NAIZ.INFO
BILBO

Genero indarkeriaren biktima diren haurrei arreta eskaintzeko baliabide faltaz ohartarazi dute

Save The Children erakundeak salatu duenez, azken urteotan baliabideak hobetu diren arren, sarritan seme-alabak ez dira ikusten emakumeek jasaten duten indarkeriaren biktima gisa ikusten eta, ondorioz, arreta egokirik ez dute jasotzen.

Haurtzaroaren alorrean lan egiten duen Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) Bilbon emandako prentsaurrekoan nabarmendu duenez, EAEen genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben egoeraren inguruko kontzientziazioa «gero eta handiagoa da». Hala ere, erantzun egokia bermatuko bada, egiteko «lan handia» dagoela argitu dute.

GKEko ordezkarien aburuz, «beharrezkoa da baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak areagotzea eta hobetzea, eta profesionalen prestakuntza sustatzea».

«Gaur egun genero indarkeriaren biktima diren haurren arreta eta babesa ez da haurren eskubideen ikuspegitik lantzen. Haurrak babestu beharreko objektuak dira, baina beti ez da kontuan hartzen beren interes gorena, ez dira biktimatzat hartzen», azpimarratu du Eva Silvanek, Save The Childrenek Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan duen ordezkariak.

Erakunde asko haurrak babesteko urratsak ematen ari direla aipatu duten arren, hainbat gomendio egin dituzte GKEko ordezkariek.

Besteak beste, araudiak eta legeak berrikustea galdegin dute, genero indarkeriazko inguruetan bizi diren haurrak zuzeneko biktima gisa onartzen direla bermatzeko. Horretarako, erakundeen arteko koordinaziorako deia egin dute.

Indarkeria mota horren biktima diren emakumeen seme-alaben haurren inguruko datuak eta informazioa bildu ondoren, haiei zuzendutako programa eta baliabideak sustatzea ere galdegin dute, besteak beste.