NAIZ.INFO
BAIONA

Badatoz Baionako bestak

Gaur gauean abiatu dira Baionako bestak, berrikuntza txiki batzuekin. Igandera arte, nahi adinako ekitaldiak izango dira. Xumai Murua bertsolariak bota du irekierako bertsoa.

Xumai Murua bertsolaria besten hasierako bertsoa botatzen (Bob EDME)
Xumai Murua bertsolaria besten hasierako bertsoa botatzen (Bob EDME)

Baionako bestak, Jean Grenet auzapezaren agindupeko azkenak, gaur gauean (22.00) abiatu dira, Leon Erregearen iratzartzearekin. Grenetek azkeneko aldiz entregatu dizkie hiriaren hiru giltzak herritarrei, eta Xumai Murua bertsolariak euskararen presentzia ziurtatu du irekiera ekitaldian, bertso batekin.

Bestak aurten berrikuntza txiki batzuekin datoz. Horien artean, Bonnat Laukian Baionako jaien afixen bildumarekin paratutako erakusketa. Beste berrikuntza Laborarien Xokoa izango da. Chao-Pelletier kaian kokatuko da egunero goizeko 11.00etatik 23.00ra. ELB sindikatuaren eskutik, bertako produktuekin prestatutako jakiak eskainiko dira.

Dagoeneko klasikoak bilakatu diren ekitaldiek ere ez dute huts eginen. Haurrek Leon erregearekin ongi pasatzeko aukera izanen dute, mota guztietako musika eta kontzertuek karrikak blaituko dituzte, dantzan, kantuan edota bigantxen aitzinean korrikan aritzeko aukera ugari izanen dira, ohiko moduan.

Iaz bezala, Iruñeko eguna larunbatez izanen da eta aurtengo ‘Corso argitsuaren’ eta karrozen apaindurak zerikusi zuzena izanen dute haurrekin, hautatuko gaia ‘Haurren mundu liluragarria’ baita.