NAIZ.INFO
ERROMA

Bersanik Gobernua eratzeko egin dituen saiakerek huts egin dute

Italiako hauteskundeetako irabazle izan zen Pier Luigi Bersanik uko egin dio Gobernua eratzeari ez duelako lortu horretarako babes nahikorik. Errepublikako presidente Giorgio Napolitanok hartuko du bere gain egoera desblokeatzen saiatzeko ardura.

Pier Luigi Bersani, Napolitanorekin izandako bilerara sartu baino lehen. (Alberto PIZZOLI/AFP PHOTO)
Pier Luigi Bersani, Napolitanorekin izandako bilerara sartu baino lehen. (Alberto PIZZOLI/AFP PHOTO)

Otsailean egin ziren hauteskundeek iragarri zuten Italiak zail izango zuela Gobernua osatu eta egonkortasuna lortzea. Beste behin egoera hori agerian gelditu da, boto gehien lortu zuen hautagai Pier Luigi Bersani zentro-ezkerrekoak uko egin baitio Gobernua eratzeari.

Astebete eman du Bersanik alderdi politiko eta gizarte eragileekin batzarrak egiten, herrialdeak bizi duen egoerari irteera bat bilatu asmoz.

«Beste alderdi politikoekin izandako eztabaidek porrot egin dute», nabarmendu du Bersanik, Giorgio Napolitano Estatuburuarekin batzartu ondoren.

«Presidenteari adierazi diot nire saiakerek kale egin dutela eta, puntu honetan ez dudala irtenbiderik aurkitzen», azaldu du.

Gaineratu du beste alderdiek «onartu ezinezko baldintzak» ezartzen zizkiotela beren babesaren truke.

Gauzak horrela, Napolitanok berak hartuko du Gobernua osatzeko aukerak martxan jartzeko ardura.

«Errepublikako presidenteak erabaki du lehen bait lehen egoera politiko eta instituzional honetan aurrera egitea ahalbidetuko duten ekintzak abiatzea», jakinarazi du Napolitanoren idazkariak, Donato Marrak.

Hala, ostiral honetan alderdi desberdinetako buruekin bilerak egiten hasiko da Napolitano.