Josep Solano (Argazkiak: Rodrigo Reyes Marin)

Fukushima, etxera itzuli nahi ez dutenen zain

Lurrikara, tsunamia eta hondamendi nuklearra gertatu eta hamabost urtera, Fukushima Japoniako energia eta teknologia berrikuntzako laborategirik handiena bihurtu da. Aitzitik, bertako biztanleen itzulerak lurraldearen berreraikitzeak baino askoz ere motelago egiten du aurrera.

Fukushimako roboten proba eremuaren ekialdeko bista, Minamisōma hirian. (Rodrigo Reyes Marin)
Fukushimako roboten proba eremuaren ekialdeko bista, Minamisōma hirian. (Rodrigo Reyes Marin)

Goizeko lehen orduan, Michi-no-Eki Namie errepideko zerbitzuguneak ateak zabaldu ditu Japoniako landa eremuko mota bereko beste edozein establezimenduk bezala. Bertako produktuen denda batzuk, jatetxe txiki bat eta hiriaren iragana zein etorkizuna azaltzen duten panelak daude. Egoerak normaltasuna transmititzen du.

Hala ere, aparkalekutik haratago begiratzea aski da konturatzeko Namie ez dela edozein hiri: denbora luzez egon zen hutsik, hamarkada batez baino gehiagoz, Fukushima Daiichiko ebakuazio eremuaren barruan. Gaur egun, berreraikuntzaren ikur bihurtuta, espazio honek Fukushimako paradoxa laburbiltzen du hamabost urte geroago: azpiegitura berriak, etorkizuneko proiektuak eta oso poliki itzultzen ari den biztanleria.

eVTOL pertsonal bat, Fukushimako Ikerketa, Hezkuntza eta Berrikuntza Institutuan (F-REI) ikusgai dagoena, Namie hirian. (Rodrigo Reyes Marin)

Hutsune horren istorioa 2011ko martxoaren 11n hasi zen, Japoniak bere historiako hondamendi handiena jasan zuenean. 14.46an, Richter eskalako 9 graduko lurrikara batek herrialdearen ipar-ekialdea astindu zuen zenbait minutuz. Epizentroa Sendaiko kostaldetik 130 kilometrora zuen. Lurrikarak hamabost metrotik gorako tsunamia eragin zuen, herri osoak suntsitu zituena: 560 kilometro koadro inguru urpean utzi zituen eta 19.000 pertsona ingururen heriotza eragin. Hondakinen eta kaosaren artean, Fukushima Daiichiko zentral nuklearra argindarrik gabe geratu zen; eta, hala, hondamendi natural bat Japonian eta mundu osoan aurrekaririk gabeko larrialdi nuklear bihurtuko zuen krisia piztu zen.

ERLOJU BONBA

Tsunamiak ez zuen kostaldea bakarrik suntsitu. Zentral nuklearreko larrialdiko sorgailuak urez bete zirenean, erreaktore batzuk hozte sistemarik gabe gelditu ziren eta instalazioa erloju bonba bihurtu zen. Hurrengo egunetan, gainberotzeak hiru hidrogeno leherketa eta atmosferara material erradioaktiboa askatzea eragin zuen. Hasieran hondamendi naturala zena krisi nuklear bilakatu zen, arriskuen plangintzan herrialdeak aurreikusi ez zuena eta, ondorioz, denbora errealean aurrekaririk gabeko erabakiak hartzera behartu zituen agintariak.

Fukushima Daiichiko zentral nuklearreko garbitzaileentzat egindako jantzia. (Rodrigo Reyes Marin)

Ebakuazioa azkarra bezain traumatikoa izan zen. Zentralaren inguruko 20 kilometroko hasierako eremuan, dozenaka mila pertsonak etxeak berehala uzteko agindua jaso zuten. Istripua gertatu ondorengo urtean, 160.000 egoiliar baino gehiago lekualdatu zituzten, jakin gabe inoiz itzultzeko aukerarik izango zuten. Herri osoak hutsik geratu ziren egun batetik bestera; etxeak, eskolak eta saltokiak presaka itxi zituzten, eguneroko bizitza bat-batean izoztuz. Kasu askotan berriro hasi ez den bizitza.

