Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Alessandro Ruta (Getty Images)
Crespi d’Adda, langile herrixka Lombardiaren bihotzean
Leku askori buruz esaten da askotan, gehiegitan, «hemen denbora gelditu egin da». Baina denbora ez da geldirik egoten; igaro egiten da. Abiadura handiko aroan gaude, bai; beraz, erritmoa moteltzen dugunean konturatzen gara batzuetan denborarekin batera bidaiatu daitekeela. Gu Crespi d’Addan izan gara, denborarekin atzera-aurrera jostatzera gonbidatzen duen herrixka italiar bitxian.
Europako ‘langile-herrien’ artean benetako harribitxia da Crespi d’Adda. (Getty Images)
Langileak jabearen lurretan aritzen ziren, nekazaritzaren produktuak aprobetxatzen. Eskubiderik? Oso gutxi. Askatasunik? Are gutxiago
Hala ere, bidaia-aldizkaria da hau, ez filosofia-aldizkaria. Horrenbestez, Italiako herrixka batera eraman nahi zaitugu, non denbora ez den gelditu. Ez, Crespi d’Addak adierazten digu bestelako iragan bat egon zela hor bertan. Europako ‘langile-herrien’ artean benetako harribitxia da; ezinbestekoa, abiadura handiaren sinboloaren eskualdean bidaia alternatibo bat egiteko: Lombardia.
IPARRALDEAREN LABURPEN BAT
Unescok Italiako 61 gune izendatu ditu gizateriaren ondare, inon baino gehiago. Horietako bat, Crespi d’Adda, 1995ean sartu zen zerrendan. Lombardian dago, Bergamo probintzian.
Kokapena ere oso interesgarria da, Bergamo eta Milan arteko errepidean baitago, bi mundu lotuko balitu bezala, lan asko egin duten bi mundu.
Eraikinaren egitura ez da aldatu. (Nicola Natrella | Getty Images)
Nabaria da gune industriala izan zela. (Valenti Daze | Getty Images)
Bergamo eta Milan, Milan eta Bergamo. Lotura handiena autobide bat da, A-4a, Turin eta Trieste konektatzen dituena. Ez da A-1a bezain ikonikoa, baina nortasun handikoa da, batez ere Lombardiako zatia, milaka industrialde daudena. Egun oso eguzkitsuetan mendiak bidelagun bihurtzen dira, ezkerrean zein eskuinean.
Crespi d’Adda Bergamo probintziako Capriate San Gervasio hiriko urbanizazio bat da, baina independentea dela dirudi. Bertaratzeko aukera egokiena Orio al Serio aireportura iristea eta Capriateraino A-4a hartzea da. Handik 10-15 minutura dago gure helburua: Crespi d'Adda.
INDUSTRIA MUNDUKO FAMILIA
Herriaren izena bi hitzez osatuta dago. Batetik, Crespi; ez da abizen soila, industria munduko familia oso ezagunaren instituzioa baizik. Eta, bestetik, Adda, ibaia, Lombardiako ur-bideen sinboloa. Alpeetan jaio eta Po handian bukatzen da, 313 kilometroko ibilbidea egin ondoren, mendietatik lautadaraino. Ez da inon eskualdetik ateratzen. Bidean, Comoko aintzira zeharkatzen du, baita bere izena daramaten herri batzuk ere; guztira, 22. Ezagunenak Cassano d’Adda, Trezzo d’Adda, Rivolta d’Adda eta Spino d’Adda dira.
Hesia ondo kontserbatu da. (Getty Images)
Langileen etxebizitzak antzekoak ziren, txikiak, egitura berekoak... Oraindik ere jatorrizko jabeen familiak bizi omen dira eta ondo moldatzen dira Crespi d’Addan, zerbitzu gutxi duten arren. (Getty Images)
Adda gaineko zubi batzuk benetan ikusgarriak dira. Ezagunenetakoak, Ponte di San Michelek zehazki, Paderno eta Calusco (d’Adda, noski) lotzen ditu. Bi bide dauzka: goikoa, auto eta motorrentzat, eta behekoa, trenarentzat. Azken hau leku bukolikoa da; garai batean bertan izandako lantegiak gogora ekartzen ditu.
Historikoki, nortasuna eta erlijioa bat eginda egon dira leku honetan. Adibidez, Crespi d’Addatik oso gertu bi gune garrantzitsu daude: Caravaggio, bere santutegiarekin (‘Italiako Lourdes’, Ama Birjina bertan agertu zelako 1432. urtean) eta, batez ere, Sotto il Monte Giovanni XXIII; alegia, Roncalli aita santuaren jaiolekua.
