NAIZ.INFO
MADRIL

Jon Iñaki Perez Aranburu espetxeratzea agindu du Fernando Andreu epaileak

Ostiral honetan Irunen atxilotutako Jon Iñaki Perez Aranburu espetxera bidali du Entzutegi Nazional espainoleko epaile Fernando Andreuk, Justizia frantsesak donostiarraren aurka igorritako euroagindu bat dela medio.

Efe eta Europa Press agentziek adierazi dutenez, Andreu epaileak gaur goizean Perez Aranbururen aurkako euroaginduaren izapideak egin ditu, eta donostiarrari jakinarazi dio zer leporatzen dion Justizia frantsesak.

Hain zuzen, atzo atxilotutako donostiarrak 3 urteko espetxe zigorra dauka betetzeko Estatu frantsesean, 2000. urtean ezarritako zigor batengatik. Bera aurrean ez zela burutu zen epaiketa hura.

Aipatu iturrien arabera, donostiarrak ez du onartu euroagindua eta, hortaz, entrega ez da berehala gauzatuko. Entzutegi Nazional espainolaren Zigor Aretoan prozedurak aurrera egiten duen bitartean, Perez Aranbururen espetxeratzea agindu du epaileak.

Madrilgo Soto del Realeko kartzelan sartu dute.