NAIZ.INFO
BAIONA

Ipar Euskal Herrian ez da sortuko irakasle lanpostu berririk

Datorren urteari begira, Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan irakaskuntza lanpostu berririk ez da sortuko. Mezu hori zabaldu da Departamenduko Akademia Ikuskaritzak eta irakaskuntza arloko sindikatuek atzo Pauen egindako batzarraren ondoren.

Haurrak, Uztaritzeko eskolaren atarian. (Gaizka IROZ)
Haurrak, Uztaritzeko eskolaren atarian. (Gaizka IROZ)

Departamenduko Akademia Ikuskaritza eta irakaskuntzako sindikatuak biltzen dituen batzorde tekniko berezia bildu zen atzo Pauen, datorren ikasturteari begira eskola publikoetako irakaskuntza postuen sorrera eta galera finkatzen dituen Eskola Kartaz eztabaidatzeko.

Zabaldu dituzten lehen datuen arabera, Ipar Euskal Herrian ez da sortuko irakasle lanpostu berririk, baina mugimenduak izanen dira, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.

«Lanpostu mugimenduak izanen dira, eta ikuskariak egiten duen proposamenaren arabera, galtzaile handiak ama eskolak izango dira», salatu du atzoko bilkuran parte hartu zuen Mathilde Blanchard SNUIPP sindikatuko kideak.

Izan ere, antolaketa berriaren arabera Angelu eta Baionako Les Arenes bezalako ama eskoletan hogeita hamar ume inguruko gelak izateko arriskua dago.

Bestalde, Barkoxe eta Heletako eskoletan irakasle postua galduko dutenez, ume guztiak gela bakarrean geratuko lirateke.

UNSA eta SNUIPP sindikatuek Philippe Couturaud ikuskariak egindako proposamenaren aurka bozkatu zuten.

Bigarren bilera

Sindikatuek aurka bozkatu dutenez, Philippe Couturaudek batzorde teknikoaren beste bilera bat egin beharko du. Bitartean, ostegunean, guraso elkarte eta hautetsiek osatzen duten batzordearekin bilduko da ikuskaria.

Bilera horren karietara, guraso elkarteek Eskola Karta berria salatzeko elkarretaratzea egingo dute Paueko Prefeturaren aurrean.