Xabier BAÑUELOS

Kamakura, Lur Puruaren hiria

Kamakura hiriko brontzezko Buda Handiak handientsu eta estoiko meditatzen du mendeetan zehar, izukaitz. Behin «daibutsu» erraldoiaren betiereko bidaiako Lur Puruaren nirvana bertatik bertara dastatu eta gero, hirian zehar galdu naiz, Kamakurako baso eta tenpluen edertasunarekin gozatzeko asmoz.

 

Bere idulkiaren gainean lo dagoela dirudi; loto-lorearen jarreran jesarrita dago, begiak itxita ditu eta ezpain sendoak, eta, bertatik bertara itzela iruditu zaidan arren, dhyani mudra irudikatzen duten eskuek sosegua helarazi didate. Kamakurako brontzezko Buda Handia da, daibutsu zinez miragarria. Nire imajinarioan eta bertara eraman ninduten urratsetan, Kamakura bidaia sentimental bat izan zen niretzat. Eta oraindik ere horrela da.

Sagami badiaren goi-ibarrean kokatuta dago Japoniako hiria, itsasoak eta mendiek inguratuta, eta bidaia bateko helmuga hutsa baino zerbait gehiago zen niretzat bertaratu nintzenean. Askoz gehiago: haurtzaroko amets bat betetzea zen niretzat Kamakura ezagutzea. Eta haur baten ametsak errealitate bihurtzen direnean, norberak bere buruari egindako amets bat betetzen denean, haurtzaroa aspaldi atzean utzita eta dagoeneko mende erdia pasata izan arren, bizitzak taupada berean bihotza bizkortzen eta lasaitzen duen txinparta oparitzen dizu. Tokioko hego-mendebaldean kokatutako hiria ezagutzea ilusio bidaiariz betetako haurtzaro batekin zorrak kitatzea zen niretzat, bidaiak orduan liburuak pilatuz eta argazki zaharrak laztantzen egiten banituen ere.

Ezaguera dudanetik, etxeko liburutegiko liburu bat izan da beti niri kutuna: Roland Gööck alemanaren “Maravillas del mundo” (Munduko mirariak), jada desagertutako Circulo de Lectores argitaletxeak 1968. urtean kaleratua. Liburuak nire fantasia guztiak hegan jartzen zituen azpititulu deigarri batekin: “Naturaren mirakuluak eta gizakiaren egintzak, Niagarako ur-jauzietatik espazioko baseetara”. Liburuaren azala bera ere ikusgarria da oso: garaian sortu berri zen Surtsey uharteko argazki liluragarria, laba gori-gori dela. Zalantzarik gabe, ni bezalako haur batentzat mundu ezezagun batean murgiltzeko etengabeko gonbidapena zen liburu hura. Behin eta berriz begiztatzen nituen liburuaren orriak, ia-ia guztiz gastatzeraino. Kuriositatea, erakarpena, desira, lilura nagusitzen ziren nigan, eta beti ondorio berdinera heltzen nintzen: «Egunen batean leku horiek guztiak bisitatuko ditu».

Liburuaren 144. eta 145. orrialdeetara heltzean, gehien liluratzen ninduen irudiarekin egiten nuen topo beti: Kamakurako daibutsu ikusgarria. Behin eta berriz, arrazoi zehatzik gabe, bakea helarazten zuen estatua erraldoiarekin erabat txundituta geratzen nintzen. Ordutik, Kamakura eta bertako amitabha buda ikusgarria nolabaiteko «horizonte galdua» bilakatu ziren niretzat, James Hiltonen “Lost Horizon” eleberria gogoan.

Egunen batean Rudyard Kiplingen poema errezitatuz bisitatuko nuen nire Shangri-La pertsonala bihurtu zen Kamakura: «O ye who tread the Narrow Way/ By Tophet-flare to Judgment Day,/ Be gentle when ‘the heathen’ pray/ To Buddha at Kamakura!». Eta bai, handitu eta Kamakura bisitatu nuen. Zorteko izan naiz, eta, liburuan agertzen diren leku guztietatik -esku artean dut lerrook idazten ari naizen bitartean-, ia guztiak bisitatu ditut dagoeneko, baina, egiari zor, ezerk ez dit daibutsu erraldoiaren aurpegi atseginaren azpian jesartzeak besteko ilusiorik egin.

