
Ateak Irekik lanean jarraitzeko asmoa du eta ez da geldirik geratuko Auzitegi Nazionalak agindutako itxieraren aurrean. Batzarra egin zuten atzo Iruñean eta gaur agerraldia egin dute Alde Zaharreko AEKren egoitzan, eragile politiko, sozial eta sindikalek lagunduta. Nola ez, Ateak Ireki posible egin duten herritarrak eta bere babesa adierazi nahi diotenak ere bertan izan dira.
«Ezin da onartu 3 orriko auto batekin Audientzia Nazionalak komunikabide bat ixteko aukera izatea», salatu hitza hartu duen Ateak Irekiko kide den Miguel Angel Llamas, ‘Pitu’-k.
Autoa irmoa ez den arren, ondorioak pairatzen ari direla salatu du, gaur egun telefonia enpresa guztiak webgunean sartzea oztopatzen baitute, «indefentsio» egoera bat eraginez.
Horrez gain, gogor arbuiatu du Llamasek autoak ez duela Ateak Irekiren aurkako akusazio zehatzik egiten, «soilik esaten da Herriraren parte garela». «Nola defenda dezakegu geure burua baldinatza hauetan? Zein herrialde demokratikotan gertatzen dira horrelakoak?», galdetu du.
Erasoa jaso duen komunikazio proiektuko kideen aburuz, argi geratu da PPren Gobernuak «Euskal Herrian ireki den aro politiko berriaren aurrean errepresioarekin erantzuten duela, besterik ez».
«Sozioekonomikoki garai konbultso hauetan, Ateak Ireki itxiz erakusten dute edozein ahots disidentea ezabatzeko borondatea dutela», azpimarratu dute.
Bide judizialetik ebazpenari eman diezaiokeen erantzunetik aparte, esfortzua bi norabideetan jarriko dute Ateak Irekiko kideek.
Alde batetik, «adierazpen askatasunaren aldeko erantzunik anitz eta zabalena» artikulatzea bilatuko dute. Horretarako, datozen egunotan manifestu «txiki baina kontundentea» jarriko dute martxan. Datorren larunbatean (19.00), Iruñeko Udaletxe plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak.
Bestetik, nabarmendu dute garrantzitsua dela «Nafarroako herri mugimenduak sarean ahotsa izatea, bereak adierazteko kanalak eta formak izatea».
Zentzu honetan, «jasotako elkartasun guztia datozen asteotan praktikan jartzeko» konfiantza agertu dute, «eta hori egin ahal izateko komunikazio proiektu berriak martxan jartzea». «Lan horretan gure laguntza osoa izango dute», hitza eman dute Ateak Irekiko kideek.

Peiremans+ taldeak zazpi kontzertu eskainiko ditu abenduan, aurreko diskotik hamar urtera

El exalcalde de Iruñea Enrique Maya denuncia haber sufrido una agresión en Alde Zaharra

El PNV apuesta por Mikel Hidalgo para sustituir a Aburto como candidato a la Alcaldía de Bilbo

PNV y PSE maniobran para modificar el nivel de protección de la Biosfera de Urdaibai


