Ane Iparragirre (Getty Images)

San Bernardino alle Ossa, eskeletoz apaindutako kapera

Irudia tetrikoa da oso. Akaso, horrexegatik bihurtu da argazki bitxi bila datozenen topaleku. Milango San Bernardino alle Ossa elizako kaperetako bat da. Garezurrez eta giza hezurrez beteta ditu hormak; dirudienez, Brolo ospitale hurbil eta zaharreko pazienteenak. Antza denez, ospitaleak bere hilerria zuen, baina txiki geratu zenean, hezurtegi bat eraiki zuten handik gertu. 1210. urtea zen. Ondoren, urte gutxira, San Bernardino eliza eraiki zuten aldamenean.

‘Hezurren Eliza’k bisitari asko erakartzen eta liluratzen ditu. (Valentina Ramaccioni | Getty Images)
‘Hezurren Eliza’k bisitari asko erakartzen eta liluratzen ditu. (Valentina Ramaccioni | Getty Images)

Milango katedraletik hamar minutura, ‘Hezurren Eliza’ bisitari asko liluratzen dituen lekua da. Badira kapera artearen, fedearen eta giza izaeraren arteko elkarreraginaren lekukotasuntzat hartzen dutenak, memento mori bat balitz bezala, bizitzaren iheskortasunaren eta heriotzaren saihetsezintasunaren oroigarri.

Irudia tetrikoa da oso. Akaso, horrexegatik bihurtu da argazki bitxien ehiztarien topaleku. (Emanuele Cremaschi | Getty Images)

Bisitariek eskeletoen lehen planoa lortu nahi izaten dute. (Emanuele Cremaschi | Getty Images)

San Bernardino alle Ossak estetikoki lombardiar eliza gotiko tipikoa dirudien arren, bisitariak izugarrizko paisaia izango du parez pare hezurtegiko kaperan sartu orduko. Hormak eta sabaiak giza hezurrez eta garezurrez «apainduta» daude, gurutzeak, girlandak eta beste sinbolo erlijiosoak osatzeko xehe-xehe diseinatuta.

Ikuskizunak inpaktu bisual eta emozional harrigarria eragiten du, hilkortasunaren, espiritualtasunaren eta denboraren joanaren inguruan hausnarketa egitera gonbidatzen duena. ‘Erakusketa’ kezkagarri eta artistiko hau bertako monjeek egindako lana dela uste da.

Milango San Bernardino alle Ossa elizako kaperak ondo ordenatutako garezurrez eta giza hezurrez beteta ditu hormak. (Paolo Gallo | Getty Images)

Ikuskizunak inpaktu bisual eta emozional harrigarria eragiten du, hilkortasunaren, espiritualtasunaren eta denboraren joanaren inguruan hausnarketa egitera gonbidatuz. (Emanuele Cremaschi | Getty Images)

Kondaira ugari

Horrelako leku xelebreetan beti gertatu izan den bezala, kondaira ugari sortu dira elizaren inguruan. Horietako baten arabera, azaroaren 1eko gauean, Hildakoen Eguneko ospakizunetan, San Bernardino alle Ossan neskato bat egoten da dantzan, inguruko hildakoak ere mugitzera gonbidatzen. Mitoa sinesgarriagoa litzateke neskatoaren hezurrak ere bertako hormetan ez baleude! Hala ere, batzuek diote egun horretan eliza aurretik igarotzen denak ederki entzun dezakeela hezurren kirrinka.

Beste mito bat, berriz, hormetako beheko aldeko burezurren artean sarritan agertzen diren paper formako mezuei buruzkoa da. Dirudienez, mezuek hildakoekin komunikatzeko aukera ematen dute, haiek irakur omen ditzaketelako.