NAIZ.INFO
DONOSTIA

24 urteko gazte bat hil da Hernanin, moto istripu batean

24 urteko gazte bat zendu da Hernanin, gidatzen zuen motozikletak furgoneta baten aurka talka egin ondoren.

Ertzaintzak Europa Press agentziari adierazi dionez, arratsaldeko 19.00ak aldera jazo da istripua Hernanin, GI-3410 errepidearen 5. kilometroan.

Furgonetaren aurka aurrez aurre talka egin eta bertan zendu da 24 urteko motor-gidaria, bertaratutako larrialdi zerbitzuak suspertze ariketak egin dizkioten arren.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, jazotakoa argitzeko asmotan eta, bide horretan, jendartearen laguntza eskatu du. Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitatearekin kontaktuan jartzeko deia egin die istripuaren lekuko izan diren edota honi buruzko informaziorik eman dezaketen lagunei.

Ezbeharraren ondorioz, errepidea moztu behar izan dute eta, tarte horretan, trafikoa beste errepide batzuetatik bideratu dute.