Argazki erreal, konplexu eta ez-homogeneizatua eraikitzen
Gasteiz Anitzak antolatutako jardunaldiek arrazakeria gabeko hiri anitzagoa eraikitzea dute xede. Gazte migratzaileei eta emakume arrazializatuei arreta berezia eskainiz, topaketak hiri osoko kolektibo sozial eta akademikoak biltzen ditu. Hitzaldi, ekintza eta eztabaiden bitartez ultraeskuinaren gorroto diskurtsoei aurre egin nahi diete.

«Gorroto diskurtsoen aurka» eta «komunitate anitz eta duinen alde», Gasteiz Anitzak jardunaldiak jarri zituen abian atzo, eta gaur arte luzatuko ditu hiriko hainbat espaziotan arrazakeriaren aurka lanean ari diren ekimenen eta proiektuen aurrerapenak partekatuz. Auzoetan aniztasunaren aurka sor daitezkeen diskurtso xenofoboei eta arrazistei aurre egiteko sare gisa sortua, Gasteiz Anitzak edizio honetan familiek lagundu gabeko gazte migratzaileek eta emakume arrazializatuek gizartean jasaten duten ikusezintasuna jarri ditu erdigunean.
Sareak Josten, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Goian eragileen lankidetza komunitarioari esker, Gasteizen familiarik gabe dauden gazte migratzaileekin egindako ikerketa, ekintza eta partaidetza prozesuaren aurkezpenarekin hasi ziren jardunaldiak. Hizlariek nabarmendu zuten ezinbestekoa dela gazte horien eguneroko errealitatea aztertzea, diskurtso arrazistei aurre egiteko. Haien bizipenak ezagutzeak «ikuspegi erreala, konplexua eta ez-homogeneizatua eraikitzen laguntzen du», ultraeskuinaren diskurtsoek zabaltzen duten irudiarekin kontraste nabarmena eginez.
«Gazte migratzaileak beste modu batera identifikatzeko beharra» funtsezkotzat jotzen da horretarako: hala, ikerketak «kontrolatzeko objektu pasibo» izatetik «eskubide osoko subjektu» izatera igarotzeko ikuspegia indartu nahi du.
IEP -Ikerketa, Ekintza eta Parte hartzea- metodologiaren bidez, ikertzaileek eta gizarte eragileek «ezagutza kolektiboki sortzea» dute helburutzat, eta ondorengo «emaitzak eta aurrerapenak komunitate osoarekin partekatzea». Atariko emaitzek erakusten dute migrazio prozesuen dinamismoa, egiturazko oztopoak -etxebizitza edo osasun mentala kasu-, mekanismo sistematizatuen gabezia, inklusioko eta parte hartzeko aukerak, eta emakume migratzaileen ikusezintasun berezia direla kontuan hartu beharreko ardatz nagusiak. Gasteiz Anitzak proposatzen dituen neurrien artean daude: programetan sartzeko irizpideak malgutzea, eragileen arteko koordinazioa hobetzea eta baliabide tekniko zein humanoak indartzea.
Ikerketan bultzatutako dinamiketako baten adibide gisa, hizlariek “Klik Hotsak” proiektua aurkeztu zuten, gazteen errealitatea ezagutzea helburu duena, beren egunerokoan harrapatzen dituzten argazkien bidez. Lorturiko emaitzekin pozik, hiri inguruneko ongizate eta ondoez bizipenei buruzko informazio emozionala biltzearen garrantzia azpimarratu dute.
AGERIKO IKUSEZINTASUNA
Ikerketak azaldutako arazo nagusietako bati -emakume migratzaileen ikusezintasuna- helduta, Gasteizko Mugimendu Feministak nabarmendu du garrantzitsua dela «emakume arrazializatuei ahotsa ematea» eta «haien ordez hitz egiten dugun eta zer egin beharko luketen esaten duten dinamikak» gainditzea. Zaintza sektorean eta sexu langileen eremuan arreta berezia jarrita, mugimenduak AEZLE (Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea) eta Sidalava bezalako erakundeekin duen lankidetza azaldu du, emakume arrazializatuen eguneroko errealitatea eta rola sakonago aztertzeko. Emakume zuri izateak aldi berean «zapaldutako zein zapaltzaile» posizioak elikatzen dituela jakitun, militanteek arreta handiagoa jarri nahi diete emakume arrazializatuei eragiten dieten arazo eta kezkari.
Aurkezpenetik harago, antolatzaileek jarduera ugari prestatu dituzte astebururako: deskolonizazioari, arrazakeriaren aurkako borrokari eta bestelako gai sozial batzuei buruzko tailerrak atzo arratsaldean bertan Ekialde institutuan; eta mahai ingurua gaur Aldabe gizarte etxean, 10.00etan, Exmena erakunde madrildarraren parte hartzearekin. Ostera, jardunaldiei amaiera emateko, Elh Malik eta Assamer Band taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean.
Ekimen horien bidez, Gasteiz Anitzak berresten du giza eskubideen aldeko bere konpromisoa, auzo inklusiboagoak eraikitzeko borondatea eta pertsona guztiek duintasunez bizitzeko espazioak sortzeko egiten duen lana. Jardunaldiek, programatik harago, aliantzak ehuntzea, eztabaidak irekitzea eta arrazakeriaren edo bazterketaren aurrean sendotuko den komunitate sarea indartzea dute xede.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
