Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Urtzi Urrutikoetxea
Austin, mikrokosmos berezia Texasen bihotzean
Texasko hiririk aurrerakoiena den ospea dauka estatu horretako Austinek. Batzuek ez dela Texas ere esango dute. Nahiago dugu beste Texas bat dela esatea: ez zaio falta Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko estatu handi horretako berezitasunik, baina agerian uzten du horrek ez daukala zertan lotuta egon jarrera atzerakoi eta itxiekin.
Austineko skyline-ko etxe orratzak, Colorado ibaiaren alde batean. (Jonathan Ross | Getty Images)
Colorado River Bridge zubia munduko hiri-saguzarren kolonia handiena da urtearen zati handi batean. Mexikoko saguzar isats-askeak (Tadarida brasiliensis) hemen bizi dira martxotik urrira bitartean, milioi eta erdi
Texasko hiriburura iristean urrundik nabari da estatuko kapitolioa, bere kupula dotorearekin. Austingo eraikinik ospetsu eta ikonikoena da, Washingtonekoaren antzekoa baina are garaiagoa. Barnetik ere bisitatu daiteke; ordu erdiko doako bisita gidatuak egiten dituzte XIX. mende amaierako eraikinaren historia ezagutarazteko. Osterantzean, Parlamentuaren inguruko parkea ere oso leku atsegina da. Ohikoa da graduaturiko ikasleak edo ezkontzera doazen bikoteak argazkiak egiten ikustea.
Kapitolioa bera, txundigarria izateaz gain, leku paregabean dago. Colorado ibaitik datorren Congress Avenueren gainean dago, 13. kalearen ostean (“beste” Colorado bat da Texaskoa, ez arroila ezaguneko erreka). Etorbidea eta inguruko kaleak Austingo downtown edo erdigunearen bizkarrezurra dira. AEBko ohiko etxe orratz garaien paisaia da nagusi, eta hiriko irudi ikonikoetakoa da eraikin horiek ibaitik sortzen duten paisaia.
Jendetza S Congress Avenueko zubiko bi ertzetan, iluntzean, saguzarrak noiz irtengo zain. (Austingo Turismo Bulegoa)
Martxotik urrira, iluntzeko zortziak aldera, milaka saguzar irteten dira une berean, ikuskizun paregabea eskainiz. (Austingo Turismo Bulegoa)
6. kalea larunbat gau zoroen zero eremua da; horren erakusgarri, Dirty 6th edo “6. kale zikina” ezizena. Unibertsitateko ikasleen hiri honetako parrandarako kalea AEB osoan da ezaguna. Taberna bakoitzak bere istorioa du, eta dekorazio deigarri eta eklektikoa darabilte gainerako tabernetatik nabarmentzeko lehian: Midnight Cowboy, Blind Pig Pub, Maggie Mae's, Dirty Dog, Chupacabras... leku asko daude aukeran. Hiriko museo berezienetako bat ere kale horretan dago: Museum of the Weird, alegia, Arraroaren Museoa. “Arraro zoragarrien hiria” ere bada, izan ere, Austin, kale honetan bertan nabarmentzen diren bitxikeriek argi uzten duten legez.
Erdigunean dauden beste museo interesgarri batzuen artean Blanto dago, AEBko unibertsitateetako arte-museo handienetakoa da. Hiriak kultura eta arte mexikarrarekin eta oro har latinoarekin daukan loturaren berri izateko (konexio historikoa zein gaur egungo harremana) oso txoko interesgarria da Mexic-Arte Museoa.
Austineko etxe orratzak eta Butler hiri-parkea haien parean ibaiaren beste aldean. (Greg Gaynor of Fokus Waterfront | Getty Images)
Barton Springs-eko igerileku naturalean bainua hartzea ere Austineko ohiko ohituretako bat da. (Will Bowman | Getty Images)
SAGUZARRAK
Austinek egunez eta gauez “gau bizitza” ezin biziagoa dauka, zuzeneko musika areto mordo batekin; 200 baino gehiago daude hiri osoan. Udaberria bereziki atsegina da, eta orduantxe da South by Southwest festibala ere. Bertan hitzaldi eta eztabaidak izaten dira, bada zinema, bai eta komunikabide interaktiboak ere, baina musika ekitaldiak dira dozenaka mila lagun erakartzen dituztenak, zalantzarik gabe.
Etxe orratzen inguruan behinolako bungalow dotore eta taberna atseginen txoko baten bila ibiliz gero, Rainey Street da hori, ziztu bizian eraldatzen ari den hiri honetan antigoaleko irudi horri eusten dion kalea. Ibaiertzeko ibilbidea Congress Avenuetik gertu dago.
Austinek harro aldarrikatzen du bere nortasun irekia; cowboy kultura baino gehiago hipster estetika ageri da. Azken batean, Texasko unibertsitate ospetsuenaren egoitza daukan hiri gazte, kosmopolita eta bizia da
Autoak horrenbesteko garrantzia daukan herrialdean, alokairuko bizikletaz ibiltzeko aukera paregabea eskaintzen du Austinek. Izan ere, nortasun berezi eta sarritan oso kontserbadorea daukan estatu batuan, Austinek harro aldarrikatzen du bere nortasun irekia; cowboy kultura baino gehiago hipster estetika ageri da. Azken batean, Texasko unibertsitate ospetsuenaren egoitza daukan hiri gazte, kosmopolita eta bizia da Austin.
