NAIZ.INFO
ISLAMABAD

Gutxienez 14 lagun zendu dira Pakistango segurtasun indarren aurkako erasoan

Pakistango Peshawar hirian segurtasun indarren aurka bonbaz eginiko atentatuak gutxienez 14 lagunen heriotza eragin du, horietako hiru haurrak, eta beste 25 lagun zauritu egin dira.

Pakistango Frontier Corps talde paramilitarraren aurka eginiko erasoak kalte material handiak eragin ditu. (Hasham AHMED/AFP PHOTO)
Pakistango Frontier Corps talde paramilitarraren aurka eginiko erasoak kalte material handiak eragin ditu. (Hasham AHMED/AFP PHOTO)

Peshawarreko Badaber barrutian jazo den atentatuak muga zaintzen duen paramilitar talde baten (Frontier Corps, FC) ibilgailuak zituen jomugan, Jawed Marwat hiriko polizia inspektoreordeak ‘Dawn’ egunkariari baieztatu dionez.

Iturri horren arabera, eztandaren ostean tiroketa izan da segurtasun indarren eta erasotzaileen artean.

Gutxienez 14 hildako eta 25 zauritu utzi ditu kalte material larriak eragin dituen atentatuak.

Hildakoen artean ez dago FC-ko kiderik, baina zaurituen artean talde paramilitarreko kideak, haurrak eta emakumeak daude, Shafiula Khan polizia buruak adierazi duenez.