Vous avez accédé à un article payant en utilisant un clic de votre compte personnel.
Urtzi Urrutikoetxea (U.U., Getty Images eta Ipar Carolinako Turismoa)
Blue Ridge Parkway, udazkenaz gozatzen Appalacheetako bideetan
Azaroa iristerako Ipar Amerikako baso ezagun asko biluzik daude, udazken koloreko hosto gehienak erorita. Alabaina, gorri eta horien tonuak bizi-bizi ageri dira Appalache mendien lerroan hegoalderago joanda, Estatu Batuetako ibilbide berezi eta bisitatuenetako bat dago. Natura ikusgarria, basabizitza, eta kultura aberatsak aterpetzen ditu eskualdeak. Asteburu-pasa joaten dira batzuk, asteak ematen dituzte beste batzuek, non ibili eta zelan gozatu ez baita falta.
Blue Ridge Parkway, Ipar Carolina eta Virginia estatuen mendebaldeko mendi eta basoen erditik doan 755 kilometroko bide ederra. (Getty Images)
Blue Ridge Parkway-ren amaiera AEBko parke nazionalen sistemaren beste altxor bat da. Great Smokey Mountains herrialdeko parke nazional bisitatuena da, eta biodibertsitate handiena duena
Blue Ridge Parkway Shenandoah eta Smoky Mountains parke nazionalak elkartzeko egitasmoa izan zen, 1930eko hamarkadan, Franklin D. Roosevelt presidentearen agintaldian. Lehena Virginian dago, Washington hiriburutik ordu pare batera; oinezko txangoetarako aukera eta begiraleku ugarirekin.
Parkearen hegoaldeko sarrerak, berriz, bat egiten du Estatu Batuetako errepide ederrenetako batekin: Blue Ridge Parkway-ren iparraldeko abiapuntua da. 469 milia edo 755 kilometro egiten ditu hego-mendebalderantz, Virginiatik Ipar Carolinara, txeroki herriaren jatorrizko lurralderaino; gero, are mendebalderago jarrai liteke Tennesse estatura, Unescoren munduko ondare Smoky Mountainsen barna.
Blue Ridge Parkwayko seinalea. (George Rose | Getty Images)
Appalacheak ez dira oso mendi garaiak, baina 3.000 kilometroko luzeran hedatzen dira Kanadako Atlantikotik Georgia estaturaino. Horien hegoaldeko tartea hartzen du Blue Ridge Parkwayk. Iparra baino epelagoa da, basoak beranduago gorritzen dira, baina eremu handi eta zabala da, eta altueran eguraldia laster aldatu ohi da. Udazken amaierarako zurituta izaten dira lekurik garaienak.
BIHURGUNEAK
Teorian, Blue Ridge Parkway hamar orduan egin daiteke autoz alde batetik bestera, parke nazionaleko abiadura-mugak errespetatuz. Baina inork ez du halakorik egiten, zentzugabea litzatekeelako honaino iritsi eta autoz gelditu gabe ibiltzea, gidatu eta gidatu.
Appalacheak ez dira oso mendi garaiak, baina 3.000 kilometroko luzeran hedatzen dira Kanadako Atlantikotik Georgia estaturaino. Horien hegoaldeko tartea hartzen du Blue Ridge Parkwayk
Horregatik, astebete inguru hartu behar da gutxienez parkea osorik ikusteko. Bisitari gehienen antzera, bertan hainbeste egun ematerik ez badugu, hobe da ibilbideko bizpahiru tarte hautatzea. Onena da, horren bide luzea izanda, mundu guztiarentzat dagoela gustuko txokoren bat, baita turista asko dauden sasoian ere.
Clingman's Dome, Tennesse eta Ipar Carolinako mugan, Great Smokey Mountains-en. (George Rose | Getty Images)
Edozelan ere, ibilbide honek txoko eder eta interesgarri asko ditu, eta, horregatik, komenigarria da aurretiazko lana egitea, non geratu, zer bisitatu, eta zein mendi buelta edo ibilbide egin nahi dugun jakiteko.
