NAIZ.INFO
BILBO

Bilboko Guggenheim museoan biluzik eta ‘Internazionala’ abesten

Ertzaintzak espediente administratiboa ireki dio 38 urteko gipuzkoar bati, atzoko egunez, Bilboko Guggenheim museoko areto batean zegoela, gerritik behera biluzi eta ‘Internazionala’ langileen ereserkia abesteagatik.

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak atzo jazo ziren, arratsaldeko 14.00ak aldera, Richard Serraren eskulturak dauden Guggenheim museoaren aretoan.

Une batean, gizonezko batek –38 urteko beasaindarra– prakak eta galtzontziloak jaitsi eta ‘Internazionala’ abesteari ekin zion, beste bi edo hiru lagunek ekintza grabatzen zuten bitartean.

Zinpeko zaindariek abisatuta, Ertzaintza bertaratu zen, eta gizonezkoa janztera behartu ondoren, identifikatu egin zuten eta museotik alde egin zezala eskatu.

Desordena publikoa eragiteagatik espediente administratiboa ireki diote.