East 6th Austingo eta AEBko gau-giroko kalerik ezagunenetakoa da, unibertsitate-hiri honetan. (Urtzi Urrutikoetxea)
Texasko izar bakartia, Bullock Historia Museoaren atarian. (Getty Images)
Uda gogorrak eta negu epelak ditu. Otsailerako udaberriko giroa izan ohi denez, hiriko bizitzaren zati handi bat kanpoan egiten da, eta jendeak aire zabaleko aretoak, terrazak eta patioak maite ditu. Ibaiko ekintzak ere (pedal-ontziak, kayakak, puzgarriak eta abar) urteko zati handi batean egin litezke. Erdiguneko etxe orratzen oso perspektiba berezia ematen du ibaiaren erdian ibiltzeak. Asteburuetan bereziki, ez da bisita arrunta edo ikasleen parrandarako antolatutako ibaiko ekimenik falta.
Mexikoko saguzar isats-askeak (Tadarida brasiliensis) hemen bizi dira martxotik urrira bitartean, milioi eta erdi zehazki. Ilunabarrean paregabeko ikuskizuna eskaintzen dute, zubiaren barandan edo ibaiertzetik gora begira daudenen harridurarako
Colorado ibaian ibilita, iluntzean jendetza ikusten da zubi inguruan. Austiniri Bat City edo Saguzar Hiri deitu izan zaio, eta txoko honetan eta ilunabarreko une zehatz horretan argi geratzen da izengoiti horren zergatia: Colorado River Bridge zubia munduko hiri-saguzarren kolonia handiena da urtearen zati handi batean.
Mexikoko saguzar isats-askeak (Tadarida brasiliensis) hemen bizi dira martxotik urrira bitartean, milioi eta erdi zehazki. Ilunabarrean paregabeko ikuskizuna eskaintzen dute, zubiaren barandan edo ibaiertzetik gora begira daudenen harridurarako. Milaka eta milaka saguzar txikiren uriola dirudi, zeruan etengabe joanean hegan. Udazken-neguko sasoian etorrita ere, saguzarrak ikustea zailagoa izan arren, merezi du zubira joatea ilunabarrean paseatzera, Austingo zeruertzaren kolorea horitik laranjara eta morera aldatzen den bitartean.
Austin ekialdeko auzune beltz eta latinoetan, East 7th kalean (Lenox on 7th) egindako murala. (George Rose | Getty Images)
Ibaitik hegoaldera doan Congress Avenueko tartea oso desberdina da kapitolioraino doan downtownaren aldean. Bisitari askoren txoko kuttuna da, bai egunez, bai gauez daukan bizitasunagatik. Geltoki ia ezinbesteko bat Allen's Boots da. Texasko cowboy boten eta kapela eta txapelen denda handienetako bat. Sartu aurretik ere nabari da larruaren usaina, eta botaz betetako apal amaigabeak benetan deigarriak dira.
Ia kalearen beste aldean dago Amy's, Austingo artisau izozki-denda ospetsuena. Aurretik, food-truck ugarietako batean mokadu bat egiteko aukera dago. Texasko hiriburua janari-kamioi ugariengatik da ezaguna; indiarretik frantziarrera, mundu osoko sukaldaritza motak dasta daitezke. Klub ugarietako batean zuzeneko musika emanaldi batekin eguna amaitzeko geltoki paregabea dira kaleko jantokiak. Egungo jatetxe dotoreetako batek baino gehiagok halako abiapuntua izan zuen.
BASOA ETA URA
Gau bero baten ondoren, igande goizetako plan atseginenetakoa Barton Creek Greenbelt-en ordu batzuk ematea da. The Greenbelt esaten diote bertakoek; 13 kilometroko baso trinko honetan, oinez zein bizikletaz egiteko ibilbide ederrez gain, ur epeleko igerilekuak ere badaude. Txoko nabarmenen artean daude Campbell's Hole ezaguna, Sculpture Falls ur-jauziak eta zertxobait ostenduago dagoen Lost Creek erreka. Bainurako leku aipagarriena Barton Springs igerileku ezaguna da. Greenbelt-aren ekialdeko muturrean dago, Zilker parke metropolitanoaren barruan. Parkea erdibitzen duen Barton Springs Road-en beste aldean Zilker lorategi botanikoa dago.
Austineko kapitolioa ikusgarria da; urrundik hurbildutakoan ageri den lehen eraikina da. Texas Rangers-en omenaldiko monumentua, aurrean. (Tricia Daniel | Getty Images)
Horrelako esperientziak gustuko izanez gero, eta autoa izanda, hiriaren kanpoaldean Hamiltoon Pool igerileku naturala dago, kareharrizko xafla handiz inguratutako 50 metroko ur-jauzi batekin. Lurpeko ibai-kupula baten erortzean sortu zen, higaduraren ondorioz. 1960az geroztik, Austingo bizilagunentzat leku ezaguna da eta 1990az geroztik babestutako eremu izendatu zuten. Maiatzetik irailera erreserbak egin behar dira.
Aipatu dugu zelan maite dituzten aire libreko ekintzak Austinen. Ondo jatearen kultura ere sartzen da hor, etxetik piknikerako ekarrita edota lekuan bertan barbakoan prestatuta. Inoiz ez dago urrun Texasko brisket-haragia edo saiheskia jateko txokoren bat. Hiriko erdigunean Franklin Barbecue oso leku ezaguna da, baina turisten eta bertakoen ilarak ere luzeak dira. Kasik hobe da, basoan ibilian eta bainatzen ibili ostean, Zilker parkeko barbakoa-jatetxeetako batean behar bezalako haragi-festa egitea.