Xabier Bañuelos (X.B. eta Getty Images)

Kodachrome Basin, okrearen formak

1948a zen. «National Geographic»-en argazki-espedizio batek, Utahko hegoaldea dokumentatzen ari zela, gutxienez 180 milioi urteko pinakulu bitxiz betetako arro bitxi bat aurkitu zuen. Okrez jantzita zeuden, baina kolorez inguratuta. Lekuaren edertasunak bultzatuta, berehala sortu zen estatu-parkea, Chimney Rock izendatu zutena, bere zutabe handien formengatik. Baina azkenean koloreak irabazi zuen eta izena aldatu zioten: Kodachrome.

‘Butte’ eta pinakulu txikien formazioak bisitarien zentrotik gertu. (Getty Images)
‘Butte’ eta pinakulu txikien formazioak bisitarien zentrotik gertu. (Getty Images)

Moab-eko ikastetxe bateko laugarren mailako ikasleak kantatzen entzuten ari naiz. Notek martxa militar bat dakarte gogora. Lelora heltzean, gogo berezia sumatzen da, beren eztarri gazteetatik “Utah, there’s no place like Utah” (Utah, ez dago Utah bezalako lekurik) ateratzen denean. Estatuaren ontasunak goraipatzen dituen kanta da, estatuarenganako maitasuna zabaltzeko sortua. Ez dakit egia den edo patriotismo sutsua den abestian kontatzen den guztia. Baina zerbaitekin ados nago nahitaez: bere edertasun soil, latz eta biluziarekin, eta bere parke naturalen handitasunarekin.

Utah kuasi-konfesionala dela esatea ezer ez esatea bezala da, Estatu Batuek jainkoarekiko duten obsesioa aintzat hartuta. Aski da dolar bati begiratu eta bertan In God We Trust (Jainkoarengan konfiantza dugu) inprimatuta ikustea edo behin eta berriro beren God Bless America (Jainkoak bedeinka dezala Amerika) betierekoa entzutea. Niri ere eskaini izan didate inoiz God Bless You (Jainkoak bedeinka zaitzala) bat.

Esku formako petrosomatoglifoak Indian Cave-n. (Xabier Bañuelos)

Parkearen ikuspegia atzean Brice Canyon duela. (Xabier Bañuelos)

Utahren berezitasuna, alde horretatik, Azken Egunetako Santuen Mugimenduarekin duen identifikazioa da; hau da, mormonismoarekin, bere aldaera guztietan. Hain zuzen ere, hori datorkigu lehenik burura estatuaren izena aipatzen dugunean. Eta ulertzekoa da; izan ere, Utahko biztanle guztiak ez dira mormoiak baina gaur egun gehienak bai, nominalki behinik-behin.

Lurralde basati, gogor eta ez oso abegitsua da. Itsas mailatik ia 1.800 metroko altueran gaude, goi-lautada erdi-desertiko batean, laua baina oso gorabeheratsua

Baina, horretaz gain, Utahk badu beste bereizgarri garrantzitsu bat. Arches, Brice Canyon, Zion, Capitol Reef eta Canyonlands parke nazionalen izenak entzunez gero, begiak zabal jartzen zaizkigu. Baita Monument Valley entzutean ere, zeinak ez duen kategoria hori, baina izango balu bezala. Baina agian jende askok ez dakiena zera da, horiek guztiak Utahn daudela, alajaina! Izan ere, John Smith eta bere urrezko taulak alde batera utzita, naturaren ekintzak lurralde hauetan bere eskuzabaltasun paisajistikoa zabaltzea erabaki du, eldarnioraino eraman gaitzaketen ikuskizun bisualak sortuz. Eta sinisten ez duenarentzat, gomendio bat besterik ez dut: lehen aipatutako eskola-kantak esaten digunari jarraitzea: «Just travel through the state and you will see»; alegia, Estatuan zehar bidaiatu besterik ez duzu, eta ikusiko duzu.

Parkearen ikuspegi orokorra. (Xabier Bañuelos)
Hoodooak Panorama Trail-en. (Xabier Bañuelos)
IZEN BENETAN HARRIGARRIA DUEN ESTATU-PARKEA

Utah Far Westeko ekialdeko mugan dago, Mississippi ibaiaren mendebaldean eta are Louisiana historikotik haratago ere. Muga horietan, ipar-ekialdean Mendi Harritsuak daude, mendebaldean basamortuak eta hegoaldean goi-ordoki erdi-idor eta malkartsua. Orografia honekin, ez da harritzekoa parke nazionalen sail hori izateak; baina, gainera, horien horizonteak bitxi naturalen segida batez elikatzen dira. Parke handietatik harago doazen askotariko gune babestuetan zabaltzen diren marabillak dira. Horietako bat, harrigarria bezain ezezaguna dena, Kodachrome Basin izen harrigarria duen estatu-parkea da.

