Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
Kastanjemanden
Kastanjemanden
GAUR8

«Gora telesail nordikoak» oihukatzeko izenburuak

Herrialde nordikoak, bost estatuz osaturiko eskualde geografikoa: Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia eta Suedia. Topikoen zerrenda txiki bat osatuz gero; bikingoak, edredoiak, fiordoak, Ikea, elur-oreinak, hezkuntza sistema inbidiagarria, hotz ikaragarria... baina pantaila txikian, zer?

Orain urte batzuk bertako literatura bikain eta iluna ezagun egin zen arren, ondoren sekulako kalitatea eta indarra zuten istorioak kontatzen hasi ziren pantaila txikiaren bitartez. Guztion begietan idealizaturik daukagun gizarte horrek miseriak ere badauzkala nabarmentzen duten istorioak izaten dira sarritan, krimenez beteriko drama bortitzak, politika sistema azaleratzeko gidoi biziak edo, nola ez, nordic noir azpigenero txundigarria lau haizeetara zabaltzeko tramak.

«Telesail amerikarren jarraitzailea, ingelesen zalea eta nordikoen maitalea», horrela definituko nuke hitz gutxitan nire telesail gustuen banaketa orokorra. Orain deskubrituko duzue zergatik.

Kastanjemanden

NETFLIX

Oso gutxi espero nuen ekoizpen danimarkar honetatik, baina “thrillerra” eta “nordikoa” irakurtzen dudan bakoitzean guztia utzi eta proposamen hori ikustera joaten naiz gehienetan. Søren Sveistrup dago sormen taldearen buru, “Forbrydelsen” (“The Killing”) telesailaren sortzailea, hein handi batean thriller poliziako ilunen fenomenoa pantaila txikian berpiztu zuena, gerora Europa iparraldean oso modan jarri zen generoa izan baitzen; “Bron/Broen” edo “Trapped” bezalako ekoizpen entzutetsuek jarraitu zioten, adibidez. Nordic noir generoa gustuko baduzu, gaztainen telesail honek –bai, gaztainak, ikusten duzunean jakingo duzu zergatik diodan– behar duzun hori guztia eskainiko dizu asebete arte: soiltasuna, atmosfera hotza, hilketa basatiak, hiltzailea nor den aurkitzearen joko maltzurra, pista faltsuak eta abar.

Juli 22

FILMIN

Norvegiako historiako egunik tragikoenetakoa ardatz duen telesaila, sei ataletan zehar, 2011ko uztailaren 22an izandako erasoen lekuko bilakatzen baikaitu. Lehenengo erasoa Osloko erdialdean izan zen, Norvegiako Gobernuaren egoitzan. Bigarrena, aldiz, Utøya uhartean gauzatutako tiroketa izan zen. Gertatu zena jaso eta islatzeko helburuz sortu duten telesaila da, baina baita erasoaren aurreko egunetan eta ondorengoetan zer gertatu zen azaltzeko ere. Fikzioaren asmoa ez da inongo momentutan interesaren morboa atentatuan zentratzea. Guztia pertsonaia anonimoen begietatik azaldua dago, eta arrazoi posibleei eta ondorioei arreta berezia eskaintzen die. Prentsaren jarrera edo hezkuntzaren lana oso modu dotore eta ez-sentsazionalistan lantzen ditu, besteak beste. Telesail korala dela esan daiteke, ez baita pertsona bakar batean zentratzen, eta pertsonaia sorta desberdin horiei esker, eta bakoitzaren eginkizuna bistaratuz, telesailak zehaztasunez aztertzen du guztia.

