Aritza URRENGOETXEA CORDOVILLA
Irakaslea
KOLABORAZIOA

Zer ari zaigu gertatzen?

PISA txostena iristen denean, betiko galderak agertzen dira: zer emaitza atera ditugu gure lurraldean? Zenbat puntu lortu ditugu? Nor dago Europako batezbestekoaren gainetik? Baina agian galderak ez da horiek. Agian galdera askoz deserosoagoa da: zer ari gara gaizki egiten?

Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzek okerrera egin dute, bereziki irakurketan eta matematikan. Eta hori ez da soilik PISAren kontua. Ez da zenbaki batzuen gorabehera hutsa. Gure seme-alabek zer ikasten duten, nola ikasten duten eta etorkizunean zer tresna izango dituzten dugu hizpide. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezin dute PISAren emaitzen aurrean soilik esan munduko beste herrialde batzuetan ere emaitzek behera egin dutela. Gobernuek erantzukizuna beren gain hartu behar dute. Hezkuntza politikak gobernuek diseinatzen baitituzte, baliabideak erabakitzen dituzte eta sistemaren norabidea ere administrazioek ezartzen dute. Hezkuntzako egitekoa ez baita soilik ikastetxeen eta irakasleen lana, eta ezin zaie haiei egotzi ardura osoa emaitzen inguruan.

Urteak daramatzagu hezkuntza sistemaren modernizazioaz, konpetentzien inguruko metodologiez, digitalizazioaz eta berrikuntzaz hitz egiten. Baina, bitartean, gure ikasleek zailtasun handiagoak dituzte irakurtzeko eta matematikoki arrazoitzeko.

Irakurmenaren datuak kezkagarrienak dira. Izan ere, irakurtzea ez da hitzak bata bestearen atzetik ahoskatzea. Irakurtzea ulertzea da. Zalantzan jartzea. Informazioa alderatzea. Gezurra eta egia bereiztea. Eta hori guztia gero eta garrantzitsuagoa da bizi garen informazioz gainezkatutako mundu honetan.

Gazte batek testu luze bat irakurtzeko pazientziarik ez badu, zer gertatzen da? Sare sozialetako titular batekin geratuko da? Bideo baten lehen hogei segundoekin? Adimen artifizialak emandako lehen erantzunarekin? Galdera ez da hain erraza, baina erantzuna bai: pentsatzen ikasi behar dugu, eta ez bakarrik erantzunak aurkitu.

Matematika ere ez da eragiketak buruz ikastea. Arazo baten aurrean zer egin jakitea da. Arrazoitzea. Akatsa egitea eta berriro saiatzea. Eta, batez ere, zergatik den zerbait horrela ulertzea.

Horregatik, PISAren emaitzek zerbait erakusten badigute, ez da soilik ikasleen maila, gizarte gisa ditugun lehentasunak ere erakusten dituzte.

Agian gehiegi hitz egiten dugu berrikuntzaz eta gutxiegi irakurketaz. Agian ikasgeletan teknologia gehiago sartu dugu, baina ez dugu asmatu teknologia hori nola erabili. Baliteke curriculuma osatzeko premiak ikasleei ikasteko behar duten denbora lapurtzea.

PISAk ez du egia absoluturik. Ez du neurtzen ikasle ona izateko behar den guztia, ezta eskola on baten balio osoa ere. Baina termometro bat bada. Eta termometroak tenperatura altua erakusten duenean, konponbidea ez da termometroa apurtzea.

Galde diezaiogun geure buruari zer gertatzen ari den eta, batez ere, zer egin dezakegun. Emaitza hauek ez dute gure hezkuntzaren etorkizuna erabakitzen. Baina aukera ematen digute bidea zuzentzeko.

Azken finean, PISAren benetako galdera ez da zenbat puntu lortu ditugun. Galdera da ea gure gazteei mundua ulertzeko eta mundua aldatzeko behar dituzten tresnak ematen ari garen. Zenbaki horien atzean milaka ikasle daude eta ikasle horiek ez dute ranking batean postu hobea behar. Baizik eta gizaki bezala etorkizunari eta bizitzari aurre egiteko tresna eraginkorrak behar dituzte.