Cristoforo Benignok ez zuen soilik lantoki bat eraiki, hiri oso bat baizik, langileek bizileku bat izan zezaten
XIX. mendean Crespik bere lantokiak zituen Lombardian, bereziki Lecco eta Como artean, baina beste bat zabaldu nahi zuen eta, mapan begiratu ondoren, erabaki zuen kotoigune bat sortzea Capriate San Gervasioren eta Adda ibaiaren artean. Horretarako, 85 hektareako lurraldea erosi zuen.
Ideia nahiko iraultzailea zen, Italian behintzat. Crespi patriarka Cristoforo Benignok ez zuen soilik lantoki bat eraiki, hiri oso bat baizik, langileek bizileku bat izan zezaten. Ingalaterran bezala, baina 1876an guztiz ezohikoa zen. Seguruenik, Cristoforo Benigno Crespi industrialariak Londres bisitatu zuen aurretik eta, gainera, AEBrekin zituen harreman sendoak izan zuten eraginik.
Fabrikaren zati ikoniko bat. (Getty Images)
Fabrikaren sarrera bat. (Valenti Daze | Getty Images)
Lurraren osaera, gune hartan, erabakigarria zen. Capriate San Gervasio eta Adda artean badago irla moduko azken puntu bat: Isola Bergamasca. Goitik ikusita, airean zintzilik dagoela dirudi, erreka gainean. Erreka ondoan, berriz, bizitza sortu zen.
Langileak jabearen lurretan aritzen ziren, nekazaritzako produktuak aprobetxatzen. Eskubiderik? Oso gutxi. Askatasunik? Are gutxiago. Egunerokotasunaren leloa errepikakorra zen; gutxi gorabehera, lantokia-etxea-eliza, eta alderantziz. 1978ko Ermanno Olmiren ‘L’albero degli zoccoli’ filmak (Cannesen Urrezko Palma irabazitakoak) primeran erakusten du iraganeko egoera hori. Marxismoa? Iraultza komunista edo antzeko zerbait? Nahiko urrun.
Crespi d’Addako hilerria benetan ikusgarria da, erraldoia eta bitxia. (Joaquin Ossorio-Castillo | Getty Images)
ALDAKETAZ ALDAKETA
Paradoxikoa dirudien arren, Crespi d’Adda-ra iristeko modu bakarra, edo erosoena, autoa da. Ez dago trenbiderik, ezta autobusik ere. Beraz, autoz, motorrez edo bizikletaz hurbil daiteke bisitaria. Baita oinez ere. Capriatetik 40 minutu beharko ditu.
Azken aukerak eskatzen du denbora gehien, noski, baina poetikoena ere bada. Erakusten digu nola mugitzen zen jendea XX. mende hasieran. Crespi familiak, ziur aski, izango zuen autoa, baina gainontzeko biztanle eta langileak oinez mugitzen ziren, derrigorrez. Asko jota, zaldiz!
Paradoxikoa dirudien arren, Crespi d’Adda-ra iristeko modu bakarra, edo erosoena, autoa da. Ez dago trenbiderik, ezta autobusik ere
Modu batera edo bestera, Capriatetik kanpoalderantz jo behar da, Via Bergamo aldera, eta ezkerretara jo. Berehala, ‘L'albero degli zoccoli’ filmeko giroan sartuko gara. Etxe txikiak, landareak, baserriekin antzekotasun handia duten eraikuntzak, Lombardiako corti edo patio handi eta jendetsuak…
Herriko kupula adierazgarria. (Cavallapazza | Getty Images)
Erlojua martxan izatea oso inportantea zen, noski. (Getty Images)
Errepidean ez dago lasai ibiltzeko arazorik. Landan gaude, baina hiriak une oro gogorarazten digu non gauden: espaloiak, tabernak, bankuak, jatetxeak, gasolindegiak, etxeak... Hemen inor ez dago isolatuta, Via Crespira iritsi (Crespi kalera) eta A-4 autobideko zubia goitik zeharkatu arte. Une horretan aldatzen da egoera, hiria atzean gelditzen delako eta bidean «Crespi d'Adda» dioten kartelak agertzen hasten direlako. Marroi kolorekoak dira. Kolore horrek monumentu bat dela esan nahi du Italian.
Corso Alessandro Manzoni da Crespi d’Addako ataria. Italiako literaturan garrantzi handiko idazlea da. Milanen jaiotako egileak ‘I promessi sposi’ (‘Ezkongaiak’) idatzi zuen. XVII mendeko Lombardian girotutako obra da, Espainiako Erreinuak agintzen zuen garaian.