Ebakuazio haren lekukotasun asaldatzaileetako bat Ukedoko Lehen Hezkuntzako eskola da, Namie udalerrian. 2011ko martxoaren 11n, ikasleek zein irakasleek hamar minutuan baino gutxiagoan ebakuatu zuten eraikina, dardara sentitu eta tsunamia bazetorrela jakin eta berehala, simulazioetan ikasitako protokoloei jarraituz. Erreakzio horri esker, denak bizirik atera ziren.

Ukedoko Lehen Hezkuntzako eskolako ikasgela baten irudia, 2011ko tsunamiak eragindako hondamendia argi erakusten duena. (Rodrigo Reyes Marin)
ESKOLA, MEMORIA GUNE

Gaur, Ukedoko Lehen Hezkuntzako eskola egun hartan geratu zen bezala dago: liburu irekiak, erlojuak denboran geldituta, gela hutsak... Egun publikoari irekitako memoria gune bihurtuta, irudiak ez du azalpen handirik behar: leku horretan, istant batean, denbora modu zakarrean gelditu zela sentitzen du bisitariak; azpiegiturak ez ezik, hondamendiak errutinak eta etorkizunak ere suntsitu zituela.

Ebakuazio masiboaren ondoren, aurrekaririk gabeko deskontaminazio prozesu luze eta garestia hasi zen Japonian. Urteetan zehar, brigada espezializatuek lur geruzak, landaredi eta hondakin kutsatuak kendu zituzten, hamarkada batez behin-behinean gordeta Hamadoriko paisaiaren parte bilakatutako milioika zaku beltzetan. Segurutzat jotako eremuak neurtzeko, zonakatzeko eta pixkanaka berriz zabaltzeko lan konplexua gehitu behar izan zitzaion garbiketa fisikoari.

Emakume bat Fukushimako Tomioka upategiko mahastietan lanean. (Rodrigo Reyes Marin)

Prozesu horri esker ebakuazio aginduak pixkanaka altxatu ahal izan badira ere, populazioaren itzulerari dagokionez, emaitzak bestelakoak izan dira. Gaur egun, Hamadoriko zati handi batean azpiegiturak martxan daude eta itzulera posible da, baina, halere, itzultzeko erabaki pertsonalak motelago doaz.

Jabetuta berreraikitzea ezin zela galdutakoa berrezartzera mugatu, Japoniako Gobernuak Fukushima energia eta teknologia berrikuntzarako zentro handi bihurtzea erabaki zuen.

Tsunamiaren urteurreneko irudia. (Buddhika Weerasinghe | Getty Images)

Estrategia hori hainbat ekimenetan gauzatu zen, hala nola Fukushimako Ikerketa, Hezkuntza eta Berrikuntza Institutuan (F-REI). Erakunde hori 2023ko apirilean sortu zen, «sormenezko berreraikuntzarako» gune gisa; eta punta-puntako ikerketa bultzatzen du bost eremu estrategikotan –robotika, nekazaritza eta arrantza, energia, erradiazioaren zientziak eta hondamendi nuklearrei buruzko ezagutzaren kudeaketa–, Japoniako lehiakortasun zientifikoa eta industriala indartzeko eta eskualdean bizitzeko eta lan egiteko arrazoi berriak sortzeko.

Apustu energetikoa eraldaketaren ardatz nabarmen bihurtu da. Namie hirian tokiko agintariek hidrogenoan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko ekimenak bultzatzen dituzte, energia garbi horren ekoizpena, biltegiratzea eta erabilera eguneroko bizitzan integratzea sustatzen duten proiektu pilotuekin. Hain zuzen, ikuspegi horren adibide da, besteak beste, Fukushimako Hidrogeno Energiaren Estazio Esperimentala (FH2R). Energia berriztagarrietatik hidrogenoa ekoiztera bideratutako munduko instalaziorik handienetakoa da, trantsizio energetikoa gidatu nahi duen eskualde baten sinbolotzat sortua.

