NAIZ.INFO
Donostia

GHK salatu du errauskailuaren inguruko informazio baliotsua ostea egotzi zioten teknikariak

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak errauskailuaren kontratuen esleipenari buruzko «informazio oso baliotsua» lapurtzea egotzi zion pasa den astean teknikari bati, orain teknikariak jarri du GHKren aurkako salaketa «akusazio eta salaketa faltsua», «koakzioa», «legez kanpoko atxikitzea» eta «mehatxuak» egotziz.

GHK-ko ordezkariak Zubietako errauskailuaren etetea iragarri zutenean. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
GHK-ko ordezkariak Zubietako errauskailuaren etetea iragarri zutenean. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Pasa den astean Gipzukoako Hondakinen Kudeaketak salaketa jarri zuen langile baten aurka, errauskailuaren eraikuntzarako kontratuen esleipenari buruzko «informazio oso baliotsua» ostu zuelakoan. Orain, teknikari horrek berak jarri du salaketa GHKren aurka, kontsorzioak berak jakinarazi duenaren arabera. Langileak bere aurkako «akusazio eta salaketa faltsua» salatu ditu, baita «koakzioa», «legez kanpoko atxikitzea» eta «mehatxuak» ere.

GHKren arabera Zubietako errauskailuaren eraikuntzarako kontratuen esleipenetan izan diren irregulartasunak ezkutatzen jarraitzeko saiakera da salaketa hau eta berretsi egin dute langileak informazio zuzena zuela eta izandako hutsune horien guztien berri zuela.

Hondakinen kontsorzioak salaketa egin zuenean esandakoak gogoratu ditu gaurko oharrean, langilea bera izan zela irregulartasun horien berri egungo GHKren arduradunei eman ziena gogoratuz. Horren beri izatean, GHKren arabera beti ere, informazio hori zuen ordenagailua eramatekotan geratu zen teknikaria baina ez zuen sekula halakorik egin.

GHK-k uste du gertakari guzti hauek erakusten dutela Zubietako errauskailuaren lanen esleipena legez kanpoko eta arauz kanpoko jardueraz beterik daudela. Hondakinen kudeatzaileek gogoratu dute, bide batez, eurek dakitela lapurtu zuten ordenagailua ez dela agertu oraindik eta Ertzaintzak oraindik ez duela etxerik miatu material horren bila.