Lantokiaren irudia. Inposatzailea, ikaragarria, irudimena erabiliz bidaiaria Charles Dickens idazlearen eleberrietara –‘Oliver Twist’-era, adibidez– salto egitera bultzatuko duena. (Getty Images)
Corso Alessandro Manzoni-n panorama guztiz aldatzen da. Itzuli dira etxeak, baina Capriate San Gervasiokoekin alderatuta, oso desberdinak dira, estiloari dagokionez.
Ezkerrean eliza erraldoi batek agurtzen gaitu, Crespi d’Addako sinboloa dena: Santissimo Nome di Maria. Lana eta erlijioa, arestian aipatu bezala, beti eskutik helduta doaz Bergamoko inguruetan. Crespi familia ere bere langileekin zegoela iradokitzen du eraikuntzak; bai, behintzat, espiritualtasun kontuetan.
Bide berean jarraituz gero, hiriko irudirik adierazgarriena azalduko da: lantokia. Inposatzailea, ikaragarria, irudimena erabiliz Charles Dickens idazlearen eleberrietara –‘Oliver Twist’-era, adibidez– salto egitera bultzatuko gaituena.
Berrikuntza batzuk izan dituzte azken hamarkadetan, bai lantokiak, bai ondoko zentral hidroelektrikoak, baina oinarrizko egitura ez da aldatu. Monumentu bat ez den arren, antzeko bisita-ordutegiak ditu. Hala ere, kotoigunea ez dago martxan, 2003. urtean makinak itzali egin zirelako betirako, 125 urtez funtzionatu ondoren. Azkenean, krisiak sektoreari irabazi zion.
Dena den, 2013an industrialari ezagun batek erosi zuen industriagune osoa. Atalanta futbol taldearen jabe eta presidente Antonio Percassik erabaki zuen erositakoa bizirik mantentzea. Asko egin zuen lurraldearen alde eta Crespi d’Addaren alde. Kotoigunea arriskutik kanpo zegoen berarekin, arkiteknikoki behintzat. Zabor-tximinia, altua eta estua, hor dago oraindik, goitik zelatatzen, kanpandorre baten antzera.
2013an industrialari ezagun batek erosi zuen industriagune osoa. Atalanta futbol taldearen jabe eta presidente Antonio Percassik erabaki zuen erositakoa bizirik mantentzea
Eliza eta lantokia antzeko egoeran daude. Atzean Adda erreka dute, baina zerbait falta da paisaia borobiltzeko. Langileen etxebizitzak, adibidez. Guztiak antzekoak, txikiak, egitura berekoak... Oraindik ere jatorrizko jabeen familiak bizi dira eta ondo moldatzen dira Crespi d’Addan, zerbitzu gutxi duten arren. Autobusik gabe, supermerkaturik gabe, apenas dago tabernarik… «Kilometro batzuk egin behar ditugu, baina ez dago arazorik», azaltzen dute. Euren gurasoek eta aitona-amonek gauza bera egiten zuten.
Unescok Italiako 61 gune izendatu ditu gizateriaren ondare, inon baino gehiago. Horietako bat, Crespi d’Adda, 1995ean sartu zen zerrendan. (Valenti Daze | Getty Images)
CRESPI FAMILIAREN «GAZTELUA»
Crespi familiak ere bere “etxea” du: villa bat, alegia. Villa baino gehiago, gaztelu bat da, Erdi Arokoak bezalakoa. Estilo post-erromantikokoa, 1893an eraikia. Gaur hutsik dago, inor ez da bertan bizi. Bitxia da, baina jabeen etxea izan zema Crespi d’Addako lekurik abandonatuena da. Ondoan, ilaraz ilara, etxe arruntak, gris eta gorriak. Ez dago barrokorik, ez Liberty estilorik; oso sinplea da dena.
Agian, bisita bukatzeko Crespi d’Addako azken geltokia ikusi beharra dago, hilerria. Erraldoia da, ikaragarria, bizitzaren zikloari amaiera ematen diona, jakina. Crespi familiakoak ere hor daude, eta haien ondoan, milaka langile. Efektua intimoa da, baina ez kasualitatea. Tenplu batean bezala, hildakoak modu berean lurperatuta daude, monumentu txiki batean. Umeak ere hor daude, lehenengo ilaretan. Ez dakigu lanagatik edota gaixo hil ziren.
Dena oso ondo kontserbatuta dago; horregatik, Unescok Crespi d’Adda munduko ondareen zerrendan sartzea erabaki zuen. Hiri normal bat dirudi, iraganeko bat ordezkatzen duena. Ziur aski, magia da turistek antzematen dutena.