Ane Iparragirre (Getty Images)

Alexandrina liburutegia, diseinuzko jakintza

Alexandriako malekoian dago kokatuta, ustez liburutegi mitikoa zegoen lekutik oso gertu. Zementuzko, kristalezko eta granitozko zilindro handi baten itxura du, mundu osoko inskripzio alfabetikoz estalia. 36.770 metro koadroko azalera, 160 metroko diametroa eta 33ko altuera ditu, eta hamaika mailatan banatuta dago, horietako lau lurpean. Alexandrina liburutegia da, aurrekoa desagertu eta 1.360 urtera inauguratutakoa, 2002an, aspaldiko erakargarritasuna berpiztu nahian.

Zementuzko, kristalezko eta granitozko zilindro handi baten itxura du liburutegiak. (Francesco Lorenzetti | Getty Images)
Zementuzko, kristalezko eta granitozko zilindro handi baten itxura du liburutegiak. (Francesco Lorenzetti | Getty Images)

Alexandrina liburutegi berriaren proiektua 1987an abiatu zen. Egiptoren helburua zen bere sinbolo desagertua berreskuratzea eta berriro ere jakintzaren eta kultura unibertsalaren munduko hiriburu bihurtzea Alexandria. Unescok koordinatuta, Norvegiako Snøhetta arkitektura estudioak diseinatu zuen eraikina. Eraikuntza lanak 1995eko maiatzaren 15ean hasi eta 1996ko abenduaren 31n amaitu baziren ere, 2002an inauguratu zen, irekiera hainbat aldiz atzeratu eta gero.

Alexandriako portuko itsas pasealekuan liburutegia bisitatzen duena, ziurrenik, eraikinari begira geratuko da sartu aurretik. Egitura zirkular inklinatua da eta, dirudienez, Ra –Eguzkiaren jainko egiptoarra– omentzen du. 6.000 metro karratuko estalkiaren diseinuari esker, aluminioaren eta beiraren arteko konbinazioak barruko argia bahetzen du; kanpotik, berriz, Mediterraneo aldera islatzen da argia, Alexandriako itsasargi mitikoaren oroigarri gisa. Batzuen arabera, forma zilindrikoak ezagutzaren izaera ziklikoa gogorarazten du, denboran zehar jariatzen dena.

Mundu osoko inskripzio alfabetikoz estalita dago eraikinaren fatxada. (Getty Images)
Liburutegiko irakurketa gela nagusia. (Nataliia Milko | Getty Images)
Irakurgela deigarria da. Eraikinaren erdian kokatua, 20.000 metro koadroko espazio irekia da, eta hormigoizko eta zurezko zutabeek eusten diote sabaiari. (Ralf Menache | Getty Images)
IRAKURGELA IKUSGARRIA

Barruan, irakurgela deigarria da. Eraikinaren erdian kokatua, 20.000 metro koadroko espazio irekia da, eta hormigoizko eta zurezko zutabeek eusten diote sabaiari. 2.000 lagunentzako lekua du.

Irakurgela, liburutegiaren bolumenaren erdia baino gehiago hartzen duena, berezia da arrazoi askorengatik. Iparraldera begira dauden estalkiko sabai leiho bertikalek zeharka argiztatzen dutenez, aretoak ez du zuzenean eguzkiaren argirik jasotzen, liburuak eta eskuizkribuak hondatzeko aukera gutxitzeko. Gainera, zazpi terrazatan mailakatuta dagoenez, nabarmen laburtzen du liburu bat aurkitzeko behar den denbora.

Irakurketa guneak eta apalategiak maila berean daude, apropos, anfiteatro handi moduko bat sortzeko, berdintsu argiztatutako irakurketa espazio ugari dituena. (Emily M Wilson | Getty Images)
Eraikinaren kanpoaldea deigarria da. (Getty Images)
Zazpi terrazatan mailakatuta dagoenez, nabarmen murrizten da liburu bat aurkitzeko behar den denbora. (Nataliia Milko | Getty Images)
ANFITEATROA

Irakurketa guneak eta apalategiak maila berean daude, elkarrengandik, apropos, oso hurbil, anfiteatro handi moduko bat sortzeko, berdintsu argiztatutako irakurketa espazio ugari dituena. Argiztapenaren diseinuari esker, terrazaren ertzean eserita dauden irakurleek argi naturala aprobetxatzen dute eta, aldi berean, espazioaren ikuspegi zoragarriez gozatzeko aukera dute liburuen biltegitik oso gertu.

Bestalde, liburutegiaren inguruan, zenbait eraikin egin dira; besteak beste, eztabaida eta hitzaldi zentro bat eta hiru museo hartzen dituen planetarioa: zientziaren, kaligrafiaren eta arkeologiaren museoak. Espazio horiez gain, zaharberritze laborategi bat, haur itsuentzako eta premia bereziak dituztenentzako liburutegi bat eta inprenta moderno bat gehitu dituzte. Plaza zabal batek eta argia eta formak islatzen dituen urmael batek inguratzen dute eraikina, pasabide batez Alexandriako Unibertsitatearekin komunikatzen dena.

Liburutegian Alexandriako Nazioarteko Liburu Azoka egiten da, urtero mundu osoko milaka pertsona biltzen dituena.