NAIZ.INFO
BILBO

Euskaltegietara joan eta euskara ikasteko deialdi zabal eta anitza egin dute Bilbon

Euskaltegi Sareak, alderdi politikoetako ordezkariek eta kultura zein kirol arloko hainbat aurpegi ezagunek, norbanakoekin batera, agerraldia egin dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, ‘Zatoz euskaltegira!’ lelopean, euskal herritarrei euskara ikasteko deia egiteko xedez.

Arlo askotariko ordezkariek hartu dute parte agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Arlo askotariko ordezkariek hartu dute parte agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Oso euskaltzale ezagunak eta oso arlo desberdinetako ordezkariak bildu dira Euskaltzaindiaren egoitzan, aho batez ‘Zatoz euskaltegira!’ deialdia egiteko.

Euskaltegiei dagokionez, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Deustuko euskal irakaslegoa, Aurten bai, Maizpide eta, Udal euskaltegien ordezkari moduan, Santurtziko udal euskaltegiko zuzendaria izan dira agerraldian.

Alderdi politikoen ordezkariak, Lorea Bilbao (EAJ), Josu Larrea (Sortu), Lurdes Auzmendi eta Alfonso Gil (PSE), Pili Robles (EA), Jon Salaberria (Aralar) eta Beatriz Marcos (PP) izan dira, besteak beste.

Euskalgintza ordezkatuz, Andres Urrutia (Euskaltzaindia), Paul Bilbao (Kontseilua) eta Mikel Irizar (Topagunea), eta norbanakoen artean izan dira Rafa Rueda, Toti Martinez de Lezea, Jose Angel Iribar, Maider Unda, Alex Txikon, Mikel Losada, Mikel Martinez, Kike Amunarriz, Galder Perez eta Ordizia errugbi taldeko jokalariak, besteak beste.

Guztien izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak testu bat irakurri du, euskal herritarrei euskara ikastera euskaltegira joateko deia eginez. Beste behin ere, irail-urri aldean, helduen alfabetatze eta euskalduntze lanetan dihardutenek eta gizartearen eragileek beren zeregina «argi eta ozen» aldarrikatzen dutela azpimarratu du, «gizarte honetan funtsezkoa dena».

Krisi garaian bizi arren, «zerbait egiteko garaia» dela adierazi du, eta horretan berresten dela gaur «gure konpromisoa eta erronka, egunero gauzatzen dena gure ikasgeletan». «Hortxe eskaintzen zaio gizarteari zerbitzua, gizartea bera kulturaren ikuspegitik aberastu nahian», gaineratu du.

Euskararen aitzinamendua ziurtatzeko eta bermatzeko euskaltegien lana «oinarrizkoa eta ezinbestekoa» dela ziurtatu du, eta norabide horretan kokatu du ‘Zatoz euskaltegira!’ leloa. «Etorri euskaltegira, bertan aurkituko baitituzu, euskararekin batera, kultura oso baten adierazpenak», gaineratu du.

Izan ere, bere hitzetan, hizkuntza baten inguruak ezagutzea horixe da, hain zuzen ere, «berak eramaten duen ikuskera horren jabea egitea». «Irribarre zein negar, neke eta pozak, haserre eta adiskidantzak, alaitasuna eta tristura... Labur esanda, giza seme-alaba orori dagozkion sentimenduak eta horiek ere zure hizkuntzan, zure inguruko hizkuntzan, hurhurrekoz duzun horretan jasoko dituzu», esan du.

Azkenik, buruz buruko zein baliabide berriak erabilita, ikasturte honetan ere euskaltegietako ikasgeletan «hamaikatxo ikasle» izango direla ziurtatu du, eta mundu osoan zehar euskara irakasten eta ikasten edo beren burua alfabetatzen ari diren guztiei «agurra, gogoa eta nahia» bidali dizkie.