Xabier Bañuelos

Finis Terrae, mundua bukatzear dela uste duzunean

Zer dago zerumuga aurrean duten azken lur eremuez haratago? Itsaso amaigabeak irensten dituen lur muturrez haratago? Mendeetan zehar, horiez haraindi zegoena ezezaguna zen, beldurra eta desira neurri berean. Gaur egun badakigu mundua ez dela eremu horietan amaitzen, baina garai bateko sentimendu berberak pizten jarraitzen dute. Asko dira gure planetan eta horietako batzuk bisitatzeko asmoa dugu.

Europan finis terrae mitikorik bada, Ipar lurmuturra eta bertako gauerdiko eguzkia da. (Xabier Bañuelos)
Europan finis terrae mitikorik bada, Ipar lurmuturra eta bertako gauerdiko eguzkia da. (Xabier Bañuelos)

Mendeak igaro diren arren, erraz irudika genezake zer sentitu zuten Gallaeciako ipar-mendebaldeko itsaslabarretara lehen aldiz agertu ziren soldaduek. Inperioaren muga guztien artetik, hantxe amaitzen zen mundu ezaguna. Aurrez aurre, itsaso ilun eta suminkorra, kostaldearen segurtasuna atzean uzten zuena. Hura zen Lurraren amaiera, eta bere punturik dramatikoenari izen bat eman zioten: Finis Terrae, Finisterre. Hala kontsideratzen zuten Erdi Aroan ere, Atlantiko erromatarra Mare Tenebrarun bihurtu zen garaian. Misterio eta beldur iturri izan zen lehenik gizakiontzat. Baina, denboraren poderioz, ezagutzeko eta deskubritzeko irrika ere bihurtu zen.

Galiziako Finisterrek druiden hatsa du, santu kristau baten bedeinkapena eta kostalde hilgarri baten edertasun sutsua. Horregatik da berezia. Baina ez da bakarra. Toponimiari erreparatuz gero, gutxienez beste bost aurkitzen ditugu. Bata Toledoko probintzian dagoen urtegi bat da, Algodor ibaiaren gainean eraikia Villanueva de Bogasen. Beste bat Mexikoko iparraldean dago, Cohauila estatuko Finisterre Ejidon.

Galiziako Finisterrek druiden hatsa du, santu kristau baten bedeinkapena eta kostalde hilgarri baten edertasun sutsua. Horregatik da berezia. Baina ez da bakarra

Hirugarren bat Papua Ginea Berrian aurkituko dugu. Finisterre Mendiak dira, herrialdearen ipar-mendebaldean, Saruwanged mendikatean. Laugarrena Santa María de Finibus Terrae santutegia da, Santa María de Lauca hirian kokatua, Italiako “takoian”. Eta bosgarrena St. Mathieu de Fine Terre beneditarren abadiako itsasargiak eta hondarrek osatutako multzo ederra da, Bretainian dagoena, Penn ar Bed-en. Plougonvelin lurmuturrean dago, zelten bi finisterreak lotzen dituen Donejakue bidearen abiapuntuan.

Cape Reinga. Bere itsasargi zuria Aupouriko penintsulako azken muinoan dago, Ipar uharteko Far Northen. (Xabier Bañuelos)
Eguzkia egunero berpizten da Creus lurmuturrean. (Mendifoto | Getty Images)
BESTE AMAIERA BATZUK

Bada kontzeptu hori “munduaren amaiera” gisa definitu duenik. Paradoxa bat da, Lurra laua zela defendatzen zutenei asko gustatu arren, geografikoki munduaren amaiera ez baita existitzen. Galileo parafraseatuz, eppur e rotondo. “Lurraren amaiera” gisa itzultzen badugu, edo gauza bera dena, lurralde baten azken puntua edo muturra, kontua bestelakoa da.

Toponimiari baino, beste irizpide batzuei erreparatzen badiegu, gure finis terrae, egiatan, munduan diren munduaren amaieretan barrena egindako bidaia sorta da. Bidaia asko dira, eta normalean erromantikoak, dramatikoak, hunkigarriak eta ederrak. Zeruertzaren aurreko azken lur zatiak izanda, ezin da gutxiago espero.

Arthur Riverren Tasmaniako kostaldean dago Edge of the World ezezagun eta berezia, Munduaren Ertza, aurrean itsaso eremu zabalena duen planetako lekua

Itsaslabar baten gainean egon daitezke, edo hondartza baten ertzean, mendi baten tontorrean, edo fiordo baten amaieran; muturreko puntu kardinala izan daiteke, edo ez nahitaez; harkaitz arteko lekua izan daiteke, edo landazabal baten amaiera. Tipologia askotarikoa da, baina guztiek dituzte zenbait ezaugarri komun. Lehena itsasertzean egotea da, literalki lurra amaitzen den lekuan.

