Urtzi Urrutikoetxea (U.U. Azoreetako Turismoa eta Getty Images)

São Miguel, Azoreetan, Atlantikoaren erdian geldialdia

Atlantikoan Europak izena galtzen duen lekuan, albistegietan antizikloiarekin lotu ziguten artxipelagoa dago. Kulturaz portuges, nortasunez autonomo, kontinente zaharrera bezainbat Ameriketara begiratu dute bertakoek, eta beti itsasora. Egun, lotura horien guztien erdigune bihurtu da São Miguel, Azoreetako uharte nagusia.

Azoreetako kosta-lerroa eta basoak bat egiten, aireko irudian. (Getty Images)
Azoreetako kosta-lerroa eta basoak bat egiten, aireko irudian. (Getty Images)

Azoreetako irla handiena eta jendetsuena da. Bertan dago hiriburua eta aireportu nagusia, eta, hala ere, bizimodu patxadatsuaren zantzuak dira nagusi, nahiz eta Ponta Delgada hiriburua bi erreiko errepideak inguratuta dagoen. Urrunago, itsasoak eta sumendiek zizelkatutako paisaia txundigarria dugu zain. Ez da irla txikia, baina handiegia ere ez: Ponta Delgadatik ordubetera dago leku urrunena, kontuan izanda irlaren erdian dagoela hiriburua. Mendebaldetik ekialderaino joateak luzeago jo dezake.

Azoreetako kokapen bereziak, Atlantikoaren erdian egoteak, alde bietara begira egotea ahalbidetu dio: Portugalen menpeko irla autonomoa da eta herrialde horretako biztanleek populatu zuten duela bost mende, baina mendebaldera, Ameriketara, begira ere badago artxipelagoa. Europa amaitzen den txokoa da; sartalderantz jarraituta itsasoa eta itsasoa dago, Ipar Amerikako kontinenteari dagokion Bermuda irlara ailegatu arte.

Miradouro da Ponta Sossego, ekialdeko muturrean, irlako lekurik ikusgarrienetakoa da. (Balate Dorin | Getty Images)

Lagoa do Pau Pique aintzira bolkanikoa, uhartearen mendebaldean. (Tomas Sereda | Getty Images)

Ez da harritzekoa, beraz, britainiarren menpeko irla horrekin eta Ipar Amerikako Atlantikoko zenbait leku harreman berezia izatea: Massachusetts-en eta Eskozia Berrian, esaterako, portugaldarren arrasto luzea dago, eta oraindik hizkuntza horretan egiten duten kolonia ugari daude. Era berean, Europatik hurbilago baina Amerika ere urrun ez dagoenez, bertako aire-konpainiak ozeanoaren bi aldeetara ditu hegaldiak. Hala, Euskal Herritik Ameriketara joateko era originala izan daiteke, tartean egun batzuk Azoreetan emanda.

Hiriburua ez dago aireportutik urrun; bidean, atentzioa eman diguten plantazioetan ananak dituzte negutegietan. Plantaçao de Ananás dos Açores, Ananás Santo Anónio, Plantaçao Ananases A Arruda dira inguruan daudenak. Ponta Delgadatik oso minutu gutxira daude denak ere.

Bale, izurde eta itsas-bizitzaz gozatzeko lekua dira Azore uharteak. (Azoreetako Turismoa)

Ermida de Nossa Senhora da Paz (Bakearen Andre Mariaren ermita), Vila Franca do Campo herrian. (Liubomir Paut | Getty Images)

Turismoarekin, Ponta Delgadan jatetxe, kafetegi eta denda berri gehiago ireki dituzte azken urteotan, eta abandonatutako elizak eta bestelako eraikin batzuk ere zaharberritu dituzte. São Migueleko eta Azoreetako hiriburua den arren, herri handi baten kutsuari eusten dio. Bisitariak ez dira honaino hiria ikustera etortzen, baina denak pasatzen dira bertatik, eta gehienek hirian edo inguruan hartzen dute ostatua.

Hegazkinak lur hartzerakoan hiriburua ageri den leihoan egonez gero, barne-aintzira ia erabat biribil bat daukan uharte txikiak emango digu atentzioa. Ilhéu de Vila Franca irlatxoa da

Ados, ez da martxa handieneko lekua, baina aski atsegina da bertakoek “Avenida” deitzen dioten itsas pasealekuan ibiltzea. Mercado da Graça sasoi berrien nahastearen adibide da: bertako janaria erosteko lekua da, eta etxera opariren bat eramateko postuak ere ez dira falta. Igreja Matriz elizaren inguruan ere turistak eta bertakoak ibili ohi dira, egun osoz; udako ilunabarreko topalekua ere bada.

