Naiz.info
Donostia

Eskubide Sozialen Karta eratzeko Nazio Batzarra egingo da larunbatean Eibarren

Hainbat sindikatu eta eragile sozialek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzeko lehenengo Nazio Batzarra egingo dute larunbatean Eibarren, eredu ekonomiko eta sozial propioa erdieste aldera.

Sindikatu eta eragileek aurkeztu dute Eskubide Sozialen Karta osatzeko lehenengo Nazio Batzarra. (ELA)
Sindikatu eta eragileek aurkeztu dute Eskubide Sozialen Karta osatzeko lehenengo Nazio Batzarra. (ELA)

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT-LKN sindikatuek, eta Euskal Herriko dozenak eragile sozialek, Eskubide Sozialen Karta osatzeko lehenengo Nazio Batzarra burutuko dute larunbatean Eibarren.

Helburua, «pobrezian, injustizian, bazterketetan eta bereizkerietan» oinarritutako ereduetatik urrun, Euskal Herrian eredu ekonomiko eta sozial propioa erdiestea izango da.

«Eskubide sozial eta laboralen errespetuan, justizia sozialean, ingurugiroarekiko aitortzan eta errespetuan, pertsonen arteko botere-harreman hierarkikoak gaindituko dituen eta herritar guztien parte-hartze sozio politikoa bermatuko dituen Euskal Herria nahi dugu», azpimarratu dute ohar bidez.

Aldarripanetetatik harago, ordea, «euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea» dela iritzi diote, Eskubide Sozialen Karta «borrokarako tresna baliagarria izateaz gain, alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa garatzeko bide emango digula ziur gaude; Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egin eta erabakia. Eta ez elite ekonomikoek erabakia».

Ildo horretan, Euskal Herriko eragile guztiei Eskubide Sozialen Kartaren osaketan «era aktiboan» parte hartzeko deia luzatu diete eta maiatzaren 30eko greba orokorrari babesa adierazi diote.