Roge Blasco (Getty Images)

Bixarri, Libanoren esentzia

Ez da bisitatzeko unerik aproposena, baina oso toki erakargarria da. Bixarri beti izan da deigarria. Eta izango da. Bisitariak hamaika arrazoi ditu inguru honetaz maitemintzeko; besteak beste, arroila sakoneko harkaitzetan dauden komentu eta kaperak, milaka urteko zedro sakratuek besarkatutako herriak, Ekialde Hurbileko eski estazio bakanetakoa... Izan ere, Libanoren esentzia da Bixarri.

Hamatoura monasterioa, Qadixa bailaran (Haran Santua).
Hamatoura monasterioa, Qadixa bailaran (Haran Santua). (Eliane Haykal | Getty Images)

Libanora joan nintzen Israelgo Armadak Gazan genozidioa hasi aurretik. Herrialdea ezagutzeko gogoa nuen, munduan gehien itzuli den ekialdeko poeta eta pentsalariaren irakurketek bultzatuta. ‘Profeta’ liburuaren egileaz ari naiz: Kahlil Gibran (1883-1931). Bixarrin jaio zen, tradizio kristau maronita duen mendietako herri batean, milaka urteko zedro sakratuek inguratuta. Tontor elurtuek ematen diote izena herrialdeari, “zuria”-ren hitz semitikoa lubnan baita. Haren hegaletan aurkitzen dira Ekialde Hurbileko eski estazio bakanetakoak. Bertatik bertara bizitzeko herrialdea da, eta ez turismoa egitekoa.

Bixarri bisitatzeko gogoa areagotu egin zitzaidan Tomas Alcoverro, 1970 urteaz geroztik Beiruten bizi dena, elkarrizketatu nuenean. Ekialde Hurbileko korrespontsal espainiarren dekanoa zen eta bere toki kutunen artean eskualde hau aipatu zuen. Qadixa (edo Kadixa) haranean sartu zen; oso ezaguna da arroila sakoneko harkaitzetan komentuak eta kaperak daudelako, aspaldi eraikitakoak. Halaber, ermitauen bizileku izandako haitzuloak daude. Eta kazetaria bertako azken eremitarekin hitz egitera joan zen; Medellingo Darío Escobar kolonbiarrarekin, hain zuzen ere. Baldintza zorrotzetan bizi zela egiaztatu zuen zuzenean. Tomasek esan zidan, bisitan joan zitzaionean, lurrean lo egiten zuela eta harri bat erabiltzen zuela burko gisa.

Kostalde oso populatua eta mendi malkartsuak dituen herrialde txikia da Libano. Beraz, egun batzuk Beirut kutsatuan igaro ondoren, irrikaz geunden goialdeko lurraldeetara hurbiltzeko eta Bixarriko aire garbia arnasteko

Libanoko beste hainbat tokik ere erakartzen ninduten, adibidez, Biblosek (feniziarren eta alfabetoaren sorlekua, bai eta “biblia” eta “liburutegia” terminoen jatorria ere) eta Tiro, Sidon edo Baalbek hiri historikoak. Azken hau Jupiterri eskainitako tenplu erromatar handia da, Erromatik kanpo inoiz eraiki den handiena eta ikusgarriena. Jakina, interes handia nuen Beiruteko auzoetan barrena pasieran ibiltzeko, 1975ean gerra zibila hasi baino lehen “Ekialdeko Paris” esaten zioten hiriko auzoetan.

Sidongo Itsas Gaztelua, gurutzatuek 1228an eraikitakoa. (Henryk Sadura | Getty Images)

Jainkoaren zedroen basoa, Makmal mendian, 2.000 metrotik gorako altueran. (Getty Images)

Libano bisitatu nahi duenak kontuan izan behar du hango libera etengabe aldatzen ari dela. Dolar amerikarra erabiltzea ere ohikoa da. Garrantzitsua da kreditu txartelik ez erabiltzea, ez dirua ateratzeko, ezta txartelarekin ordaintzeko ere, trukean galtzen aterako gara eta. Egokiena da dirua eskudirutan eramatea eta erraz aurki daitezkeen kanbio bulegoetan aldatzen ibiltzea. Taxiak eta mikrobus txikiak izan ezik, ez dago garraio publikoko sare onik. Horiek guztiak kontuan izanda, neurri handi batean, bidaiari independentea oztopatzen dute.