São Nicolau eliza, Sete Cidades herrian. (Iryna Shpulak | Getty Images)

Horretaz guztiaz gain, uhartearen erdian egonik, eguneko txangoetarako gunea da Ponta Delgada. Eta azkena: Azoreak baleak ikusteko munduko leku onenen artean daude. Udaberria da horretarako sasoi egokia. Pico edo Faial uharteak bisitatuz gero, hobe da haietan hartzea txangoa, baina São Miguel soilik bisitatuz gero, aukera paregabea da itsas ugaztun erraldoi hauekin topo egiteko.

Hegazkinak lur hartzerakoan hiriburua ageri den leihoan egonez gero, barne-aintzira ia erabat biribil bat daukan uharte txikiak emango digu atentzioa. Ilhéu de Vila Franca irlatxoa da, hiriburuaren ondoko herriaren parean biztanlerik gabeko uhartea. Ez da inor bizi bertan, baina urpean ibiltzeko txango ugari antolatzen dira.

Ilhéu de Vila Franca do Campo irlatxo bolkanikoa, urpekaritzako zaletuen kuttuna. (Sergey Dzyuba | Getty Images)
Gorreana te-plantazioaren aireko irudia. (Cicero Castro | Getty Images)
SUMENDI ETA AINTZIRAK

São Miguel ekialdetik mendebaldera luzatzen den irla da; askoz eremu txikiagoa dauka iparraren eta hegoaren artean. Bisitatzeko lehen gunea hiriburutik ekialdera dagoen Sete Cidades da. Sumendi bateko krater zahar baten inguruan uharteko aintzira eta begiraleku ezagunenak daude. Uharteari buruzko edozein postaletan ageri den irudia da.

Eguraldiari adi ibiltzea komeni da; egun eguzkitsuetan zoragarria den legez, laino edo euritsu egonez gero baliteke ikusi ere ez egitea. Aintzira berdea eta urdina bereizi ohi dira, inguruko landarediaren islaren ondorioz, baina berez zubi batek lotutako laku bakarra da. Kondairaren arabera, maitemindutako printzesa baten eta artzain baten malkoek sortu zituzten lakuak, elkarrekin egotea debekatu zietenean; artzainaren begi urdinek eta printzesaren berdeek aintzira urdin eta berdea sortu zituzten.

Ponta Delgada hiriburuaren inguruko paisaia, zelai eta kostaldeko labarrekin. (Getty Images)

Lagoa do Canario, Sete Cidades-eko aintziren inguruan. (Manuel Espana | Getty Images)

Miradouro da Vista do Rei begiraleku famatuenetakoa da, eta udako denboraldi turistikoenean autobus gehiegi ere egon litezke errepide estuotan. Aparkalekua ere beteta egon liteke; edozelan ere, mugimendu handia egoten da, eta berandu baino lehen agertuko da norbait aparkatzeko gune bat libre uztera.

Bista ederrek merezi dute itxaronaldia, eta, bertan liluratuta geratzeaz gain, autora berehala itzuli barik badago oinezko txango bat egitea ere, Miradouro da Boca do Infernoraino. Infernuko atarirainoko bidea lau samarra da gehienean, azken zati txikian izan ezik; sumendia izanik, gora egin beharra dago bistez gozatzeko; bertara heltzean, kraterreko Rasa eta Santiago aintzirak bereizten dira; jirabira osoan arnasa kentzeko moduko paisaiak ageri dira alde guztietan.

Furnas aintzirako gune geotermala. (Oliver Hoffmann | Getty Images)

Errepidea Sete Cidades herriraino iristen da. Hortentsiak loratzen diren sasoian, uztail-abuztuan batik bat, bide hau benetan zoragarria da. Herrian, São Nicolau eliza oso fotogenikoa da. Alde batetik, 1950eko hamarkadan izoztutako herria dirudi baina, bestetik, turismoak eta kirol aktiboek erabat biziberritu duten txokoa da: ur-kiroletarako alokairua dago, kanoan, kayakean, edo paddleboard-ean (zutik egoteko oholean) ibili nahi izanez gero.

Sete Cidadesetik hurbil, harea beltzeko Praia dos Mosteiros dago, itsas badiaren ertzean tente ageri diren harkaitz erraldoiekin. Ilunabarretarako oso atsegina da eta ura hotz samar egon arren, bainatzeko ez da leku txarra.

