NAIZ.INFO
BAIONA

Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen arazoari aurre egiteko bideak aztertzen ari da Seaska

Hendaiako eta Beskoitzeko Herriko Etxeek ikastola berriak finantziatzeko hartu zuten erabakia prefetak geldiarazi zuenetik sortu den arazoari konponbide bat atzemateko Seaska bide ezberdinak aztertzen ari da, Paxkal Indok azaldu duenez.

Paxkal Indo, Seaskako presidentea. (Gaizka IROZ)
Paxkal Indo, Seaskako presidentea. (Gaizka IROZ)

Prefetak Falloux legea aipatuz Hendaiako Herriko Etxearen ebazpena geldituz hartutako erabakiaren kontrako epaiketa egin bitartean ikastolen federazioa beste bide batzuk aztertzen ari da, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.

Hendaiako ikastolaren ondoren Beskoitzeko zentro berriaren proiektua ere geldiarazi du Parisko Gobernuko ordezkariak.

Seaskako kideak ztertzen ari diren biden artean alde batetik Kontseilu Konstituzionalera «Konstituzioaren lehentasunezko galdera» eramatea litzateke. Galderaren oinarria Falloux legeak lehen eta bigarren mailako ikasleen artean sortzen duen berdintasun eza da, lehen mailan finantziazio publikoa legez kanpokoa bada ez baita berdin bigarren mailan.

Aferan sartuak diren parte hartzaileetakoren batek egin beharko luke galdera, eta nork eginen luken oraindik ez da erabakia izan.

Bigarren aukera Europa mailara haurren eskubideen arazoa eramatea litzateke.

Eta azkenik Estatu frantsesean eskualde hizkuntzen defentsarako beste elkarte batzuekin elkarlanean Unescora joatea litzateke, hizkuntza eskubideen aldetik joz era honetan.

«Bide bat baino gehiago hartzea ere posible da, baina oraindik ez da deliberatua izan» azaldu du Paxkal Indok Euskal Herriko Kazetan.

Hendaiako ikastolaren finantziazioaren deliberoaren gainean prefetak proiektua gelditu izana auzitegietan eztabaidatu beharko da, baina epaiketaren aurretik urtebete inguru itxaron beharko denez, irailaren erdialdean Herriko Etxearen asmoa bertan behera utzi zuen Pauek, epaiketaren zain.