Ion TELLERIA
BILBO

Herritarren ekimenak mugiaraziko ditu estatuak, Bilbon izan diren ordezkari politikoen ustez

Bilboko manfiestazioan parte hartu duten ordezkari politiko, sozial eta sindikalek bat egin dute herritarrak politikarien aurretik doazela esatean eta Espainiako eta Frantziako Estatuen blokeoa herri ekimenak gaindiaraziko duela nabarmentzean. Normalizazioa iritsiko bada espetxe politika aldatu behar dela aldarrikatu dute eta EAJren ausentzia kritikatu dute.

La Casilla inguruan egin dituzte adierazpenak ordezkari politiko eta sozial gehienek, hedabideen presentzia handiarekin (ARGAZKI PRESS)
La Casilla inguruan egin dituzte adierazpenak ordezkari politiko eta sozial gehienek, hedabideen presentzia handiarekin (ARGAZKI PRESS)

«Garbi ikusi dugu gaur ere jendartea politikaren aurretik doala». Ainhoa Aznarez PSNko militanteak Info7 irratian Jone Goirizelaiarekin batera (Ahotsak ekimenekoak biak) egin dioten elkarrizketan azaldu du bere «konfiantza» herritarrengan. Ez da bakarra izan.

Ezker abertzalearen izenean Pernando Barrenak manfiestazioren aurretik egin dituen adierazpenetan esan du balioa eman behar zaiela modu honetako mobilizazioei «bereziki, espetxe politikan mugimendurik egingo ez dutela diotenen aurrean». «Bakearen etsaiak mugiaraziko ditugu, azkenean mugitu egin beharko dira» esan du.

Barrenaren arabera normalizazio politikoaz hitz egiteko garaia da eta «kontzeptu hori ulergaitza da euskal gizartean arrazoi politikoengatik espetxean diren guztiak kaleratzea helburu gisa ez badu». EH Bilduko Laura Mintegik ere gauza bera errepikatu du, normalizazio politikoa lortzeko espetxe politikan aldaketak egitea ezinbestekoa dela.

Mintegiri Eusko Alderdi Jeltzalearen ausentziaren inguruan galdetu diote, «hemen nabarmen geratzen dena ez dagoena da» Mintegiren arabera «kaleko jendea askoz ere normalagoa» da politikariak baino eta bi galdera bota ditu: «Nork ez du nahi bakea? Nork ez du nahi normalizazioa?». Politikak aldatzeko «kaletik gora» ekiteko beharra azpimarratu du.

Eusko Alkartasuneko Peio Urizarrek esan du adiskidetzeaz edo bizikidetzaz hitz egitean «gartazkak sortu dituen ondorio guztiak» konpondu behar direla. Abertzaleen Batasunaren izenean Mertxe Conlinak gatazkaren konponbidearen alde egiteko eskatu die Espainiako eta Frantziako estatuei, «onura guztientzat izango delako, eta herriak merezi duelako».

EAJren falta

ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek, ere ez du ulertu jeltzaleen argudioa: «Ez dugu ulertzen zergatik esaten duten batzuek ez dakit zein esparrutan ari direla gaia mugitzen... ez da ezer mugitzen eta espetxe politikan!». Ainhoa Etxaidek, LABeko idazkari nagusiak, mobilizazioa eta sukalde lana ez direla bateraezinak adierazi du.

Biek, hala ere, konfiantza herri mobilizazioan jarri dute. Hamaika telebistan bide beretik jo du Paulo Agirrezabaltegi frantziskotarrak. «politikaren aurretik dago hau», esan du gaur pankarta eskuan eraman duen fraideak.

Martin Garitanok, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Estatuak mugi daitezen «bultza egiteko beharra» dagoela esan du eta Aralarreko Patxi Zabaletak agintariei egin die dei: «‘Amnistia osoa, presoak kalera’, hori da herriak eskatzen duena eta politikariek entzun beharko luketena».