Salbuespenen bat badago baina, oro har, zaila egiten zait barne finisterre bat imajinatzea, oso ezkutukoa, basatia edo mugakoa izanda ere. Barruko paisaietan lurrak inguratzen baitzaitu beti. Eta finisterre orotan lurra desagertu egin behar da, eta hori itsasoaren aurrean bakarrik gertatzen da. Bigarrena, azken leku bat izan behar dela, bukaerakoa, non ezagunaren eta ezezagunaren arteko mugan zaudela sentitzen duzun, aurrean esploratu gabekoa duzula, misterioa.

Edge of the World ezezagun eta berezia. Munduaren Ertza Arthur Riverren Tasmaniako kostaldean dago, aurrean itsaso eremu zabalena duen planetako lekuan. (Xabier Bañuelos)

Coruñako Estaca de Bares. (Xurxo Lobato | Getty Images)

Hirugarrena, gainezka egiten duen paisaia izatea da, batzuetan bere handitasunagatik, besteetan bere berezitasunagatik, edo inguratzen duen auragatik. Arrazoi asko izan daitezke, baina ez gaituzte inoiz axolagabe uzten. Eta laugarrena beti dramatismoa dariela da, dela ukitu sotil bat, dela itsaslabar bertikal baten zartada zorabiagarria, baina beti sentiarazten dute nolabaiteko beldurra eta irrika. Norbera txiki sentitzen da mugagabetasun zirkularraren aurrean, zeina mehatxua den, baina aldi berean urrunetik entzuten dugun dei modukoa.

Nahi nuke Euskal Herriko lekuren bat aipatu, baina gure golko itxurako kostaldean zaila da finis terraeren bat aurkitzea, lurra beti gertuegi baitago. Izatekotan, Matxitxako edo agian Gaztelugatxe izango lirateke. Beraz, hurbilen ditugunak penintsulan bilatu behar ditugu. Eguzkia egunero berpizten da Creus lurmuturrean, Mesa de Oro irla ñimiñoan, kontinentetik Mediterraneora eroritako malko bat dirudien uhartetxoan. Eta egunaren amaieran, hiltzera joaten da, Europa osoarentzat, Portugalgo Cabo da Roca-ra, non iluntzeak, batez ere uda amaierakoak, ikusgarriak diren.

Punturik iparraldekoenean aurkituko dugu Coruñako Estaca de Bares, Oliva haitzaren eta O Estanquinen baimenarekin, beste bi malko ñimiño Kantauri itsasoaren gainean. Gutxigatik, ordea, 14 kilometro mendebalderago, Ortegal lurmuturrean, bere urek ozeanoarekin bat egiten baitute. Eta hegoaldearen hegoaldean Tarifako puntako haizeak ditugu zain. Hortxe agurtzen du Mare Nostrum epelak Atlantiko ezezaguna.

Fugloy, uharte flotagarri eta urruna Faroeetan. (Xabier Bañuelos)
Hermaness, Shetlandetako Unst uhartean. Stevenson anaiek, Robert Louisen aita eta osabak, Muckle Fluggako itsasargia eraiki zuten, oraindik ere bere “uharte pikoan” itsasoaren oldarraldiei eusten diena. (Alan Morris, Birkenhead | Getty Images)
Vagar uhartea, Faroeetan. (Xabier Bañuelos)
MUNDUAN ZEHAR

Europan finis terrae mitikorik bada, Ipar lurmuturra eta bertako gauerdiko eguzkia da. Baina are muturrekoagoa iruditzen zait Skagodden fyrlykt, Vardø-n, neguan bereziki eta Barents itsasoa izoztuta dagoela. Are gorago joan daiteke, Ipar polotik 1.000 kilometrora, Kapp Starostinen lehorreratzeko. Isfjorden-en hegoaldeko ertzaren mendebaldeko muturra da, Svalbard-etako leku babesgabea, irrati geltoki batean hotela duena. Islandian, Öndvertharnesviti, Snaefellsnes-en, leku galdua da, laranja koloreko itsasargi bitxia duena. Baina irlaren punturik mendebaldekoenera iristeko, Látrabjarg-eraino joan behar da, mendebaldeko fiordoetara.

Kapp Starostin, Ipar polotik 1.000 kilometrora, Isfjorden-en hegoaldeko ertzaren mendebaldeko muturra da, Svalbard-etako leku babesgabea, irrati geltoki batean hotela duena. (Xabier Bañuelos)

Mykinesholmur, Faroeetan. (Wojciech Kruczynski | Getty Images)

Hegoalderago Irlandako Mizen Head dago, Cork-en, itsasoaren gaineko zubiarekin. Han, Cape Clear-en parean beren kostaldeko etxea azken aldiz ikustean, hasperen egiten zuten emigranteek. Iparraldeko uharte horietan leku asko daude munduaren amaiera itxurakoak. Northern View da bat, Eskoziako Orkadetako Papa Westray uhartean dagoena. Hermaness da beste bat, Shetlandetako Unst uhartean, non Stevenson anaiek, Robert Louisen aita eta osabak, Muckle Fluggako itsasargia eraiki zuten, oraindik ere bere “uharte pikoan” itsasoaren oldarraldiei eusten diena.