Beirutera iritsi bezain laster, turismo bulego baten bila aritu ginen, herrialdeari buruzko informazioa lortu nahian, baina kalez kale ibili eta, bertakoei galdetu ondoren, han halakorik ez dagoela konturatu ginen.

Gurutze bat Qadixa bailaran. (Inna Giliarova | Getty Images)
MIKROBUSAK

Beiruten, mikrobusen bi geltoki daude: batetik, hegoalderantz doazenena, Tiro eta Sidonera, eta, bestetik, iparralderantz doazenena, Biblos eta Tripolira. Eta betetzen direnean abiatzen dira, ordutegirik gabe. Gainera, udako bero itogarria pixka bat arindu eta airea mugi dadin, ez dute leihorik ixten, eta atea zabalik egoten da ibilgailua martxan dela.

Bixarrira abiatu aurretik, Sidonera (Saida) eta Baalbekeko tenpluetara txangoa egin genuen. Libanoko hiriburua automobilen indize handiko hiria da, semafororik gabeko kaleak ditu, eta ez du ia zirkulazio seinalerik; bai, ordea, zuloak eta zaborra nonahi. Oraindik gerraren eta 2020ko abuztuaren 4an portuan izandako leherketaren arrastoak gelditzen dira. Eztandak erdigunea suntsitu zuen. Nolanahi ere, jarduera handia sumatzen da, baita bizitzeko grina ere. Nahikoa da Beiruteko cornichean, malekoi ederrean, paseatzea horretaz jabetzeko.

GOIALDEKO LURRALDEETARA

Kostalde oso populatua eta mendi malkartsuak dituen herrialde txikia da Libano. Beraz, egun batzuk Beirut kutsatuan igaro ondoren, irrikaz geunden goialdeko lurraldeetara hurbiltzeko eta Bixarriko aire garbia arnasteko.

Haraino Husein taxilariak eraman gintuen. 120 dolarren truke 120 kilometro egin genituen helmugara iristeko. Kostaldetik joan ginen eta, Biblos parean, errepide estu eta bihurgunetsu batetik igotzen hasi ginen, 1.450 metrora iritsi arte. Hantxe zegoen Bixarri herria.

Qadixako haran santuko monasterio maronita. (Sergey Strelkov | Getty Images)

Mendiko Palace hotelaren aurrean geratu ginen gure maleta txikiekin. Harreran Jose Cheche Kayrouzek hartu gintuen. Gure harridurarako, espainieraz hitz egiten zuen, arbaso venezuelarrak zituelako. Jakina, une horretatik aurrera komunikazioa errazagoa izan zen eta, gainera, aukera izan genuen zuzenean ezagutzeko Qadixa bailaran bizi direnen izaera eta bisita genitzakeen lekurik interesgarrienak.

Eskualdearen irisgarritasun arazoak azaldu zizkigun Josek, amildegiaren ondoko bide eta bidexkaz inguratutako arroila baitu. Bertan izan zen kristau monasterioen lehen kokalekuetako bat.

Qadixa (antzinako hizkuntza siriarrean, “haran santua”) sultan otomandarrak haiek suntsitzeko bidalitako soldaduek jazarritako kristauen babeslekua izan zen. Gaur egungo biztanleak harro daude kristau maroniten oinordeko izateaz (gaur egun, Libanoko biztanleen %22 dira), baita haien mendeetako borrokaz ere.

Qadixa harana Unescoren Gizateriaren Ondarea da 1998tik. Monasterioz monasterio ibiltzen diren erromesen turismo erlijiosoa jasotzen du. Batzuek gaua igarotzen dute bertan. Mendizaleak eta kobazuloak bisitatzera hurbiltzen diren turistak ere ikusten dira. Alabaina, gehienak bertakoak dira; zaila da atzerritarrak bide hauetan ikustea.

