NAIZ.INFO
PARIS

Bost pertsona hil dira Parisko kanpoaldean, sute batean

Bost pertsona, horien artean haur bat, hil dira goizaldean Parisko iparraldean dagoen Gennevilliers herrian izan den sutean.

Suhiltzaileak lanean, sutea izan den etxebizitzetan. (Miguel MEDINA/AFP)
Suhiltzaileak lanean, sutea izan den etxebizitzetan. (Miguel MEDINA/AFP)

Bost lagun hil dira gaur goizaldean Parisko iparraldean dagoen Gennevilliers herrian izan den sutean. Ezbeharra 4.20 aldera gertatu da, etxebizitza bloke batean, ikertzen ari diren arrazoiak tarteko.

Hildako bost lagunak, horien artean haur bat, bosgarren solairuko pisu batean zeuden eta antza denez kea arnasteagatik zendu dira.

Suhiltzaileek hamahiru lagun erreskatatu behar izan dituzte seigarren solairutik. Guztira, hamabost pertsona ospitalera eraman dituzte, zauri arinekin.

Parisko suhiltzaileen eledun Frederic Grosjeanek azaldu duenez, bizilagunak lotan zeudela zabaldu dira garrak eta ohartu direnerako ezin izan dute ezer egin. Etxebizitza egoera onean omen zegoen, duela gutxi berritu baitzuten.