Faroeetan leku harrigarriak daude; esaterako, Bosdalafossur, Vagar uhartean, non laku batek ur-jauzia egiten duen itsaso gainera; edo Mykinesholmur, non itsasargiraino oinez joan gaitezkeen lanperna-musu delako hegazti ugariz inguratuta; edo Fugloy, uharte flotagarri eta urruna.

Faroeetan leku harrigarriak daude; esaterako, Bosdalafossur, Mykinesholmur edo Fugloy

Ozeano berean baina erdialdeko latitudeetan, antizikloiaren uharteek Farol dos Rosais bezalako lekuak eskaintzen dituzte Sao Jorge uhartean. Leku horrek Atlantikoaren handitasunaren parean muga-mugako egoeran jartzen zaitu, baleen talaia zahar baten ondoan eta XX. mendearen erdialdeko itsasargi handi baten hondar beldurgarri samarren ondoan. Eta hemen egonda, gogoan dut La Palmako La Cruz del Centinela, Azoreetarako bidea hartu nuenean Kanarietan ikusi nuen azken lur eremua.

EDGE OF THE WORLD

Baina urrunago joan behar da, antipodetara, adibidez. Urrunena Slope Point da, Zeelanda Berriko Hegoaldeko Uhartearen hegoaldea. Leku babesgabea da, haizeak orraztutako zuhaitzekin, Hego Polotik 4.803 kilometrora eta ekuatoretik 5.140ra. Haren kidea baina kontrako aldean Cape Reinga da; honen itsasargi zuria Aupouriko penintsulako azken muinoan dago, Ipar uharteko Far Northen. Arthur Riverren Tasmaniako kostaldean dago Edge of the World ezezagun eta berezia, Munduaren Ertza, aurrean itsaso eremu zabalena duen planetako lekua.

Mizen Head Irlandan dago, Cork-en. (Olha Kachur | Getty Images)

Vardø-n dago lekurik muturrekoenetakoa, Skagodden fyrlykt, neguan bereziki eta Barents itsasoa izoztuta dagoela. (Xabier Bañuelos)

Mendebalderantz zuzen nabigatuz gero, lurrik ikusi gabe iritsiko gara Argentinara. Agian, Vírgenes lurmuturrera, itsasargiaren ondora, non Nazional 40 mitikoaren zero kilometroa dagoen, edo Punta Delgadara, Beagleko kanalean, Ushuaiatik gertu, Los Exploradores itsasargian. Egia da kanal bat dela eta lurra ikusten jarraitzen duzula iparraldera eta hegoaldera, baina ezerezeranzko bidea dela ematen du, edo infinituranzko bidea.

Ondoan dagoen Txilen, Chiloé uharteko Cucao hondartzako hareatza handian galduko dugu begirada. Eta barnealdeko lekuen artean Puerto Natales-en bakarrik sentitu dut munduaren amaieran nagoela. Halere, ez da guztiz “barrualdekoa”, fiordoz, penintsulaz eta irlaz osatutako multzo batean baitago.

Papakolea hondartza berdea, Ozeano Barean, Ameriketako Estatu Batuetako punturik hegoaldekoenean. (Tiki Tales Films | Getty Images)

St. Mathieu de Fine Terre, beneditarren abadiako itsasargiak eta hondarrek osatutako multzo ederra, Bretainian, Penn ar Bed-en. Plougonvelin lurmuturrean dago, zelten bi finisterreak lotzen dituen Donejakue bidearen abiapuntuan. (DaLiu | Getty Images)

Ozeano Barera jauzi egingo dugu; handik datozkit Hawaiiko Ka Lae edo South Pointeko oroitzapenak. Ameriketako Estatu Batuetako punturik hegoaldekoena da, Papakolea hondartza berdetik gertu. Galapagoak ere ikusten ditut Isabela irlako Sierra Negra sumendiaren gailurretik. Eta, amaitzeko, Senegaleko Gore uhartea eta Zanzibarreko Unguja. Horietan hotzikara ematen dit beti, lurraren amaiera den sentimendua arrazoi izugarri batek eragiten baitu, bertatik esklabo gisa abiatu zirenen oinazeak.

Horregatik, bizitzarekin adiskidetzeko, Cabo Verdeko penintsularaino noa, Dakarretik hurbil, Afrika kontinentaleko punturik mendebaldarrenetik itsasoa berriz ikusteko, edo Pembara nabigatuko dut, Ras Kigomashako Vumawuimbi hondartzan gauak harea zuriaren gainean eserita harrapa nazan.