Misora robot bat, Japonia Ekialdeko Lurrikara Handiaren eta Hondamendi Nuklearraren Oroitzapen Museoan. (Rodrigo Reyes Marin)

Nolanahi ere, berrikuntza teknologikoa ez da energiaren sektorera mugatzen. Minamisōma hiriko Fukushimako Roboten Proba Eremuak hainbat ingurune erreal birsortzen ditu, azpiegiturak eta hondamendi eremuak barne, eta droneak, lurreko zein itsaspeko robotak eta sistema autonomoak probatzeko eremu gisa erabiltzen da. Fukushimako prefekturako kostan zehar industria oinarri bat eraikitzeko helburuarekin sortua, instalazioa aitzindari bihurtu da roboten garapenean zenbait aplikaziotarako, besteak beste, azpiegituren ikuskapena, logistika eta hondamendien prebentzioa.

EKINTZAILETZA SUSTATZEA

Berreraikitzeak tokiko ekintzailetza sustatzea ere izan du helburu. Adibidez, Ōkuman, zentral nuklearraren zati bat hartzen duen udalerrian, bertako Inkubazio Zentroak laguntza eskaintzen die inguruan lanean ezartzearen aldeko apustua egiten duten startup eta enpresa proiektuei, berrikuntza, iraunkortasuna eta suspertze ekonomikoa uztartuz. Beste elkarte bat ere aipagarria da oso: Belaunaldi Berriko Automobil Erregaien Biomasaren Berrikuntzarako Ikerketa Elkartea, erregai alternatiboak garatzera eta energia fosilekiko mendekotasuna murriztera bideratua, etorkizuneko mugikortasunerako esperimentazio gune gisa Fukushimak duen zeregina indartzeko.

Tomioka upategiaren proiektu xumeagoak baina sinbolikoagoak, adibidez, nekazaritza, tokiko ekonomia eta urteetan kutsaduraren sinonimo izan zen lurraldeari lotutako produktuekiko konfiantza berreskuratzeko ahalegina islatzen du

Memoriak funtsezko lekua du prozesu honetan. Japoniako Ekialdeko Lurrikara Handiaren eta Hondamendi Nuklearraren Oroitzapen Museoak 2011ko martxoaren 11ko gertaerak dokumentatzeaz gain, testuinguruan kokatzen du hondamendiaren inpaktu humanoa, soziala eta politikoa. Hala, berreraikuntzaren kontakizunak bizi izandako sufrimendua ezkutatzea saihesten du. Aldi berean, Tomioka upategiaren proiektu xumeagoak baina sinbolikoagoak, adibidez, nekazaritza, tokiko ekonomia eta urteetan kutsaduraren sinonimo izan zen lurraldeari lotutako produktuekiko konfiantza berreskuratzeko ahalegina islatzen du.

Misora robot bat, Japonia Ekialdeko Lurrikara Handiaren eta Hondamendi Nuklearraren Oroitzapen Museoan. (Rodrigo Reyes Marin)
BIZTANLERIA

Hamabost urte geroago, berrikuntzaren eta urrunaldiaren arteko tentsioan dagoen lurraldea da Fukushima. Azpiegiturak hor daude, proiektuak aurrera doaz eta diskurtso ofizialak biziberritzeaz eta etorkizunaz hitz egiten du. Hala ere, itzulera tasak mugatua izaten jarraitzen du, eta Sōsōko udalerri batzuetan, itzulera tasa ez da oraindik iristen 2011ren aurreko biztanleen %20ra. Ez dute, beraz, erabateko bizitza komunitarioa berreskuratzeko behar den biztanleriarik. Eskualdea kasu bereizi bat bezala aurkezten da gaur egun: espazio bat non teknologiak, energiak eta Estatuko plangintzak saiatzen diren konpentsatzen oraindik orbaintzeko prozesuan ez dagoen zauri demografiko eta emozionala.

Arrakasta teknikoa eta errealitate demografiko hauskorra elkarrekin bizi dira: biztanleria zahartua, itzulera mugatuak eta belaunaldi gazteak, kasu askotan beren bizitza prefekturatik urrun berregin dutenak

Azken hamabost urteetako balantzeak saihesten zaila den kontraesan bat uzten du agerian. Fukushima berrikuntza energetikoaren, robotikoaren eta erresilientziaren eredu bihurtu da, baina berreraikitzearen abiadura biztanleen itzulerarena baino azkarragoa da.

