@aimar_etxe
Zubieta

Errauskailua gelditzearen «garaipena» ospatu dute ehunka lagunek Zubietan

Jai giroan ospatu dute Zubietan errauskailua gelditzearen «garaipena» ehunka lagunek. Txaloak, irrintzia eta, batez ere, hitz bat guztien gainetik nabarmendu dutena: «zorionak». Prentsaurrekoaren ostean, mosaikoa egin dute «gelditu dut» esaldia irudikatuz eta datozen egunetan Zubietan bertan egingo den jaialdi baten berri emango dutela ere aurreratu dute.

Ehunka lagun bildu dira Zubietan errauskailua egingo ez dutela ospatzeko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Ehunka lagun bildu dira Zubietan errauskailua egingo ez dutela ospatzeko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ehunka lagun bildu dira gaur Zubietan errauskailuaren aurkako koordinadorak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek eta Gipuzkoa Zero Zaborrek eginiko deialdiari so eginez. Jai giroa izan da nagusi bertan, errauskailua gelditu izanaren «garaipena» izan baita guztiek nabarmendu nahi izan dutena.

Zubietar batek eta Ainhoa Arrospide GZZko kideak hartu dute hitza hedabideen aurrean eginiko agerraldian. Zorionak emanez hasi du bere hitzartzea Fernando Iturralde zubietarrak, errauskailurik ez dutela izango eta. «Ez dugu nahi eta ez dugu behar; ez Zubietan, ez Gipuzkoan», aldarrikatu du.

Memoria apur bat eginez, azken hamar urteak ekarri ditu gogora, zeinetan errauste plantaren «amezgaiztoa» bizi izan duten Gipuzkoako beste hainbat herrirekin batera: Urnieta, Irun, Hondarribia, Lezo, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Villabona, Zestoa... Alta, eurak «pribiliegiatu» batzuk izan zirela adierazi du, ironiaz, errauskailua Zubietan egitea erabaki zutela-eta. Hala ere, Gipuzkoako herritarren indarrari esker, «mamu» hori «betiko» uxatu dela azpimarratu du.

Ainhoa Arrospidek, bere aldetik, eragileen izenean hartu du hitza. «Garaipen» baten modura deskribatu du errauskailua egingo ez denaren albistea, batez ere azpiegituraren aurka jardun duten herritar eta mugimenduentzat. «Gipuzkoarren osasuna eta ingurumena mehatxatzen zuen munstroarenak egin du», aldarrikatu du.

Erabakia herri mugimenduak urte hauetan guztietan egin duen lanaren fruituaren emaitza izan dela nabarmendu du eta «gure osasunarekin jolasean ibili diren horiek» kalte-ordainen kopuruarekin herritarrak nahasten jarraitzen dutela salatu du.

Agerraldiaren ostean mosaiko bat egin dute, «Gelditu dut» esaldia irudikatuz. Era berean, datozen egunetan Zubietan bertan egingo duten jaialdi baten berri emango dutela aurreratu dute.