@aimar_etxe
DONOSTIA

25 donostiar epaitzeari ekingo diote gaur, 2009ko legez kanporatzea salatzeagatik

2009ko hauteskunde autonomikoetan ezker abertzalearen legez kanporatzea salatu eta bozetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik, 25 donostiar epaituak izango dira ostiral honetatik aurrera, Egiako epaitegian.

Epaiketa ezberdinetan prozesatuta dauden donostiarrek prentsaurrekoa egin zuten Bulebarrean. (@AIMAR_ETXE)
Epaiketa ezberdinetan prozesatuta dauden donostiarrek prentsaurrekoa egin zuten Bulebarrean. (@AIMAR_ETXE)

Auziperatuetako hamaikaren aurka bi urteko espetxe zigorra eskatzen dute, bederatziren aurka bi urte de sei hilabetekoa eta bi urte eta bederatzi hilabetekoa gainerako bosten aurka. Epaiketaren harira, elkarretaratzea deitu dute Egiako epaitegien aurrean.

25 hauez gain, datorren astetik aurrera Madrilen beste bederatzi hiritar epaituko dituzte. Hauetariko sei -Garazi Rodriguez, Asier Coloma, Mikel Eskiroz, Maialen Eldua, Eihar Egaña eta Aitziber Arrieta- gazte mugimenduaren aurkako auzia dela-eta izango dira epaituak, eta hiru -Juani Lizaso, Joseba Alvarez eta Agus Rodriguez- 35/02 sumarioan daude inputatuta.

Gauzak horrela, herri harresia eraikitzeko deia egin zuten asteazkeean. «Elkartasun eta konpromisoarekin, denon ekarpen txikiaz, lortuko dugu epaiketa politikoak gelditzea», adierazi zuten. Urriaren 19an auzoetatik aterako dira herri harresiak, 12.00etan, eta ondoren, 13.00etan, ekitaldia egingo dute Grosen.

Gasteizen ere aurkeztu zuten datozen epaiketa politikoen aurka egiteko ekimena, Gasteizko Harresia izenez bataiatu dutena. Izan ere, Madrilen epaituak izango diren 76 pertsonetatik, hamar lagun Arabako hiriburukoak dira -Antton Morcillo, Aitor Liguerzana, Bittor Gonzalez, Goizane Pinedo, Ion Anda, Jagoba Apaolaza, Jon Liguerzana, Nestor Silva, Unai Ruiz eta Zumai Olalde-.

Egoera honen aurrean, «kriminalizazio politiken eta ilegalizazioen aurka» dauden hiritar guztien elkartasuna eta konpromisoa bultzatzeko asmoz, hainbat deialdi luzatu zituzten prentsaurrekoan. Alde batetik, asteburuari begira «Asteburu laranja» ekimena antolatu dute. Ekimen honen harira, gasteiztar guztiei laranjaz janzteko deia luzatu zieten. Era berean, datorren astelehenerako antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deialdia ere luzatu zuten. Babesgabetuen elizatik abiatuko da martxa, 19.00etan.