Harkaitzezko hormaz inguratuta gabiltza une oro, non basamortuaren, kanoien eta ordokien gainean begiratoki bikainak zabaltzen diren

Berau bisitatzeko hegoaldera jo behar dugu. Lurralde basati, gogor eta ez oso abegitsua da, eta estatuaren zati handi bat hartzen du. Itsas mailatik ia 1.800 metroko altueran gaude, goi-lautada erdi-desertiko batean, laua baina oso gorabeheratsua. Zeharkatzen duten haran eta arroilek landaredia urri eta fina dute, eta horrek agerian uzten du harkaitzaren okre kolorea. Ingurua latza da, zakarra, bakartia, batzuetan bortitza eta makurra, labirinto itxurako bidezidorrez betea eta azal latz eta estukoa, baina aldi berean oldartsua eta ezohikoa.

Oinarri konikoa duten hoodooak Secret Passagen. (Xabier Bañuelos)

Halako tokietan harrituta geratzen da bat, hain dramatikoa, hain asaldagarria eta are etsaitasunezkoa izan daitekeen inguru batek aldi berean hain magikoa eta hain iradokitzailea den edertasunean murgildu gaitzakeela ikusita. Western batean murgiltzea bezalakoa da, batez ere inguru honetan, Kanab inguruan; “Holliwood Txikia” esaten diote herri honi, filmatu diren pelikula ugariengatik.

Parkearen izenak publizitate asmoren bat ote duen pentsaraziko digu. Estatu Batuak izanda ere ez litzateke arraroa izango. Kontua hori baino bitxiagoa da. “National Geographic” aldizkaria da erruduna. Inork ez zuen leku hau ezagutzen; soilik inguruko jatorrizko herriak eta inguruko bi herritako, Cannonvilleko eta Heriervilleko, ganaduzaleren batek, abelburuak neguan larratzera hara eramaten zituenak. Baina 1948an aldizkariko argazkilariak inguru honetan ibili ziren hurrengo urtean argitaratuko zen erreportaje baterako irudiak hartzen.

Tamaina handiko orratza. (Xabier Bañuelos)

Jakina, Kodachrome filma erabiltzen zuten, garai hartan kolorea ondoen erreproduzitzen zuena. Eta lekuaren aniztasun kromatikoarekin harrituta, Kodachrome Flatt izena jartzea bururatu zitzaien. Baina 1962an izena aldatu zioten, estatu-parke bihurtu zutenean. Agintariak beldur ziren Kodakek egile-eskubideak erreklamatuko ote zituen, eta Chimney Rock izena jarri zioten. Eta horrela deitu zen urte batzuez, Kodak-ek bere oniritzia eman eta Kodachrome Basin izena berreskuratu zuen arte.

PARKEAN BARRENA

Harkaitzezko hormaz inguratuta gabiltza une oro, non basamortuaren, kanoien eta ordokien gainean begiratoki bikainak zabaltzen diren. Batzuetan labirinto batean gabiltzala ematen du, harkaitz artean ezkutaketan jolasten ari garela, formazio bitxiak aurkitzen ditugun bitartean. Kolore-aldaketak ia etengabeak dira perspektibaren eta eguneko momentuaren arabera, eta tonu gorrixkak zuriekin, horiekin, berdeekin eta zeruko urdinarekin nahasten dira. Orduantxe justifikatzen da ondoen bere izena. Baina Chimney Rockekoa alternatiba txarra ez zela ere ikusiko dugu, parkeko elementu bereizgarrienak dituelako, bailararen hondo osoa betetzen duten hareharrizko pinakuluak.

Tontor horietatik 67 tximinia moduan sortzen dira. 2 eta 50 metro arteko altuera dute, forma, profil eta testura desberdinekin. Batzuk garaiak, meheak, lerdenak eta orratz itxurakoak, zorrotzak, dira; beste batzuk bonsai-mendi txikiak bezalakoak dira; beste batzuk oinarri zabaleko konoak dira, titiburu formako punta dutenak… Batzuek izen propioa dute, hala nola Ballerina Spire, Mammoth Spire, The Sentinel eta Chimney Rock, azken hau handiena. Ikuskizun ederra dira guztiak, lurrazal sedimentarioan gertatutako erosio-prozesu diferentzial batetik azaleratutakoak.