Buda Handia

Buda, “Iratzarri dena”, da Siddhārtha Gautama printze hindu aszetari buruz hitz egiteko sarrien erabiltzen den ezizena. Izan ere, Gautama Budaren irakaspenetan oinarrituta eraiki zen budismoa, jainkorik gabeko sinesmen bat dena, nik neuk behintzat erlijio deitu nahi ez dudana. Gaur egun, budaren irudikapena nonahi aurki daiteke bizitza, existentzia bera, ulertzeko modu hori gidari duten lurraldeetan.

Normalean budaren irudiek arrazoizko tamaina izaten dute, eta batsudan izeneko armairu edo plataforma arruntetan izan ohi dira; tenplu edo etxebizitzetan kokatutako kapera horietan elementu sakratuak jartzen dituzte budistek. Aldiz, ez da ezohikoa ere Budaren eskultura erraldoiak aurkitzea. Bada, Japoniako budismoaren kasuan, irudiok 5 metroko altuera gainditzen dutenean, daibutsu izena hartzen dute. Askotariko materialetan landutakoak izan daitezke irudiok, baina ohikoena brontzezkoak izatea da. Normalean tenpluen barruan izaten dira, helburu horretarako preseski eraikitako sala handietan.

Kamakurako daibatsu erraldoia kontenplatzeko Kotoku-in tenpluan sartu beharra dago, hau da, Lur Puruaren Eskolaren jodu-shu adarraren santutegi batean. Lur Puruaren Eskola Mahāyāna korrontearen adierazpen japoniarra da. Mahāyāna adarraz gain, beste bi korronte handi ere baditu budismoak: Theravāda eta tibetarra. Bada, Kamakurako daibatsu ikusgarria loto-lorearen jarreran 1252. urtetik meditatzen ari den buda eseri bat da, aipatu eskolan Argi Infinitu Osoki Kontzientea izendatzen dutena irudikatzen duena. Budaren eskuak hanken gainean jarrita daude, erpuruak elkar ukitzen daudela; beilatzen ari den budaren begiek, berriz, aurpegi asaldagaitza irudikatzen dute.

Budaren irudia itzela da: 13 metroko altuera du eta 93 tona pisatzen ditu. Pentsa, buruak bakarrik 3 metro ditu eta belaunen arteko distantzia 11 metrokoa da. Hori bai, benetan ikusgarria dela ukaezina bada ere, ez da ez Japoniako zaharrena ezta handiena ere. Irudiak 769 urte baditu ere, Asuka herriko Asuka-dera tenplukoa 600 urte zaharragoa da eta Nara hiriko Todai-ji tenplukoa 5 metro altuagoa.

Datuak datu, Kamakurako buda berezia da. Lehenik eta behin, aire zabalean dagoelako, 1498an tsunami batek buda hartzeko eraikitako tenplua guztiz txikitu zuelako irudia aterperik gabe utziz, lotura guztietatik aske. Bigarrenik, ezin dotoreagoa delako eta ezin hobeto uztartzen dituelako handitasuna eta xehetasun finenak. Eskultura lana bikaina da, tradizioaren eta modernitatearen arteko sintesi paregabea, egileak intenporalitatearen gakoa aurkitu izan balu bezala -ez dago argi egilea Ono Goroemon edo Tanji Hisatomo den-.