Udalerri askotan, etxeak birgaituta daude, errepideak berrasfaltatuta, eta oinarrizko zerbitzuak berrezarri dira, baina kaleak isilik daude, batez ere gauetan. Arrakasta teknikoa eta errealitate demografiko hauskorra elkarrekin bizi dira: biztanleria zahartua, itzulera mugatuak eta belaunaldi gazteak, kasu askotan beren bizitza prefekturatik urrun berregin dutenak.

INSTITUZIOEN PLANIFIKAZIOA

Japoniako agintariek defendatzen dute denbora funtsezko faktorea dela eta berreskurapena ezin dela berehalako itzulera zenbakietan bakarrik neurtu. Fukushimako berreraikuntza, batez ere, instituzioek planifikatutako proiektua izan da, teknologikoki asmo handikoa, baina sozialki ahulagoa.

Helburua da, berriz ere, enplegu kualifikatua, inbertsioa eta epe luzeko proiektuak erakartzeko gai izango den garapen eredu berri baten oinarriak ezartzea. Hala ere, alderdi emozionala eta soziala ere badira erronkak. Fukushimara itzultzea ez da erabaki ekonomikoa soilik, konfiantzazko jarrera baizik, eta konfiantza hori, hondamendi nuklear baten ondoren, edozein azpiegitura baino astiroago berreskuratzen da.

Ibilbideak Namie hiriko Ukedoko Lehen Hezkuntzako eskolan du kontrapuntu hunkigarriena. Han, ebakuazioaren kontakizunak estatistikoa izateari uzten dio, eta esperientzia egiazko bilakatzen da

Kontraste hori bereziki nabarmena da Namien, punta-puntako energia instalazioak eta ikerketa zentroak ia hutsik dauden auzoetan daudelako. Michi-no-Eki Namie zerbitzuguneak, elkargune, merkataritza gune eta suspertze ikur bihurtuta, anbibalentzia hori laburbiltzen du: espazio moderno, aktibo eta ondo diseinatua, oraindik eguneroko bizitza egonkorra berreskuratzeko borrokan ari den ingurune batez inguratua.

Ibilbideak Namie hiriko Ukedoko Lehen Hezkuntzako eskolan du kontrapuntu hunkigarriena. Han, ebakuazioaren kontakizunak estatistikoa izateari uzten dio, eta esperientzia egiazko bilakatzen da. Ikasgela, gelditutako erloju, liburu eta haurren marrazkiek 2011ko martxoaren 11ko ihesaldi azkarraren ondoren geratu ziren bezalaxe jarraitzen dute egun. Jendearentzat zabalik dagoen memoria museo bihurtu da, non argi gelditzen den ebakuazioaren arrakasta, ikasle eta irakasle guztiak salbatu zirelako.

Langile bat janaria prestatzen Fun Eat Markers-en. (Rodrigo Reyes Marin)

Gainera, berreraikitze diskurtsoaren inguruko ohartarazpen isila da Ukedo. Hidrogeno, robotika eta ekintzailetza proiektuen aurrean, gogorarazten du Fukushima ez dela soilik berrikuntza istorio bat, baizik eta galera, adore eta hausturarena ere badela. Prefekturan eraikitako etorkizuna ezin da bereizi gela hutsetako iragan izoztu horretatik, izan ere, memoria horrek ematen baitie zentzua aurrera egiteko ahaleginei.

Hamabost urte geroago, tentsio horrek prefekturaren egunerokotasuna markatzen jarraitzen du. Agintariak saiatzen dira frogatzen lurrikara, tsunami eta hondamendi nuklear baten ondoren ere posible dela etorkizun bat irudikatzea, nahiz eta ahalegin kolektibo horrek ez bermatu eguneroko bizitzaren itzulera. Erronka ez da teknikoa, humanoa baizik: berreraikuntzaren arrakastak konfiantza nahikoa eragitea, bizitza eta jendea pixkanaka etxera itzul daitezen.