Ion TELLERIA
URRUÑA

‘Journal’ auzitara eraman du ‘Sud Ouest’ egunkariko kazetari batek

Antton Etxeberrik, ‘Le Journal du Pays Basque’ (JPB) egunkariko argitaralpen zuzendariak, Bordeleko auzitegian eman beharko ditu azalpenak ‘Sud Ouest’ egunkariko kazetari batek jarritako difamazio salaketa dela eta. Bruno Béziat kazetariak salatu du JPB, irakurle batek bere artikulu bati erantzunez idatzitakoa argitaratu zuelako JPBk. Azaroaren 12an izango da epaiketa.

Antton Etxeberri, Le Journal du Pays Basque egunkariko argitalpen zuzendaria. Bob EDME
Antton Etxeberri, Le Journal du Pays Basque egunkariko argitalpen zuzendaria. Bob EDME

Ekainaren 26an argitaratu zuen Bruno Béziat kazetariak ‘Sud Ouest’ egunkarian ‘Musulman en toute discrétion’ izenburupean artikulua. Abiapuntua honakoa: «Girondeko familia musulman moderatu honetan, gizarte frantziarraren ohituretara egokitzen dira...». Astebetera, irakurle batek artikulu horrek zuen ikuspegi arrazista salatzeko gutuna igorri zuen ‘Le Journal du Pays Basque’ (JPB) egunkarira eta hori argitaratu ostean etorri da Béziaten salaketa.

Difamazioa egozten die Bordeleko kazetariak JPB kazetari berari, eta artikulua idatzi zuen herritarrari, eta 20.000 euroko kalteordaina galdegin du. JPB argitapelpenaren zuzendari den Antton Etxeberriren izenean bere abokatuak eman ditu azalpenak Bordeleko epaitegian, eta epaiketa azaroaren 12an izango dela zehaztu.

JPBk gaur argitaratu duen elkarrizketan dio Antton Etxeberrik bazuela Béziatek «erantzunerako aukera» baliatzerik eta hori egin ordez auzitegira jo duela azaldu du.

‘Sud Ouest’eko kazetariaren artikuluari buruzko kritikan difamaziorik ez zela dio Etxeberrik eta euren lana dela kritikari eta eztabaidari bide ematea egunkariko orrietan.

«Salaketa gure lekua topatu dugunean dator»

Oztopo handia izan daiteke JPB egunkariarentzat salaketa hau. Orain hamaika urte sortu zen Ipar Euskal Herriko ikuspegia garatzen duen egunkari bakarra; ‘Sud Ouest’ egunkariaren ia monopolio egoera batean, gainera. Etxeberrik dio salaketa «JPBk panorama mediatikoan bere lekua topatu duenean» datorrela eta «erreferentzia» hartu duenean hainbat eremu politiko eta sozialetan.

Egunkariaren proiektua sustengatzeko deia zabaldu dute JPBtik, «mehatxu honi eman ahal diogun erantzunik onena Journala sustengatzea eta proiektuan parte hartzea da», dio Etxeberrik.