Koloretako geruzak Panorama Point-en. (Roberto Lo Savio | Getty Images)
FREMONT KULTURA

Baina badira formazio bitxiagoak ere; Indian Caveko paretan, adibidez. Bertan, badirudi izaki antropomorfo batek eskua harkaitzean estutu zuela beherantz tiratuz, eta aztarna fantasmagoriko batzuk sortu zituela, oso sakonak batzuk.

Ez dago argi nola osatu ziren, baina ez dira naturalak. Badirudi petrosomatoglifoak, labrak edo petroglifoak direla, gizakien eskuek hareharria ukituta sortuak direla. Horien jatorria ere ez dakigu, baina Fremont kulturak, anasazi taldekoak, egin zituela uste da. Utahren zati handi bat K.o. 300 eta 1300. urteen artean okupatu zuen talde anasaziak. Ehun baino gehiago daude eta horien esanahia berriz ere misterio bat da. Interpretazio gehienak antzinako nazio haren mundu espiritualaren eta identitate-adierazpen gisa lurrarekin zuten loturaren ingurukoak dira.

Ez dago argi nola osatu ziren, baina ez dira naturalak. Badirudi petrosomatoglifoak, labrak edo petroglifoak direla, gizakien eskuek hareharria ukituta sortuak direla

Esparru geografiko honetan ohikoa den bezala, slot canyon delakoak ere ez dira falta, “zirrikitu-kanoi” itzul daitezkeenak. Utahk mota honetako formazioen munduko kontzentrazio handiena du eta Kodachrome Bassinek Cool Cave-n du bere adierazgarririk onena. Horma sakonen arteko pasabide estu eta bihurgunetsua da, bere azken absidean errebotatzen duten argi, itzal eta oihartzunez betea.

BEGIRATOKI IKUSGARRIA

Trazatu sigi-sagatsua harkaitzean sartuta doa, ortzi-muga bakarra zeruranzko zirrikitu estua delarik. Hain klaustrofobikoa gerta daiteke, ezen bertatik atera eta Panorama Pointen begirada altxatzean kontrastea basatia baita, ia askapena sentitzeraino. Zalantzarik gabe, parkeko begiratoki ikusgarri eta ederrena da. Bertatik, Brice Canyoneko hoodooak dakusagu mendebaldean eta Grand Staircaise-Escalante monumentu nazionala hego-ekialdean.

Kolorea eta forma. Haizearen zizelak trazatutako profilak eta uraren leungailuak leundutako gainazalak. Arroka-mihise baten gainean pintzelkada luzeetan aplikatzen diren mineral-pigmentuak eta distiraren esgrafia erliebe bihurtzen duten espatulak. Zizela, leuntzeko makina, pintzela eta espatula, tresna horiek guztiak, denboraren patxada eta maisutasunarekin maneiatuak. Horrela margotzen da, horrela zizelkatzen da, eta horrelakoa da Kodachrome Basinen 3Dko obra.

Gida praktikoa

Nola iritsi

Segur aski Brice Canyon parke nazionaletik etorriko zara. Hemendik Cannonville herrira iristen da, 24 kilometro eskasera dagoena. Parkea Cannonvilletik 11 kilometrora dago errepide zolatu bidez. Kanab-etik 2 ordu inguru dira iparralderantz.

Nola mugitu

Txikia da, 9 kilometro koadrokoa, eta nahiko laua. Eskaintzen dituen zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ondo daude. Ondo seinaleztatutako hainbat ibilbide ditu, irisgarriak eta luzera desberdinetakoak. Oinez, bizikletaz edo zaldiz egin daitezke. Panorama Trail izenekoa da osatuena, baina hor daude Eagel’s View, Angel’s Palace, Grand Parade, Sentinel… Egun bat nahikoa da.

Noiz joan

Urte osoan egin daiteke. Garairik onena? Apiriletik ekainera bitartean, esango nuke. Uda oso beroa izan daiteke, baina jasangarria.

Beste bisita gune batzuk

Handik gertu, Brice Canyon Parke Nazionala, Escalante Petrified Forest estatu-parkea eta Grand Staircaise-Escalante Monumentu Nazionala daude.