Iparretik hegoalderantz eginda, Humpback Rocks da lehen geltokietako bat. Bidezidorretan gora, harkaitzek ikuspegi ederra eskaintzen dute, eta askok maite dute egunsentia bertatik ikustea. 86. miliako mugarrian Peaks of Otter ikusgarriko hiru tontorrak ageri dira; mendiek eta Abbott Lake-k asteburu-pasarako plan ugari eskaintzen dituzte. Virginian jarraituta, 176. milian Mabry Mill errota historikoa dago, erakustaldiak izan ohi dira bisitarientzat.
86. miliako mugarrian Peaks of Otter ikusgarriko hiru tontorrak ageri dira; mendiek eta Abbott Lake-k asteburu-pasarako plan ugari eskaintzen dituzte
Appalacheetako bizimodu tradizionalaren berri izateko txokoa da. Bertara joandako europar behartsuek –eskoziar gaelikodun asko iritsi ziren– beren kultura eta musika-tresnak ere eraman zituzten, eta behin baino gehiagotan jatorrizko biztanleekin nahastu eta doinu berriak sortu zituzten. Ia Ipar Carolinako mugan Blue Ridge Music Center dago, doinu horietan murgiltzeko leku bikaina.
Cherokee herriko artisau indigena, lanean. (Mike Belleme | Ipar Carolinako Turismoa)
URDINKARA
Ipar Carolinan sartuta, Blue Ridge Parkway bideak hego-mendebalderantz jarraitzen du, Tennesseeko mugatik hurbil. Ibilbideko lekurik ezagunenak ditugu aurrean.
227.9 miliaren mugarria Osborne Mountain-en begiralekuan dago. Bertatik, Blue Ridge mendien inguruko laino urdinkara suma daiteke. Zuhaitzen isuri naturalek sortutako efektu berezi horrek ematen die izena Blue Ridge mendiei.
Mendi eta basoei begirako behatokiak eta txango luze edo laburragoetarako abiapuntuak etengabeak dira bihurgunez bihurgune. Horregatik, bidea ondo planifikatzea garrantzitsua da, litekeena baita uste baino denbora gehiago behar izatea puntu batetik bestera iristeko.
Crabtree Falls, Ipar Carolinako Apalache mendietan dauden urjauzi ugarietako bat. (Chansak Joe | Getty Images)
Mountain Farm Museum, Cherokee herrian. (George Rose | Getty Images)
Price Lake ez da benetan aintzira bat, dike batekin sortutako urtegia baizik, baina bisitari askoren toki kuttuna da, urak eta udazkeneko basoek sortzen duten efektuagatik. Blue Ridge Parkwayko txango atsegin eta errazenetakoa ere bada: bost kilometro baino laburragoa da eta ordubete baino gutxiago behar da osorik egiteko. Price Laketik hurbil, ibilbideko irudi ezagunenetakoa dago: Linn Cove Viaduct. Asfalto tarte hori, baso gorriaren erditik doana, Blue Ridge Parkway aipatzean agertu ohi den argazkia da.
384. mugarrian Asheville dator. Hiri txiki hau ibilbideko gune turistiko garrantzitsuenetakoa da. 2024an urakanak hondamendia ekarri zuen; arrastoak nabari dira oraindik, baina garbiketa eta berreraikuntza ere bizkor egin da
Berez, segundo gutxi batzuetan zeharkatzen duen zubia da, baina ikuspegirik onenak urrutitik hartzen dira. Iparraldetik hegoaldera gidatuz, Yonahlossee Overlook-ek aparkaleku txiki bat du biaduktuaren aurretik. Errepidearen ondoko bide labur eta seguru batek Blue Ridge Parkway-ko txoko eder –eta ingeniaritzaren mirari– horretara hurbilduko gaitu.
Hamar miliara, Linnville Fallseko mahastiak eta upategia daude. Bidean aurrera, falls edo ur-jauzi izena etengabe ageri da, asko baitira Appalacheetako inguru honetako ur-jauziak.