Hirugarrenik, edertasun gorenekoa izanik ere ez delako ez arranditsua ez gehiegizkoa. Alderantziz, Ekialdeko estoizismoaren isla argia da, eskulturaren lerroen neurritasunak eta soiltasunak are gehiago indartzen dutena, baita denboraren joanak oparitu dion patina berde ilunak ere. Laugarrenik, sosegua, patxada, oreka, zabaltzen dituelako, kontenplaziorako gonbidapena luzatzen duelako, munduko loturak alde batera utzi eta oraina kontzienteki gure barren-barrenetik bizitzeko deia, garrantzitsuaren eta azalekoaren arteko bereizketa egitekoa, norbere burua maitatu eta errespetatzekoa inguruan dugun guztiarekin harmonian. Eta bosgarrenik, bere hustasunagatik. Izan ere, barnetik hutsik dago; barnera sartzeko aukera dago, norbera batbederatik erantzi baina norberaren baitan mantentzean lortzen den jakintasunera igarotzea irudikatuz; ezin ahaztu ere kanpoan geratzen dena gogorarazteko argiari sartzen uzten dioten budaren bizkarreko leihatilak. Bene-benetako maisulana da.

Aro baten herentzia

Kamadurako daibutsu ikusgarria ulertzeko Japoniako historiara jo beharra dago ezinbestean. Azken mendeetako dekadentziaren ostean, Kamadura Tokioko konurbazio erraldoiko oporretako hiri bat besterik ez da egun, Kanagawa prefekturan dagoena, Yokohama hiriaren ondoan. Baina, garai batean, dirdira berezia izan zuen. XII. mendera atzera egin behar da horretarako, Morimotok -ez Yoritomo- Taira klana garaitu zuen garaira. Garaipen horri esker, 1192an shogun izendatu zuten Morimoto, eta artxipelagoko lehen bakufu edo gobernu militarra ezarri zuen, gobernuaren egoitza Kiototik Kamakurara eraman eta bere izena daraman shogunerriari hasiera emanez. Ezerk ezin zion itzalik egin Japonia feudaleko lehen hiriburuari, ezta Nara eta bertako buda erraldoiak ere, eta, ondorioz, daibutsu ikusgarri bat eraikitzeko agindu zuen. Morimotoren heriotzaren ostean, Hojo klanaren esku geratu zen gobernua, boterean mantendu zena 1333. urtean Go-Daigo Tenno enperadoreak garaitu zuen arte.

Porrotaren ondoren, boterea Kiotora itzuli zen eta Kamakura ahanzturan erori zen. Hori bai, bi mende luzeko dirdirak, nola ez, ondare aparta utzi zuen hirian. Hiriburutzaren garaiak, gainera, bat egin zuen budismoa Japonian zabaldu zen aroarekin, eta, ondorioz, Kamakura tenplu budistez eta sintoistez bete zen. Gaur egun edertasun eta espiritualtasun multzo harmoniatsua osatzen dute. Tenplu horien artean nabarmentzeko modukoak dira Engaku-ji eta Meigetsu-in. Lehendabizikoa XIII. mendean eraiki zuten Kublai Kan mongoliar enperadorearen aurka Japonia defendatzeko borrokan eroritako soldaduen alde otoi egin zezaten monjeek; bigarrena, berriz, landarez inguratuta dago, eta, tenpluan sartzeko, albo banatan hortentsia ezin ederragoak dituen eskalinata bat igaro behar da.

Hirian bisitan merezi duten beste hainbat tenplu ere badaude, tartean honakoak: Kencho-ji monasterioa, herrialdeko zaharrena; Hasedera tenplua, erruki infinituaren bodhisatva den Kanon Juichimen jainkosaren tailu ederra eta Jizo Bossu haurren eta bidaiaren zaintzailea den jainkosaren ehunka estatua txiki gordetzen dituena; eta Tsurugaoka Hachiman-gu santutegi sintoista, Hachiman gudaren jainkoari eskainitakoa.

Eta Buda Handira heltzeko, zer hobe Daibutsu Ibilbideko muinoetatik oinez egitea baino, basoak, paisaia argi-ilunak eta tenplu eta santutegi txikiak zeharkatuz. Bihotz gazte baten irrikak bete aurretik, Jochi-ji, Zeniarai benten, Sasuke inari jinja... bezalako izenek sonoritatea gehitzen diote tokion edertasunari.