STEPHANE DE SAKUTIN (AFP)
Munduan pasieran

Mexikoko bostehun altxor arkeologiko, Parisen

XV. eta XVI. mendeetan mexikarrek Tenochtitlanen lurperatutako bostehun altxor arkeologiko erreskatatu ditu Parisko Quai Branly Museoan ikusgai dagoen ‘Eskaintzak eta jainkoak tenplu nagusian’ erakusketak. Mexikoko gizarte eta kulturarekin zerikusia duten 500 pieza arkeologiko baino gehiagoz osatuta dago Europan orain arte inoiz ikusi ez den erakusketak.

Egitasmoan parte hartu duen Lopez Lujanen arabera, bildumak argi uzten du dualtasuna (gaua-eguna, adibidez) «benetako obsesio» bilakatu zela Mesoamerikako inperio nagusietakoa izan zenarentzat. Gizateriaren eta jainkoen arteko harremana, batez ere, Tenplu Nagusian gertatzen zen; beraz, sakrifizio eta eskaintzetarako leku nagusi bihurtu zen. Bitxiak, musika-tresnak eta animalien eta gizakien eskeletoak eskaintza gisa erabiltzen ziren. Izan ere, Fabienne de Pierrebourg komisarioak azaldutakoaren arabera, «uste zuten unibertsoak jainkoen sakrifizioari esker funtzionatzen zuela».