Blue Ridge Parkway-n Europa erdialdeko mendiko etxe eta etxaldeetan inspiratuta zutitutako eraikin ugarietako bat. (Urtzi URRUTIKOETXEA)INDIGENEN TXOKOA
384. mugarrian Asheville dator. Hiri txiki hau ibilbideko gune turistiko garrantzitsuenetakoa da. 2024an urakanak hondamendia ekarri zuen; arrastoak nabari dira oraindik, baina garbiketa eta berreraikuntza ere bizkor egin da.
Hotel eta ostatuez gain, hiriaren inguruan basoko etxolak alokatzea ere oso ohikoa. Txangoetan motxilan txilin bat eskegitzea komeni da, hartz beltz asko dauden eskualdea baita.
Ashevilletik ordubete pasatxora dago Cherokee, errepide arruntetik; Blue Ridge Parkwaytik egun erdiko bidea da gutxienez, txango handirik egin gabe. Baina bidearen amaieran herri magikoa dago.
Txeroki herriaren jatorria mendi hauen magalean dago, eta hori ezagutzeko leku onena da herri hau. Turismoak indarra daukan lekua da, paisaia ederra da, eta bertako kultura, museo eta ikuskizunek ondo merezi dute asteburu bat.
Sequoyah, txerokien hizkuntzaren idazketa sistema sortu zuenaren omenezko monumentua, Cherokee herrian. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Linnville-ko biaduktoa. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Cherokee inguruan bi Parke nazional, basoak, mendiak, ur-jauziak eta ibilbide ugari daude, eta herrian bertan ez da falta nora joan eta zer ikusi. Horien artean daude Museum of the Cherokee People, eta Oconaluftee txeroki museo-herri indigena. Ibaiertzetik paseatzea eta arte indigenaz gozatzea ere beste aukera eder bat da. Herritik hamaika kilometrora, bestalde, Kituwah dago, txeroki herriaren sorleku historikoa.
HEMENTXE DAUDE
Egun, txeroki gehienak hegoaldeko txoko honetatik urrun bizi dira. 1830eko hamarkadan bizilekutik kanporatu zituzten txerokiak eta inguruko beste lau nazio; Trail of Tears edo Malkoen Bidea egin eta Mississippi ibaiaz bestaldera joan behar izan zuten, gaur egungo Oklahoma estatura. Asko bidean hil ziren.
Hala, AEBko hegoaldea kotoi, azukre eta beste gai batzuetarako eta esklabotzarako gorde zuten, bertako jatorrizko herritarrak kanporatuta. Talde txiki batek, alabaina, bertan irautea lortu zuen, eta hementxe daude egun ere.
Udazkenean kolore atseginez inguratzen da errepidea. (Jeff Yount | Getty Images)
Indigenak, dantzan, Cherokee herrian. (George Rose | Getty Images)
Blue Ridge Parkway-ren amaiera AEBko parke nazionalen sistemaren beste altxor bat da. Great Smokey Mountains da herrialdeko parke nazional bisitatuena eta biodibertsitate handiena duena, 19.000 espezie berezi baino gehiago baititu. Paisaia erabat aldatzen da urtaro bakoitzean, udaberriko lore basatietatik hasita udazkeneko koloreetara, eta neguan elurrez estalitako gailurrek dakarten ikuskizun harrigarriraino.
Great Smokey Mountains-eko parke nazionala oso ederra da, baina edertasun horren biktima ere bada. Udazkenean AEB osoko dozenaka mila turista hartzen ditu. Beste parke nazional batzuekin ez bezala, ez dago bisitari kopurua mugatzerik edo parke nazionaletako sarrera kobratzerik, Tennesse eta Ipar Carolinaren arteko errepide garrantzitsu bat delako. Etengabeko auto-ilaran ez joateko, hobe da goizean goiz abiatzea eta, ahal dela, asteburutik kanpo.