Forbrydelsen

Aitzindari izan zen “Forbrydelsen” bikaina. Bai telesaila bera thriller poliziakoaren eta nordic noir barruan erreferente bilakatu delako eta gerora asko imitatzen saiatu direlako, eta bai Sarah Lund detektibe protagonistarengatik. Irudikatu Sergio Leoneren filmetan azaltzen zen Clint Eastwood hori, Danimarkan jaioa, emakumea eta polizia etxean lanean. Ba horrelakoa da Sarah Lund detektibea. Zalantzarik gabe, telebistak azken urteetan eman duen pertsonaia sakon eta konplexuenetarikoa. Ekoizleek ordura arte erakusten zen emakume tradizionalaren irudia hausteko intentzioarekin sortu zuten. Lund ausarta eta nekaezina da, baina batez ere, bere itxuraz eta sexualitateaz kezkatzen ez den emakumea. Sofie Gråbøl aktorea sormen prozesu horren parte izan zen eta hainbat eztabaida izan zituen Søren Sveistrup gidoilariarekin. Bere ikuspuntua ezinbestekoa izan zen Lunden hazpegiak definitzeko. Iraganeko misterioa mantentzetik arroparen aukeraketaraino, bereziki azpimarragarria da inguratzen duen ororekin daukan isolamendu emozionala.

Heimebane

FILMIN

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan, oraindik eskubideetan eta oihartzun mediatikoan diferentzia handiak badaude, zalantzarik gabe horiek futbolean topatu ditzakegu. Norvegiako futbol ligako lehen mailara igo berri den talde bat kokatzen da telesail honen erdigunean. Denboraldia hasi baino lehen entrenatzaile gabe geratzen diren arren, presidenteak bere ordezkoa topatu du: Helena Mikkelsen. Emakumezko entrenatzaile bat, gizonezkoen futbol ligan. Uste dut ez dela askoz gehiago azaldu behar zer gertatuko den jakiteko, ezta? Erretolika matxista berehala sartzen da jokoan, emakume batek entrenatzaile gisa duen gaitasuna ahultzeko edo gutxiesteko helburuz. Are gehiago, zuzendarien, futbolarien eta zaleen aldetik nolabaiteko gorrotoa, aurreiritziak eta desadostasuna sentitzen da hasieratik. Mikkelsenek beste inork baino gehiago erakutsi behar du posturako baliagarria dela. Pertsonaia borrokalaria, gatazka interesgarriak dituena, inperfektua, ausarta, karismatikoa eta enpatikoa. Diskurtso hori pantailaratzeko modua da gehien gustatu zaidana, modu sotil eta organikoan egin baitute. Istorioa bera ez da mezua soilik goraipatzearren arriskuan jartzen, honek modu naturalean aberasten baitu gidoia.

Borgen

NETLIX

Laugarren denboraldia estreinatzear duen harribitxia. Ahaztu Danimarkatik datorrela, politikaren munduan barneratuko gaituela eta atal bakoitzak ordubeteko iraupena duela. “Borgen” boterea, ustelkeria, zintzotasuna, familia, gizartea eta kazetaritza uztartzen dituen hausnarketarik biribil eta zorrotzena izan liteke; eta, batez ere, entretenigarriena. Danimarkako lehen ministro izateko Birgitte Nyborg politikariak egunero egin behar duen lana eta sakrifizioa erakusten dizkigu telesail honek. Baita helburu horrek bere bizitza pertsonalean izango duen eragina ere. Nyborg ez da ohiko politikaria, ordea. Lehen ministro izateko bidean da, baina bere osotasuna mantenduz, idealak errespetatuz eta herriaren interesen alde borrokatuz.

Gidoi bikain eta dotorea, tonu didaktiko eta sakona duena. Aktore guztiak ere, nabarmentzekoak, baina, batez ere, protagonistarena egiten duen Sidse Babett Knudsen azpimarratuko nuke. Bere pertsonaia gutako edonoren pare jartzeko duen gaitasunak bere familiaren eremu pribatuan sartzeko aukera ematen digu. Politikariekiko dugun irudi hotz eta eskuraezin hori guztiz apurtu eta pertsona arrunt baten mailan jartzen du. Noski, politikaren lehen lerroan kokatzeak hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion garapen pertsonal eta profesionalera eramango du. Orokorrean, emakumearen irudia eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesailak, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe. Erritmo biziko trama du, eta sastatzeko moduko elkarrizketa zorrotz eta burutsuak. Beldurrak eta nagitasuna gainetik kendu eta emaiozue aukera bat, ez zarete-eta damutuko.

