NAIZ.INFO
HONDARRABIA

Zauriturik eragin ez duen leherketa batek etxebizitza baten fatxada kaltetu du Hondarribian

Goizaldean Hondarribian izan den leherketaren ondorioz etxebizitza baten fatxadak kalteak izan ditu. Hala ere, istripuaren ondoriozko zauriturik ez da egon.

Ubilla kaleko izen bereko etxean izan da leherketa. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Ubilla kaleko izen bereko etxean izan da leherketa. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Hondarribian izaniko eztanda batek etxebizitza baten fatxada askatzea eragin du. Ertzaintza ezbeharraren zergatiak aztertzen ari da eta istripuak ez du zauriturik eragin, Lakuako Barne Sailak aditzera eman duenez.

Iturrien arabera, goizeko 6.00etan entzun da eztanda eta suhiltzaileak gerturatu beharrean suertatu dira piztu den suaren ondorioz. Fatxadaren askatzeak obra-hondakinen pilaketa eragin du etxebizitzaren kanpoaldean.

Suhiltzaileez gain, Udaltzaingoa eta Ertzaintza ere bertaratu dira. Prebentzio modura, Lakuako Gobernuaren gas teknikari bat eta konpainiaren beste bat ere egoera aztertzen aritu dira.

Ertzaintzak ikerketa hasi du eztandaren zergatiak ezagutzeko.

«Nahita eragindakoa» izan da Hondarribiko alkatearen ustez

Prentsaurrekoa eman du Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak istripuaren balorazioa egiteko. Bertan, ezbeharra «nahita eragindakoa» izateko aukera handiak daudela esan du, nahiz eta hasieran istripu baten inguruan hitz egin den.

Bizilagunak «ondo» daudela gaineratu du Kerejetak, nahiz eta sustoa oraindik gorputzean izan.