Naiz.info
Bilbo

Foro Sozialaren gomendioak beteta «bakea askoz ere gertuago» legokeela iritzi dio Aralarrek

Aralarrek uste du indar politiko askok ez duela inolako asmorik Foro Sozialaren gomendioak betetzeko, ez dutelako argudiorik horien edukien aurka. Ildo horretan, gomendioen mamiaren azalpena gizarte osoan hedatzeko beharraz mintzatu da.

Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera eta Dani Maeztu. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera eta Dani Maeztu. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Aralarren aburuz, Foro Sozialak publiko egindako hamabi gomendioak nola garatu da «aurrean daukagun erronka eta erantzukizuna». Alderdiko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaleta eta Dani Maeztu koordinatzaileordea azken egunetan alderdiek egindako balorazioez mintzatu dira prentsaurrean.

Beraien iritziz, PPk eta PSOEk ez dute edukietan sartu nahi izan eta ez dituzte edukiak zehazki arbuiatu, besteak beste, «giza eskubideetan oinarriturik daudelako eta, horren ondorioz, ezinezkoa zitzaielako aurkako arrazoiak azaltzea».

EAJk, berriz, gomendioekin ados dagoela esan du, baina borondatea azaltzeko eskatu dio Aralarrek, eta gomendioak beteak izan daitezen «urrats argigarriak» emateko.

Izan ere, «orain aurrean daukagun gakoa da nola gomendio horiek bete daitezen saiatu eta lan egin» eta horiek betez gero, «bakea askoz gertuago» legokeela adierazi du. Aralarrek gomendioak «osotasunean» onartu behar direla aldarrikatu du. «Dena da aintzat hartzekoa eta gauzatua izan dadin saiatzekoa».

Edukien azalpena gizarte osoan hedatzearen beharraz ere mintzatu dira. «Bakea eta elkarbizitza gizarte osoaren ondasunak dira eta Foro Sozialaren hamabi gomendio horiek giza eskubideetan oinarritzen dira, berdintasunean eta askatasunean oinarritzeko etorkizuna», esan dute.

Foro Sozialak parte hartzeari ematen dion garrantzia ere azpimarratu dute eta eragile guztien inplikazioa beharrezkotzat jo dute «estatuen inmobilismoaren aurrean».