Ráđherann

AMC

Beherago aipatuko dudan “Trapped” telesail gomendagarrian erakutsi zigun jada Ólafur Darri Ólafsson aktore bikainak zer-nolako maila duen, eta ekoizpen paregabe honetan ere hala frogatu du. Benedikt Ríkhardsson Islandiako lehen ministroa gorpuzten du kasu honetan, bere osasun mentalaren okertzeagatik Gobernuaren egonkortasuna eta bere ingurukoen bizitzak mehatxuan jarriko dituen politikaria. Islandiako mekanismo politiko guztiak ezagutzeko aukera ematen digun telesaila da, baina batere konbentzionala ez den lehen ministro baten ikuspuntutik. Pertsonaiaren garapena era oso interesgarrian azaldua dago, niri pertsonalki gehien gustatu zaidan alorra. Islandiako Rúv katean estreinatu zenean, bere irekiera atalean %41,1eko ratinga eta %94,4ko sharea lortu zituen, ikaragarria.

Heksejakt

FILMIN

Nordikoa izateaz gain, telesail honetara gerturatzearen beste arrazoia, sortzaileen artean arreta piztu didaten izenak topatu ditudala izan da; Anna Bache-Wiig eta Siv Rajendram Eliassen (“Utøya 22. Juli” filmaren gidoilariak) eta Stian Kristiansen eta Eva Sørhaug (“Heimebane”, “Okkupert” telesailak). Ida Waage abokatu protagonistari, lan egiten duen abokatu langelan, 450.000 euroko faktura sinatzeko agindu diote baina ez ditu eskatzaileak ezagutzen. Ekintza soil batek herrialde osoko elite ekonomiko eta politikoak kolokan jar ditzakeen galdegiten du ekoizpen norvegiar honek, eta arretaz erreparatu die informazio hori argitara ematen duten pertsonek jasan beharreko albo kalteei ere. Ekintza soil eta txiki batek nazio mailako eskandalua eragin al dezake? 45 minutuko 8 ataletan zehar, ustelkeria eta etika profesionalik eza osagarri gisa dituen thriller dramatiko intentso bat ikusteko aukera izango duzue. Gutizia eta norberekoikeria gailentzen diren gizarte batean, zintzo jokatzeak errepresaliak ekar litzake.

Efterforskningen

MOVISTAR +

“Borgen” filmeko gidoilari baten eta bertako bi aktoreren (Pilou Asbaek eta Søren Malling) minisaila. Benetako kasu batean oinarritua. Kopenhage, 2017ko abuztua. Poliziak Kim Wall izeneko kazetari suediar baten desagerpenaren salaketa jaso du. Berari buruz dakigun azken gauza itsaspeko batean igo zela bertako jabea elkarrizketatzeko asmoz. Handik ordu gutxira, itsaspekoa hondoratuta aurkitzen dute eta kapitaina erreskatatzea lortu. Ez dago, ordea, kazetariaren arrastorik, ezta froga erabakigarririk ere, eta adierazpenak oso kontraesankorrak dira. Hortik aurrera, kasu misteriotsu horren ikerketaren xehetasunetan murgiltzeko aukera ematen du telesailak.

Ez pentsa ordea, akziozko thriller frenetiko bat ikusiko duzunik. Ikuspuntua edo sortzaileen intentzioa ez baita «errudunaren bila» formula erabiltzea, polizia ikerketa neketsu eta korapilatsuan zentratzea baizik. Kasu sendo bat eraikitzeko frogak behar dituen fiskalaren, erantzun bila dabiltzan gurasoen eta titularren gose diren komunikabideen presiopean aurrera egiten ari den ikerketa. 2020ko telesail nordikorik onenetarikoa, zalantzarik gabe.

