Andoni Urbistondo
irati eta abodi.jpg
Irabiako uharka eta Iratiko basoko zuhaitz koloretsuak.

Abodi, basoaren gailurra

Belar, hosto eta elur mendia da Abodi udazkenean. Pirinioetako talaia ikusgarria. Elur gutxi dago; hosto asko. Iratiko basokoak. Mendi belartsu ugari daude Euskal Herrian, baina Abodi bezain garaiak, 1.500 metroko langa gainditzen dutenak, gutxi.

Udazkenak lan erdiak egin ditu. Hamar eguneko elur eta euri erauntsiaren ondoren berde-berde dago Abodi, baina eguzkitsu. Elur arrasto gutxi batzuk baino ez. Orhin, Pirinioetako lehen 2.000 metroko gailurrean, ere zuritasun gutxi. Ekialdera, Auñamendi aldera begiratu behar, zuriaren distira nabarmentzeko. Aezkoa eta Zaraitzu bailaretan soroak zuri daude, izotz jantziarekin. Azaro erdialdean gaude eta Abodi gainean, aldiz, eguzki goxoa eta 10 graduko tenperatura atsegina. Antizikloiaren onurak, inbertsio termikoa: hotza bailaretan pilatzen da.

Mendi belartsu asko daude Euskal Herrian, baina Abodi bezain garaiak, 1.500 metroko langa gainditzen dutenak, gutxi. Ondoan dauka bat: Ortzantzurieta, Aezkoa bailarako nagusia (1.566 metro). Pirinioetara jo beharko genuke besteren bat bilatzeko. Ez da lan zaila, Abodi begiraleku ezin hobea baita. Bai Pirinioak bistaratzeko, baita Euskal Herriko eta Espainiako beste hainbat mendi ikusteko ere.

Talaia ikusgarria

360 graduko buelta egiten hasterako jabetuko gara Euskal Herrian ez dagoela Abodi bezalako talaia ikusgarririk: Orhi, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema eta Bisaurin gertu ikusten dira. Urrunxeago Peña Oroel, Jacan, edo Moncayo eta San Lorenzo, Aragoi eta Errioxako mendi garaienak, Gaztelako eremuetatik gertu. Beriain, Aratz eta Aizkorri, Saioa, Okabe, Urkulu, Hauza eta Iparla ere hatzekin ukitzeko moduan agertzen dira. Eta urrunago ez, frantziparrak, ipar-ekialdeko haizeak, Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldeko mendiak lainoz estali dituelako.

Abodi Pirinioetan dago, baina ez dauka Pirinioetako ohiko mendi handien tankerarik. Luzea da, desnibel apalekoa, belartsua eta igotzeko erraza. Urrunetik ere Orhi handiaren itzalpean geratzen da. Trukean ibilbide lasaia eskaintzen du. Tapla gainetik Idorrokia tontorra esku-eskura dago (1.492 metro). 150 metroko desnibela baino ez. Handik Elurretako Ama Birjinaren Baseliza eta Irabiako uharka ikus daitezke. Noski, biak ala biak Iratiko oihaneko pago eta izei dotoreek estalita, haizearen arriskutik salbu. Abodiko hegian haizea dabil fin-fin, eta udan indartsu zeuden hostoak han eta hemen barreiatu ditu. Abodi gailurrera bidean hosto pilaketa ikaragarria da, baina han ez dago zuhaitzik. Jakina, haizeak eraman ditu bertaraino.

Udazkenak, lehen izotz eta elurteek, eta eguzkiaren indar faltak beren lana egin dute beste urtebetez: zuhaitzak horitu eta kolore nahasketa polita eman oihanari, 17.000 hektarea zabal den parekorik gabeko eremu bakar horri (Europako bigarren pago baso handiena da, Alemaniako Baso Beltzaren ostean). Natura aberatsa eta geldiezina da, eta Iratiko oihana negu gogorra jasateko prest dago berriro, eraldaketa prozesua bukatzear.

Paso de las Alforjas

Idorrokiaren ondoren, Mendebaldeko Abodi gaina dator. Handik Paso de las Alforjas delako lepora, gure arbasoak, artzainak, eremu hauetara aspaldi etorri zirela jabetzeko. Hainbat dolmen eta menhir daude, Arrizabala izenekoa horietako bat. Ardirik ez dago dagoeneko Abodin, azaroko lehen egunarekin Bardeako negu epelaren bila joan baitziren. Han egongo dira maiatzera arte, Abodiko larre gozoetako elurra lurmendu zain. Baina zaldiak badaude, eta haiek zaintzen dituzten abeltzainak ere bai. Desilusio apur batekin, orotariko auto batekin iraganean oinez bakarrik irits zitekeen tokietara autoz ere irits daitekeela jabetu gara. Beti ere Otsagabiko Udalaren baimen bereziarekin.

Abodin Euskal Herriko mendietan hain ohikoak diren etxetxoa dago, Iruñeko Anaitasuna Mendi Taldearen plakarekin. Itzaltzu eta Otsagabia ikusten dira ondo, baita Lazako lepora daraman errepidea ere, Uztarroze eta Izabara bidean. Iratiko oihaneko pago zaharrak gailurreraino heltzen dira puntu honetan, 1.500 metroraino. Zuhaitz gogorrak, dudarik gabe, neguan paraje hauetan tenperatura egun askotan 0 gradutik ez baita igotzen. Eta hotzenak -10 gradutik behera jaitsi sarri.

Belar bidetik hosto bidera

Ibilkera goxoa da Abodin, belar gainean. Eta zer esanik ez Irabia uharka inguratzen duten bidezidorretan. Ez dago mendi biderik, hosto bidea baizik. Tapla lepotik errepidea iparrerantz jarraitu beste lanik ez da hartu behar, Elurretako Ama Birjinaren Baseliza eta Irabiako uharkara iristeko. Orbaizetatik ere irits daiteke, zementu pista batean barrena, Mendilatz tontor belartsuaren azpitik pasata. Bide batez, Jaurrieta, Abaurregaina eta Orbaizeta bezalako herrixka dotoreak ezagut daitezke.

Irabia eta Irati toki magikoak dira, urtaroa bat edo beste izan, baina udazkenean badu misterio puntu bat. Pausoek hostoak zanpatzean ateratzen duten hotsa, uharkako ur geldoak, haizeak botatako pago erraldoiak, edota sorburua harrietan bertan duten zuhaitzak! Uharka inguratzea merezi du, eguzki izpiak gorde bitartean. 9 kilometro pasatxo ditu, gehienak pistaz, eta kilometro pare bat mendi bideetatik. 850 metro ingurura dago, eta ez dauka aldapa handirik.

Behe lainoa sartzen ari da Mendilatzen barrena, goroldioak mendiko botak zipriztintzen ditu, eta une batez ‘Eraztunen Jauna’ filmean bageunde bezala sentitu gara, Zeelanda Berriko baso sorginduetan. Bihurguneren batean Gandalf aztia irtengo ote zaigun beldurrez. Baina Iratiko oihana Euskal Herrian dago, eta oihaneko zaindaria Basajaun omen. Artzainei otsoa edo eguraldi txarra zetorrenean deiadar egin eta abisua ematen zien pertsonaia mitologiko iletsua. Ogi puska baten truke hartzen omen zuen lantegi hori.

Hango magia eta hemengo mitologia, iluntzen hasi da. Uharka ertzetik Abodi apenas nabarmentzen da. Zuhaitzen muga, eta goi ordoki luzea ikusten dira. Baina Abodi basoaren gailurra da. Eta Iratiko oihana gailurraren basoa.