São Miguelek Europako te-zelai zaharrenak ditu. (Azoreetako Turismoa)
Sete Cidades herriko kraterreko aintziren irudi ikusgarria. (Tomas Sereda | Getty Images)
TEA EUROPAN

São Miguelen erdi-erdian dagoen sumendian, Lagoa do Fogo edo Suzko Aintzira aparteko lekua da. Irlaren iparra eta hegoa leku beretik ikus daitekeen leku bakanetakoa da, Pico Barrosatik. Hori bai, oskarbi egon behar da horretarako, eta lanbroa ohiko bisitaria izaten da tontor honetan. Errepideak fama handia hartu du, eta udako turismo sasoian batez ere, bertakoak bakarrik pasa daitezke autoz; gainerakoek shuttle autobusa hartu behar dute.

Ribeira Grande irlaren iparraldeko herri handirako bidean, Caldeira Velha naturagune edo oihan jurasikoa dago, ur termalak dituzten bi aintzirarekin. Lehenak, handienak, ez du ur oso berorik, baina bigarrenak 35 graduan dauka eta bisitari asko erakarri ohi ditu.

Miradouro da Grota do Inferno, inguruko ikuspegi ederrenerako bidea. (Frank GUENTHER | Getty Images)

Poços de São Vicente, uhartearen iparraldean. (Azoreetako Turismoa)

Uhartearen iparraldeko kostaldea berde-berdea da eta itsasertzeko txoko ederrez beteta dago. Erdialdetik mendebalderantz hasita, Miradouro de Santa Iria da begiraleku berezienetakoa tarte honetan. Egun eguzkitsuetan Irlandako muino berdeen itxura dauka, itsasoa beti hur bihurgune eta sakanetan. Hemendik hurbil, Europan oraindik jardunean dagoen te-plantazio zaharrena dago.

Chá Gorreana 1883koa da, eta emakume baten proiektua izan zen; Ermelina Pacheco Gago da Câmara konturatu zen São Migueleko klima heze eta epela eta lurzoru bolkaniko azidoa konbinazio egokia zirela tearentzat. Fabrika bera bisita daiteke; gela batzuetan gidariak daude argibideak emateko, eta, te beltz eta berdea dastatzeaz gain, te-zelaiak ere bisita daitezke. 32 hektareako eremuan ibilbideak daude eginda, eta goraino iritsita, ikuspegi bikaina dago, plantazioa muino-mazeletan eta itsasoa atzean.

COZIDO DAS FURNAS

Irlaren ekialdeko bidean Furnas herria dago eta izen bereko aintzira, uharteko hirugarrena. Hemen ere ur termalez goza daiteke, eta Cozido das Furnas gisatu ezaguna egiten den lekua da. Herri txiki eta atsegina da, eta gastronomiak eta batez ere Caldeirasko ur termalek turista ugari erakartzen dituzte honaino. Terra Nostra parkeko landare eta loreen bilduma da beste erakargarri handienetako bat, eta bertan daude irlako iturri termal ederrenetakoak ere.

Sete Cidadesetik hurbil, harea beltzeko Praia dos Mosteiros dago, itsas badiaren ertzean tente ageri diren harkaitz erraldoiekin. Ilunabarretarako oso atsegina da

Hemendik ipar-ekialderanzkoa turista gutxien joaten den eta nolabait uharteko txoko basatiena den eremuaren ataria da. Miradouro da Ponta do Sossego eta Miradouro da Ponta da Madrugada paisaia indartsu horren begiralekuak dira. Aurrerago Ribeira dos Caldeirões parke naturalak oihan eta kanoien arteko ibilbide ugari ditu, sarritan beste bisitaririk gabe goza daitezkeenak.

Gida praktikoa

Nola heldu

Bilboko aireportutik Lisboan eta Oporton eskala eginda bospasei orduan irits daiteke. Hegaldi zuzenak dauden sasoian (udan), hiru orduko hegaldia da.

Ostatua

Azoreetako azpiegitura turistiko handieneko uhartea izan arren, bisitari askoko sasoian komeni da aurretiaz hartzea.

Mugitzeko

Naturagune garrantzitsuenetara iristeko autoa alokatzen dute bisitari gehienek. Hotel eta ostatuetako asko ere ez daude hirien erdigunean, eta norbere ibilgailurik gabe zaila da bertara iristea.