NAIZ.INFO
ERROMA

Berlusconiren aurkako lau urteko espetxe zigorra berretsi dute

Milango Apelazio Auzitegiak Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiaren aurkako lau urteko espetxe zigorra berretsi du, Mediaset auzia dela-eta zerga iruzurra egin zuelako.

Silvio Berlusconi, Italiako lehen ministro ohia. (Filippo MONTEFORTE/AFP PHOTO)
Silvio Berlusconi, Italiako lehen ministro ohia. (Filippo MONTEFORTE/AFP PHOTO)

Alessandra Galli buru zuela, Milango Apelazio Auzitegiak ‘Il Cavaliere’-ren aurkako lau urteko espetxe zigorra eta bost urteko inhabilitazioa berretsi du.

Epaia ez da irmoa eta, beraz, helegitea aurkezteko aukera du Berlusconik. Hirugarren auzialdian kondena jasoko balu ere, ez luke espetxera joan behar izango, Indultuaren Legearen aplikazioaren ondorioz, lau urteetako hiru barkatuko lizkiotelako.

2012ko urrian eman zen aurreneko epaiaren arabera, Mediaset ikus-entzunezkoen enpresaren irabaziak faltsutu zituen Silvio Berlusconik, zehazki AEBetako filmei zegozkienak.

Epaileek frogatutzat eman zuten lehen ministro ohiaren beste enpresa batzuek saldu zizkiotela filmak Mediaseti, balio zuten baino garestiago, hala Mediasetek –Cuatro eta Telecinco telebista kateen jabe den enpresa– irabaziak murriztu eta zerga gutxiago ordaindu ahal izateko.