Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Ane Iparragirre
Irunberriko arroila, Iratiko trenbide zaharrean
Iratiko Bide Berdeari jarraitzen dionak Euskal Herriko txoko natural basatienetako batez gozatzeko aukera izango du: Irunberriko arroilaz. Irati ibaiak milioika urtetan zehar zizelkatutako paisaia liluragarrian barneratuko da.
Eskaintza tentagarria luzatzen dio Irunberriko arroilak bisitariari; hegazti harrapariak ere ikus ditzake. (Getty Images)
Hegazti harrapariak –bereziki, sai arreak– hegal zabal dotoreekin labar itzelen artean marra borobilak handikiro eta elegante marrazten; ur garden baina hotza daraman ibaia, pazientzia handiz poliki-poliki harkaitzak moldatzen jarraitzen duena; deabruaren laguntzaz altxatu omen zen zubi baten aztarnak; Irunberri eta Zangoza lotzen zituen tren zaharrak zeharkatzen zituen bi tunel… Leireko mendilerroaren mendebaldeko muturretik, Nafarroako Pirinioen azpitik, horixe da Irunberriko arroilak bisitariari luzatzen dion eskaintza tentagarria.
Iratiko Bide Berdea paregabeko parada da 1987an erreserba natural izendatutako naturagunean barneratzeko. Haitzarteko labarren azpian, ibilbideak ibaia du une oro bidaide, 1911 eta 1955. urte artean Iruñea eta Zangoza lotzen zituen burdinbide estuko tren zaharraren zati bati jarraituz. Hasiera batean, trenbidea eraikitzeko arrazoia Pirinioetako baso-ustiapena izan bazen ere, berehala bihurtu zen inguruko haranetako bidaiarien puntako garraio.
Irati ibaiak milioika urtetan zehar zizelkatutako paisaia liluragarrian barneratuko da bidaiaria. (Oleg Mitiukhin | Getty Images)
Arroila goitik begiratuta ikuskizun paregabea da. (Getty Images)
HARRAPARIAK BEGIZTATZEA
Arroila 1.300 metro luze den zintzur estua da. Zenbait tokitan labarrek 150 metroko altuera hartzen dute.
Altxor geologiko honen berezko argazki basatiari, gainera, gehitu behar zaio harkaitzen pitzaduretan habia egiten duten harraparien irudi ikusgarria. Besteak beste, sai arreak, arranoak, belatzak, bai eta ugatzak ere. Era berean, azeri, basurde, azkonar eta sai zurien babesleku ere bihurtu da arroila.
Altxor geologiko honen berezko argazki basatiari, gainera, gehitu behar zaio harkaitzen pitzaduretan habia egiten duten harraparien irudi ikusgarria
Bide berdeko seinaleei jarraitzen dienak bidezidorretik aurrera egingo du, ibaiaren ondotik, eta bitan zeharkatuko du kareharrizko arroka gorrixka, bi tunel igarota –206 eta 160 metro luze direnak–. Ez da komeni tuneletan linterna gabe barneratzea, barruan ez baitago argi naturalik.
Iratiko Bide Berdeari jarraitzen dionak Euskal Herriko txoko natural basatienetako batez gozatzeko aukera izango du: Irunberriko arroilaz. (Getty Images)
Irunberri eta Zangoza lotzen zituen tren zaharrak bi tunel zeharkatzen zituen. (Oleg Mitiukhin | Getty Images)
DEABRUAREN ZUBIA
Bigarren tuneletik irten ondoren, ibilbidea, azken zatian, Ledeatik gertu, Deabruaren Zubira iritsiko da. XVI. mendean eraikitakoa da eta 15 hamabost metroko arku altu bat du ibaiaren gainean. Puntu horretatik haitzartearen luzera-ikuspegi paregabeaz goza daiteke. Zubia frantsesek suntsitu zuten 1812an, Independentzia Gerran, eta, kondairaren arabera, izenak badu arrazoi kurioso bat: haren eraikitzaileak deabruari laguntza eskatu zioten zubia egiteko. Bitxia bada ere, «Jesusen Zubia» ere esaten zaio.
BESTE IBILBIDE ZIRKULAR BAT
Nolanahi ere, arroilan beste ibilbide bat dago seinaleztatuta, zirkularra, haitzartea ekialdeko mendi-mazeletatik inguratzen duena eta abiapuntura itzultzen dena zintzurraren barrualdetik.
Bigarren ibilbide horrek 175 metroko desnibela du; beraz, ibilbideko zenbait puntutan, arroilaren panoramika bitxiak eskaintzen ditu, Irati ibaiak labanaz moztu izan balu bezala.
Arroila 1.300 metro luze den zintzur estua da. Zenbait tokitan labarrek 150 metroko altuera hartzen dute. (Getty Images)
Iratiko Bide Berdea paregabeko parada da 1987an erreserba natural izendatutako naturagunean barneratzeko eta lasai pasieran ibiltzeko. (Oleg Mitiukhin | Getty Images)
Ur garden baina hotza darama ibaiak. (Oleg Mitiukhin | Getty Images)
ARROILEN INTERPRETAZIO ZENTROA
Nolanahi ere, ibilbidea hasi aurretik, komeni da inguruko ekosistemari buruzko informazioa jasotzea. Eta horretarako lekurik egokiena, zalantzarik gabe, Irunberriko herrigunean dagoen Arroilen Interpretazio Zentroa da. Erakusketa, ikus-entzunezko eta teknologia aurreratuak baliatuta diseinatutako simulazioen bidez, Irunberriko ingurune naturalari buruzko informazio zabala jasoko du bisitariak; baita Nafarroako beste arroila ikusgarriaren ingurukoa ere: Arbaiungoa, Zaraitzu ibaiaren higadurak zizelkatua.
Gainera, interpretazio zentroan prismatikoak aloka daitezke harrapariak begiztatzeko, airean esekita dauden unetik bertatik, habian daudenean, harkaitzen artean makurtuta, harrapakinaren gainera jauzi egin aurretik.
Ibilbidean zehar, atseden hartzeko, indarra berreskuratzeko eta lasai bazkaltzeko guneak daude, baita putzuak ere, ausartenak ur hotzetan freska daitezen. Akaso piraguistak ere ikusiko ditu ibaian behera.