NAIZ.INFO
MADRIL

AVTren eta polizia sindikatuen ustez «lotsagarriak» dira Jesus Egigurenen adierazpenak

Jesus Egigurenek euskal preso politikoen gerturatzea galdegin du gaur elkarrizketa batean. AVT elkarteak eta Espainiako poliziaren hainbat sindikatuk gogor kritikatu dituzte bere hitzak; «lotsagarria» dela esan dute eta «biktimengandik baino talde terroristaren tesietatik gertuago» egotea egotzi diote.

Espainiako eskuin muturrak gogor hartu ditu Jesus Egigurenek konponbidearen alde gaur egin dituen adierazpenak. PSEko kideak presoen gerturatzea eskatu du «ahalik eta azkarren ETA iragana izan dadin», gainera dispertsioak «zentzurik ez» duela esan du.

AVT elkarteko presidenteak, Angeles Pedrazak, hitz gogorrak izan ditu bere aurka. Bere ustez «lotsagarria da Zuzenbide Estatu batean presoentzat, hiltzaileentzat, eskubide gehiago eskatzea terrorismoaren biktimentzat baino».

Bide beretik hitz egin dute Espainiako polizien SUP eta CEP sindikatuek. Euren «mespretxu erabatekoa» erakutsi diote Egigureni. Halako eskariek «euren bizitza arriskuan jarri duten polizia eta guardia zibilei frustrazioa» eragiten diela adierazi dute.