Bixarriko Andre Mariaren eliza. (Eliane Haykal | Getty Images)
ZEDRO BASOZ INGURATUTA

Bixarri ingurua zedro basoz inguratuta egon zen, baina mendeetan zehar moztu egin dituzte. Leku adierazgarri gisa, Jainkoaren zedroen erreserba erakusten zaio bisitariari, Makmal mendian, 1.995 metroko garaieran. Jose Kayrouzek hau azaldu zigun: «Hauek milaka urteko zedro sakratuak dira, Jainkoak landatuak. Bibliak 103 aldiz izendatzen ditu. Zibilizazio askok estimatu dute zuhaitz horren egurra. Jerusalemgo tenpluetan erabili zen. Antzinako Egiptoko eta Erromako gobernari boteretsuak etortzen ziren; Soliman Bikaina bezala Otomandar Inperioaren garaian».

Historialariek diotenez, feniziarrek zedro aromatikoz hornitzen zituzten egiptoarrak itsasontziak egiteko, eta erretxina, hileta errituak egiteko; trukean, egiptoarrek urrea, alabastroa, lihoa eta papiroak ematen zizkieten.

Zedro basoaren gainean eski pistak daude, eta gorago Qurnat as Sawda (Adar Beltza) dago, Libanoko tontorrik garaiena 3.088 metrorekin.

Qadixa (antzinako hizkuntza siriarrean, “haran santua”) sultan otomandarrak haiek suntsitzeko bidalitako soldaduek jazarritako kristauen babeslekua izan zen

Palace hoteletik hurbil dago Kahlil Gibran idazlearen jaiotetxea. Josek hau kontatu zigun: «Nire birraitonen etxea Gibranenaren parean dago, hain zuzen ere. Bizileku apala da, familia pobre batean jaio zelako. Umetan kandelen argitan ikasten zuen. 12 urte bete arte bizi izan zen hemen, Estatu Batuetara emigratu zuen arte». Bixarri kanpoaldeko monasterio bateko kaperan lurperatu zituzten haren gorpuzkiak. Gaur museo biografiko bat da.

Libanoko mendietatik Biblosera doan autobusa hartu baino lehen, debozioz, Libanoko poeta, filosofo eta margolariaren haurtzaroko bizilekua bisitatu genuen. Egia esan, bihotza uzkurtu egin zitzaidan, amets garrantzitsu bat bete nuelako.

Beiruteko hondartza. (Franco ORIGLIA | Getty Images)

Gida praktikoa

NOLA IRITSI

Libano herrialde txikia da. 225 kilometroko kostaldea du Mediterraneoan. Beirutetik abiatuz, erraza da egun bateko txangoak egitea. Leku batzuetan merezi du egun bat baino gehiago geratzea, hala nola Bixarrin, Biblosen eta Tripolin.

Bixarrira joateko: Beirutetik Biblosera mikrobusez eta, ondoren, beste batean Bixarrira. Erosoago eta azkarrago, taxian.

ZER IKUSI BIXARRIN

Bixarri herrian (Bisharri, Becharri, Besharry, Becharre edo Bcharre) San Saba katedrala ikusgarria da.

Trekkingak egin daitezke Qadixa haranean barrena, harkaitzean txertatutako monasterioak bisitatuz. Jainkoaren zedroen basoak 375 zuhaitz inguru ditu, gehienak mila eta hiru mila urte bitartekoak, eta batzuk 40 metro baino gehiagoko altuerakoak.

Qadixa haitzuloa, 1903an aurkitua. Aretoek estalaktita eta estalagmitazko basoak dirudite, kolore askotakoak.

Kahlil Gibranen museoa eta jaiotetxea. Eski pistak eta Qornet as-Sawda igoera (3.088 m).

OSTATUAK

Bixarri bisitariei harrera egiteko prestatuta dago, bereziki neguan, eski denboraldian.