Når støvet har lagt sig

FILMIN

Eskandinaviako telebistan %42ko share ikusgarria lortu duen telesail hau ere ezinbestekoen zerrendan sartu beharko zenuke. Gurutzatzen diren istorioen egituraz baliatuz, Kopenhage hiriko jatetxe batean gertatzen den atentatu terrorista basati baten gaineko kontakizun gordina da. Eraso hori gertatu eta hamar egun lehenago kokatzen da tramaren erpin bat, baina baita gertatzen den unean eta, noski, ondoren ere. Interesgarriena da guztia ikuspegi soziologiko baten betaurrekoetatik begiratzeko aukera eskaintzen digula, jakin gabe elkarrekin konektatuta daudela –edo egongo direla– eta beren bizitzaren inflexio puntu gorenean nola erreakzionatzen duten jakin gabe. Pertsonaia sorta desberdin horiei esker –Justizia ministroa, etxerik gabeko ama, jatetxeko jabea, zerbitzarietako bat eta bederatzi urteko alaba, iturgin bat, jatorri palestinarreko ile apaintzaile bat, abeslari suediar bat eta mugikortasun arazo larriak dituen erretiratu bat dira–, telesailak milimetroraino aztertzen baitu danimarkar mikrokosmos hori. Hain bete-betean sartzen gara pertsonaien errutina horretan, narrazioa hain da zehatza eta sendoa, non une batzuetan ahaztu egiten zaigun pantailaren aurrean gaudela.

Asko gustatu zait fikzioaren asmoa ez dela inongo momentutan interesaren morboa atentatuan zentratzea. Guztiz kontrakoa. Helburua da zu eta ni izan gintezkeen pertsonaia horiei nola eragiten dien erakustea. Nola hobetu edo okertu gaitzakeen. Elkartu edo zatitu. Gaitzestea edo askatzea. Benetakoa, gertukoa eta gordina, eta baita oso gizatiarra ere. Horrekin guztiarekin, telesail nordiko askok era paregabean egiten duten moduan, Danimarkako gizartearen erradiografia txiki bat ikusteko oso baliagarria iruditu zait.

Kampen om tungtvannet

AMAZON eta FILMIN

Zuzendaria Per-Olav Sorensen da eta gidoilarien artean izen ezagun bat: Adam Price, “Borgen” telesail zoragarriaren sortzaileetako bat, besteak beste. Istorioa kokatzeko, II. Mundu Gerrari buruzko atal konkretu batera egin behar dugu salto: Ur Astunaren Bataila deiturikoa. II. Mundu Gerran, Norvegian gertaturiko gertaera historiko erabakigarriena. Rjukan kokaturiko Norsk Hydro enpresari eginiko sabotaje ekintzak, bertan ur astuna fabrikatzeko planak eragozteko. Eta zergatik zen hain garrantzitsua ur hori? Naziek arma nuklearrak garatzeko behar zutelako. Telesailak lau ikuspuntu desberdinetatik erakusten digu gatazka. Lehenik eta behin, alemaniarren ikuspegia, energia atomikoari buruzko ikerkuntza zientifikoaren bidez, Werner Heisenberg (bai, “Breaking bad” telesaila pertsonaia erreal honetan inspiratu zen) buru dela. Bestetik, aliatuena, bai Londreseko kuartel nagusian eta bai eskoziarrean basean, sabotaje planak burutzen dituzten bitartean. Hirugarrena, erasoak burutzeko ardura duen norvegiar taldea. Eta azkenik, ur astuna fabrikatzen duen enpresa eta bertako zuzendariak.

