak konbinatzen dituzten irudiekin, hirian aztarna ezabaezina utzi duen kulturen gurutzaketaren historia kontatzen du.
Galaxy Hotelaren lehen planoa. (Josep SOLANO)
ZUBI GISA
Diseinuaren xehetasunek eraginen nahasketa paregabea agerian uzten dute: santu katolikoen irudiak dragoi txinatarrekin eta japonierazko karaktereekin uztartzen dira, Macaok kontinenteen arteko zubi gisa jokatu zuen papera gogora ekarriz. Fatxadako elementu bakoitza eskualdearen historia definitu zuen kultur eta erlijio trukearen testigantza da.
San Pauloren Hondarretatik eta hirigune historikoaren zalapartatik pauso gutxira dago Lilau plaza xarmagarria, Macaon portugaldarren eraginaren esentzia gordetzen duen txokoa
Monumentu ikaragarri horren aurrean geldialdia egiten dute bisitariek, haren sinbolismoa miresteko eta Macaoren kultura-herentzia aberatsari buruz hausnartzeko. Kamerekin haren arima mestizoaren zati bat harrapatzen dute. Ondoan, Macao Museoa dago Mendiko Gotorlekuan, auzoaren iraganari leiho bat eskaintzen diona. Tramankulu eta artxiboko argazkien bidez, bisitariak mendeetan zehar Macaok izan duen eraldaketaren ikuspegi intimoagoan murgildu daitezke, baita goiko terrazara igo eta hiria Monte do Forte-tik miretsi ere, non oraindik ere antzinako gotorlekuaren aztarnak ikus daitezkeen.
San Pauloren Hondarretatik eta hirigune historikoaren zalapartatik pauso gutxira dago Lilau plaza xarmagarria, Macaon portugaldarren eraginaren esentzia gordetzen duen txokoa. Pastel koloreko etxe tradizionalez eta estilo mediterraneoko pertsianak dituzten leihoez inguratutako gune hori izan zen garai batean Portugalgo antzinako biztanleen eguneroko bizitzaren epizentroa.
Macao erdiguneko merkataritza gunea, sarrera batean Parisko Garaipen Arkua duena. (Josep SOLANO)
Plazak bere izena mendeetan zehar bertako biztanleak urez hornitu zituen iturri natural bati zor dio eta, izatez, Macaoko esaera ezagun batek leku honekiko lotura emozionala islatzen du: «Aquele que bebe da água do Lilau, jamais esquará Macau» (Lilauko ura edaten duenak ez du inoiz Macao ahaztuko). Xehetasun sinboliko horrek indartu egiten du plazaren izaera nostalgiko eta kulturala, hiriaren iraganarekin konektatu nahi dutenen topaleku izaten jarraitzen baitu.
A-MA TENPLUA
Lilaun paseatzea Macao pausatu eta malenkoniatsu batean sartzea da, non denbora gelditu egin dela dirudien. Galtzada-harrizko kaleek eta bizilagunen arteko elkarrizketen zurrumurruak kontraste handia egiten dute kasinoen eta turismo-guneen erritmo azkarrarekin. Hemen, arkitektura koloniala giro abegitsuarekin uztartzen da, eta espazio paregabe honen lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen du.
Lilaun paseatzea Macao pausatu eta malenkoniatsu batean sartzea da, non denbora gelditu egin dela dirudien
Eta Rua da Barratik aurrera jarraituz, A-Ma tenplua agertzen da, non portugaldarrak lehen aldiz XVI. mendearen erdialdean lehorreratu ziren; txinatar identitate eta espiritualtasunaren sinbolo gisa agertzen da, bisitari bakoitzari bere txinatar esentzia gogoraraziz. Mazu-ri, itsasoko jainkosa eta arrantzaleen babesleari, eskainita dago tenplu enblematiko hau eta Macaoko santutegi zaharrenetako bat da, hiriak itsasoarekin eta itsas tradizioekin duen lotura sakonaren lekuko bizia.
A-Ma tenpluaren goiko lorategietatik, begirada Macaoko beste txoko enblematiko batzuetara zabaltzen da; esaterako, Capela de Nossa Senhora da Penha ikusiko dugu, denboran geldirik dirudien lekua, eta Miradouro de Santa Sancha, hiria miresteko balkoi pribilegiatua. Muino baten gainean, Capela de Nossa Senhora da Penha-k lasaitasun eta barealdia eskaintzen du hiriko zaratatik urrun. Jatorriz 1622an Portugalgo marinelek eraiki zuten, Ama Birjinaren babesa jaso nahian. Kapera erromesaldi- eta debozio-lekua izan da mendeetan zehar. Bere kokapen estrategikoak, babesleku espirituala ez ezik, behatoki naturala ere bihurtzen du.
Hiriaren panoramika, XVII. mendeko gotorlekutik. (Josep SOLANO)
Bere plaza txikitik, Macaoko portua eta Adiskidetasunaren Zubia ikus daitezke, azken hori uharteen arteko loturaren ikurra. Kaperatik ez oso urrun, Miradouro de Santa Sancha dago, naturaren xarma eta etxe orratzen hiriaren ikuspegi paregabea uztartzen dituen txokoa, kale bakoitzari darion historiarekin bat eginez.
Macaoko gobernuko buruaren egoitza ofizialaren ondoan dago, eta ez da beste gune turistiko batzuk bezain ezaguna. Hori dela eta, ondo gordetako sekretua da, nahiz eta Praia Grande zaharra alboan egon. Leku honek geldialdi bat egitera gonbidatzen gaitu, Macaok, maisutasunez, bere herentzia historikoa eta kostaren beste aldeko modernitate bizia nola orekatzen dituen ikusteko.