NAIZ.INFO
DONOSTIA

Emakumearen borroka aldarrikatu dute eragile feministek

Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan hainbat ekimen egin dira Euskal Herrian emakumearen borroka aldarrikatuz. Emakumeon Mundu Martxa Legebiltzarraren aurrean elkartu da, hainbat instituziok deklarazioak irakurri dituzte eta hiriburuetan elkarretaratzeak egin dira.

Era askotariko aldarriak ikusi dira Iruñeako manifestazioan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Era askotariko aldarriak ikusi dira Iruñeako manifestazioan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Marxtak deituta, hainbat eragile feminista Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkartu dira ‘Lana soberan daukagu, enplegu duina falta zaigu’ lelopean, Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan.

Miren Aranguren plataformako kideak hitz egin du kazetarien aurrean. Haren arabera, mugimendu feministek lanaren inguruan hitz egiten duenean, ez dira solik soldatapeko produkzio sistemaren inguruan ari, «lanarena hori baino askoz eremu zabalagoa da».

«Gizarte honentzako beharrezkoak diren lan guztiak -oro har emakumeen gain geratzen direnak- hartu behar dira kontuan eta balio ekonomiko bat eman behar zaie», aldarrikatu du Arangurenek.

Horrez gain, instituzio ezberdinei dei egin die euren politiken norabidea aldatzeko eta politika hauek pertsonen beharretara egokitzeko.

Elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorra, baita EH Bilduko hainbat legebiltzarkide ere.

Ekimenak instituzioetan ere

Hainbat instituzioek ere egin dute euren ekarpena Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira. Gasteizko Legebiltzarrean, adibidez, adierazpen instituzional bat irakurri du Bakartxo Tejeriak. Iñigo Lamarca Arartekoak ere egin du bere ekarpena, instituzioei emakumeen parte hartzea sustatzeko eskatuz.

Bizkaian, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte eta herrialdeko Aldundiak eta hainbat udalek adierazpenak irakurri dituzte.

Donostiako Udalak ere irakurri du adierazpen instituzionala, gizartean emakumeak duen parte hartzea sustatzeko konpromisoa hartuz.

Arratsaldeko 19.30ean, Bilbo eta Donostian elkarretaratzeak egingo dira, emakumeen koordinakundeek antolatuta. Iruñea eta Gasteizen, aldiz, hitzordua 20.00etarako dago finkatua.

Elkarretaratzeak hiriburuetan

Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin dira bilgune zein kolektibo feminista ezberdinek deituta. ‘Gora borroka feminista’ izan da eragile ezberdinen artean deialdia egiteko adostu duten leloa.

19.30ean Bilbo eta Donostia izan dira ekimenak, 20.00etan, aldiz, Gasteiz eta Iruñean. Elkarretaratzeez gain, manifestazioak ere egin dituzte, sistema patriarkalaren aurka emakumeen borroka aldarrikatuz.