Bron/Broen

Suedia eta Danimarka lotzen dituen Oresund zubian hasten da istorioa –lehen denboraldia–. Zubiaren erdi-erdian hilotz bat agertzen da: gorpuaren erdia Danimarkan, beste erdia Suedian. Hala, bi aldeetako poliziak elkarlanean aritu beharko dira. Eta hortxe azaleratuko dira bi herrialdeen arteko desadostasun eta gaizki-ulertuak, saguaren eta katuaren arteko jolas makabroa loratuz. Oso interesgarria egin zait ezagutzen ez nituen bi herrialdeen arteko desberdintasun kultural eta politikoak pantailan ikustea. Bi hizkuntzatan filmaturik egoteak kontraste hori modu sotilean azpimarratzen du, eta ironiari ere tartea ematen dio. Telesailaren oinarri sendoetako bat bi protagonistak dira –hurrengo denboraldietan berriak egongo diren arren–; ezin desberdinagoak, baina era berean bateragarriak. Martin polizia danimarkarra da, seme-alaba ugari dituen familiako aita, zintzoa, eta, batez ere, badakiena egoeraren arabera azeleragailua ala balazta zapaldu. Saga Noren polizia suediarra, aldiz, emakume bakarti eta bitxia da, Asperger sindromearen eraginez besteekin erlazionatzeko arazo larriak dituena eta lanarekin erabat itsututa bizi dena. Telesailak hasieratik jolasten du pertsonaien garapenarekin, arazo pertsonalak gainditzea eta kasuak aurrera egitea uztartuz. Hala, ikusleak memento oro bi detektibeen ikuspegitik bizitzen du, ikerketaren partaide zuzen bilakatuz. Bi protagonistek tandem perfektu-inperfektua osatzen dute.

Bestalde, genero beltzaren DNAren parte den gizarte kritika bortitza ere egiten du, idealismo politikoak saihestuta. Ongizate estatuaren adibidetzat ditugun herrialde nordiko horietan ere desberdintasunak eta arazoak daudela azaleratzen du. Gakoa da mezu hori tramaren barnean modu zitalean barneratuta dagoela. Eta, noski, musika eta argazkia baztertu gabe, gaiari itsatsirik doakion beharrezko estetika ilun eta astuna ezin egokiagoa da. Zentzu horretan, “Bron/Broen” bikaina da, biribila.

Trapped

MOVISTAR

“Bron/Broen” eta “Forbrydelsen” telesailek duten iluntasun horren printzak ditu, baina baita “Fortitude” edo “Fargo”-k erabiltzen zuten klaustrofobia eta klimatologia gogorreko une horiek ere. Nordic noir eta Agatha Christieren arteko hibrido bezala definituko nuke. Argudio ugari emango nituzke telesail honetara gerturatzeko; hasteko, gertutik jarraitu beharreko aktorea ezagutuko duzulako: Olafur Darri Ólafsson. Hollywooden paper txikietan azaldu da dagoeneko, “True detective”-ren lehenengo denboraldian, esaterako, edo “Quarry” telesailean. Bere herrialdean, Gerard Depardieu islandiarra bezala ezagutzen dute jada. Gainera, traman, ezinbesteko beste pertsonaia bat ere ageri da: Islandiako naturaren indar ikaragarria, neurri batean, argazki zuzendaritza eta soinu banda bikainari esker lorturikoa. Egoera meteorologiko gogor eta latz baten mende, akzio guztia izozturiko hamar egunetan zehar igarotzen da. Ikusleari gutxitan ikusitako hotz sentsazioa sorrarazten dio horrek. Islandieraz, danieraz eta ingelesez filmaturik egoteak sekulako aberastasuna ematen dio telesailari. Beraz, jatorrizko hizkuntzan ikustea ezinbestekoa iruditzen zait. Hori bai, pertsonaien izenekin ez nahasteko, bolaluma eta koadernoa erabiltzea zinez gomendatzen dizut.

Tunna blå linjen

Sei poliziaren eguneroko bizitzaren erretratu intimoa da, non eremu pribatuaren eta profesionalaren arteko lerroa lausotu egiten den Suediako Malmö hiri bizi eta gatazkatsuan tentsioak areagotzen diren heinean. Poliziak gizartearekin duen harremana aztertzen du bereziki telesailak. Baina kontuz, ez pentsa kasu frenetikoak ardatz dituen nordic noir bat ikusiko duzula, agente horiek ez baitute kasu «handirik» konpontzen, eta ez dute ikerketa zehatzik egiten; ez gaude ohiko noir nordikoaren lurraldean. Ez dira detektibeak, polizia infanteriakoak baizik, eta gauza «txikiak» konpontzea da beraien lana.