@gara_augarte
DONOSTIA

Irailak hiru mila langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Langabeziak gora egin du irailean Hego Euskal Herrian eta abuztuan baino 3.061 langabe gehiago utzi ditu, guztira 226.893. Nafarroan bakarrik egin du behera.

Lanbideren bulego bat. (ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat. (ARGAZKI PRESS)

Irailean 226.893 langabe zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, Enplegu Ministerio espainolak gaur eman dituen datuen arabera. Aurreko hilabetean baino 3.061 langabe gehiago zenbatu dira, beraz.

Nafarroan izan dituzte daturik hoberenak, izan ere, herrialde horretan behera egin du langabeziak, apal bada ere. 50.407 pertsona daude lanik gabe, abuztuan baino 318 gutxiago (-%0,63).

Igoerarik handiena portzentualki Gipuzkoan izan da. 1.079 langabe gehiago daude (%2,24), guztira 49.155.

Bizkaian hazkundea %2,01ekoa izan da. 1.954 lagun gehiago daude langabeziaren zerrendetan, guztira 99.103.

Araban, azkenik, %1,24 hazi da langabezia. 346 langabe gehiago zenbatu dituzte, guztira 28.228.

Aurreko urteko datuekin alderatuta, herrialde guztietan gora egin du langabe kopuruak. Araban %9,05 hazi da; Bizkaian, %7,40; Gipuzkoan, %6,91, eta Nafarroan, %1,47.